Joan zen larunbatean El Salvador eta Aiztondo bailararen arteko urteroko Senidetze eguna burutu zen, aurtengoan Amasa-Villabonan. El Salvadorretik eskualdera gerturatu ziren ordezkariek eskerrak eman zituzten dagoeneko 20 urtez jasotzen duten babes eta diru-laguntzagatik eta diru horri esker, hezkuntza sustatu nahiz ur edangarria eskuratu dutela jakinarazi zuten, besteak beste. Senidetze egunaren baitan hainbat ekimen egin zen Villabonan egun osoan zehar: Harrera instituzionala Villabonako udaletxean, harrera herrikoia Berdura plazan... Tartean, argazkian ageri den martxa internazionalista, erraldoi, buruhandi eta ipotxek lagunduta. Pintxo solidario eta barrikoteaz gain, txarangarekin alaitutako bazkaria ere egin zuten.