Zubimusu ikastolako festa izan zen larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko eka. 2a, 16:59

Joan zen larunbatean ikasturte amaierako festa egin zuen Zubimusu ikastolak, egun osoko egitaraua burutuz. Goizean ikasleek emanaldiak eskaini zituzten eta kalez kale ibili zen Kantujiraren txanda etorri zen gero. 600 lagun pasatxo bildu zen Txermingo ikastolaren azpian egin zen bazkarira eta musika nahiz tailer ezberdinak izan ziren arratsaldean. Zubimusuko kideek ondorengo argazki sorta eta eskertza oharra igorri dute:

Argazkiak

Eskerrik asko Zubimusutarroi

Larunbateko jaiak utzi zizkigun irudi eta oroitzapenak burutik kendu ezinik gabiltza. Emozionatuta eta oso pozik heldu diogu astelehenari.

Zubimusu garela eta Zubimusu sentitzen dugula erakutsi genuen larunbatean.

Dena ezinhobeto atera zen zuei esker. Zein baino zein hobeto portatu zineten, eta nola ez, lanean ibilitako boluntario guztiak. Inork ez zion muzinik egin lanari. Eta lana bazegoen. Goiztiarrenak paelleroak izan ziren 07:30erako sartu baitziren su artera Txapeldun tabernako Jorge Costa chef zutela. Ondorengo guztiek ere ez zuten lan makala egin! Merezi izan zuen ahaleginak. Paella gozoa eta konpainia primerakoa.

Eta egunak askorako eman zuen. Ezin ahaztu 4. DBHko ikasleen ikuskizuna eta ikasle zein irakasleei emandako sorpresak. Irriak eta malkoak izan ziren protagonista. Hango omenaldi, kantu, jolas, bertso...

Eskerrik asko benetan den-denoi eta bereziki:

Ikastolako Guraso Elkarteari, guraso, aiton-amona, ikasle eta irakasleei.

Herriko elkarteei: Behar-Zana, Zunbeltz eta Irrintzi.

Udaletxeei: Villabona, Zizurkil eta Asteasu.

Ikastolei: Tolosako Laskorain, Anoetako Herri Ikastola, Donostiako Santo Tomas lizeoa.

Eta Askora enpresari.

Aho zapore ona utzi digu Ikastolako Jaiak eta espero dugu zuei ere baietz. Gozatu zenutelakoan, hurrengoaren zain!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!