Ekimen ugari Mintzola lantegiaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 3a, 17:37

Mintzola ahozko lantegiak, ekimen ezberdinak aurkeztu ditu gaur goizean Subijana etxean. Batetik, Mintzola Fundazioaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia egin dute bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egiteko. Bestetik, aipatu Fundazioak eta Katedrak bigarren deialdia luzatu du, bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master-amaierako lanen hiru proiektu sustatzeko. Azkenik, uztailaren 1etik 3ra, 'emozioak eta umorea ahozkotasunean' lelopean Subijana etxean burutuko diren VI. Ahoa bete hots jardunaldiak aurkeztu dituzte:

 

Argazkiak

Mintzolaren helburuetako bat bertsolaritzaren ikerketan sakontzea dela adierazi du Zigor Etxaburua Foru Aldundiko euskara zuzendariak aurkezpenean, eta ikerketarako beharrezko dokumentuak eskura jartzeaz gain, informazioa ematea ere badela Mintzolaren ardura, unibertsitateak laguntzaile dituela. 2011-12 urteen artean ikerketa bultzatu zuen Bertsozale Elkarteak eta ikerlerro zerrenda zehaztuta, 2013an bertsolaritzari buruzko lehen doktore-lana jarri zen abian, Miren Artetxe burutzen ari dena. 2014 urtean, berriz, bertsolaritzari buruzko hiru ikerketa-lan abian jartzeko laguntzak eman zituzten: Bertsolaritza eta generoa, Bertsoa kolorez jantzi zenekoa  eta Emakume bertsolariek plazan izan duten bilakaera.

Bada, bideari jarraipena emanez, bi deialdi berri egin dituzte gaurkoan Subijana etxean. Bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egiteko batetik eta bertsolaritzari buruzko ikerketa-lanen eta master-amaierako lanen proiektuak sustatzeko beste hiru deialdi eginez. Isabel Elorza Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak, Mintzola Fundazioarekin elkarlanean aritzea zubi-lana egiteko "estrategikoa" dela adierazi eta doktore-tesirako eskariak egiteko epea 2015eko irailaren 11 arte luzatuko dela jakinarazi du. Hautatuaren nahiz ordezkoen zerrenda 2015eko irailaren 30ean aurkeztu ondoren, kontratua sinatu eta tesia egiten 2015eko azaroan hasiko da.

Ildo berean, Eukal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrako zuzendari eta idazlea den Juan Kruz Igerabidek, Mintzola eta Katedra elkarlanean ari diren hiru urteotako bidearekin oso pozik daudela adierazi du, doktorego-lanak baino txikiagoak diren ikerketa-lanak etorkizuneko ikertzaileak formatzeko bide egokitzat joz. Master-amaierako lanen edo ikerketa-lanen hiru deialdien berri eman du, bakoitzari 2000 euroko laguntza emango diotela aipatuz. Eskariak aurkezteko epea 2015eko irailaren 11 arte luzatuko da. Hautatuen eta ordezkoen zerrenda 2015eko irailaren 30ean jakinaraziko da eta urriaren 30ean egingo da beranduenik ordainketa. Lana aurkezteko epea, berriz, 2016ko irailaren 30ean amaituko da.

Informazio zehatzagoa: www.mintzola.eus / www.ehu.eus/laboakatedra.

 

VI. Ahoa bete hots jardunaldiak

Uztailaren 1etik 3ra luzatuko dira gaitzat ‘Emozioak eta umorea ahozkotasunean’ izango duten VI. Ahoa bete hots jardunaldiak. Nora Urbizu Villabonako Udaleko euskara eta kultur zinegotzi nahiz Mintzola patronatuko kideak, bost urte eta gero, ondo sustraitutako ekimena dela azaldu du. “Matrikulazioek gora egiten dute urtez urte eta parte hartzaileen balorazioa ere ona da. Pozgarria da, beraz, erantzun hori antolatzaileentzat”. Emozioak eta umorea ardatz izango dituen aurtengo jardunaldiak edonorentzat egokiak direla aipatu du: Irakasle, kantari, antzezle, ipuin-kontalari, aurkezle, guraso, begirale nahiz jendaurrean aritzen den edonorentzat.

Beñat Gaztelumendik Mintzola patronatuko kide eta bertsolariak, jardunaldietako saioen aurkezpena egin du:

 

Uztailak 1, asteazkena

08:30-09:00 Harrera. Agiri banaketa.

09:00-09:15 Sar hitza.

09:15-10:15 ‘Emozioen kontrola jendaurrean’, Amaia Vazquez psikologoaren eskutik.

10:15-11:15 ‘Ipuingintzaren emozioak’, Itziar Zubizarreta Bularretik Mintzora proiektuaren arduradun eta Galtzagorri ekarteko kidearen eskutik.

11:15-11:45 Atsedenaldia.

11:45-12:45 ‘Euskal Irria’ Asisko Urmeneta marrazkilariaren eskutik.

12:45-13:30 Marrizkirriatutako bertsoak: Bertsoa eta marrazki saio berezia. Marrazkilaria: Asisko Urmeneta. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga.

Aurkezleak: Kantuzale elkarteko Juan Luis Aranburu.

 

Uztailak 2, osteguna

09:00-10:00 ‘Bertsolaritza praktika emozional gisa’, Jone Miren Hernandez EHUko antropologia irakasle eta ikertzailearen eskutik.

10:00-11:30 Umorea eta bertsolari txapelketak: Lorea Arburua (Bardoak txapelketa), Imanol Epelde (Putzuzulo txapelketa), Oxan Altuna (Tabernetako txapelketa).

11:30-12:00 Atsedenaldia.

12:00-13:00 ‘Demodé quartet: kantagintza eta umorea uztartu dituen esperientzia’ hitzaldi kantatua, Joli Pascualena kantariaren eskutik.

Aurkezlea eta moderatzailea: Itziar Irigoien, Ahoa Bete Hotseko batzorde kidea.

 

Uztailak 3, ostirala

(Eroso jantzita etortzea gomendatzen da)

09:00-11:00 Clown tailerra: Umorea eragiteko ariketak, Iosu Florentino clown-aren eskutik.

11:00-11:30 Atsedenaldia.

11:30-13:30 ‘Nola landu emozioak antzerkian’ tailerra, Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariaren eskutik.

13.30-13:45 Amaiera. Ziurtagirien banaketa.

Aurkezlea: Eñaut Gantxegi, EHAZE elkartea.

 

Aurkezpenarekin amaitzeko, EHAZEko kide eta antzezle Eñaut Gantxegik, jardunaldietan “teoriatik praktikara pasako direla” zehaztu du. Emozio ezberdinak zabaldu eta askatuko dituztela: barrea, lotsa, auzo-lotsa… “Denetarik egotea espero dugu eta ondo pasatzea”.

 

Noiz eta non: Uztailak 1, 2 eta 3. Mintzolan: Amasa-Villabonako Subijana etxean (Kale Nagusia 70).

Matrikulazio prezioa: Matrikula arrunta 70 euro. Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin kontalari edo Bertsozale Elkarteko bazkideak 50 euro. Aiztondo Mankomunitateko herrietako biztanleak 50 euro. Ikasle, langabetu eta erretiratuak 50 euro.

Izen-ematea: www.mintzola.eus / 943 693 870. Ekainaren 4tik 22ra.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!