Poxta Zaharreko gazteek festetako ostiralari indarra eman nahi diote. Horregatik, gauean antolatu ohi duten afariarekin batera, lehiaketa berritzaile bat egingo dute: traga lehiaketa. Andrea Legarra eta Itsasne Urruzola kideek azaldu dutenez, koadrila bakoitzeko arduradun bat aukeratuko da eta ahal duen guztia jango du.
“Koadrila bakoitzak afarirako prestatu duenetik zati bat lehiaketarako gordeko da”, adierazi du Itsasnek. Horrela, janaria bildu ostean, parte hartzaileek denbora jakin batean ahal duten gehiena jan beharko dute. “Ostiralean jende gutxi etortzen denez, zerbait ezberdina egin nahi genuen”, dio Andreak. Honela, lehiaketa “deigarri” honekin jende gehiago animatzea eta ostiraleko parte hartzea handitzea espero dute.
Dena den, afari hori baino lehen, aurtengo beste berrikuntzetako bat egingo dute arratsaldean zehar. Izan ere, Pausoka elkartearekin batera, egokitutako futbol maratoia antolatu dute, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz. Begiak estalirik eta zintzarridun baloi batekin jokatuko dute futbolean.
Larunbatari dagokionez, inoiz ez bezala, poteoa gurpil gainean hasiko dute: “bizikletan, patinetan… edozein gurpilen gainean etorri daitezke”. Jende asko gerturatuko dela uste dute; izan ere, larunbateko bazkaria arrakastatsua izan ohi da. Horren ostean, izango da zer egina ere: “Eguraldi onarekin elektrotxarangak giroa asko alaitzen du eta, gainera, jolas kooperatiboak egingo ditugu. Tabernaz taberna mugituko gara eta tarteka, jolasak egingo ditugu animatzen direnentzat”.
Azkenik, datorren asteburuan, ekainaren 6an, paella lehiaketa izango da San Juan plazan. Talde bakoitzak paella prestatu eta, ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Bi asteburutara luzatzen den egitarau oparoa prestatu dute Poxta Zaharreko gazteek eta festak iritsiko zain daude orain. “Animatu daitezela herritarrak eta atera daitezela kalera. Parte hartu dezatela ekintzetan, egiten dugun guztia herriari giroa emateko baita”, animatu dute.