Nolatan antolatu duzue muralaren margoketa?
Almudena Salas: Duela urtebete Super H elkartearekin lanean hasi ginen, gaixotasun arraro eta onkologikoen ikerkuntzan laguntzeko. Elkartea ezagutzera eramateko, Super H-ren mural handi bat egitea otu zitzaigun, beste hainbat ekintzen artean.
Lasarte-Orian antzeko ekintza bat egin zuten eta izugarri gustatu zitzaigunez, Urnietan bertan gauzatzea erabaki genuen. Hasiera batean Sanmieletan egitea pentsatu genuen, baina azkenean, festa hauetan egitera animatu gara.
Muralean, Super H-ren izena eta marrazkia ipiniko dituzue. Taldea ezagutzera ematea da zuen helburu nagusia?
A.S: Elkarte gisa hainbat helburu dauzkagu. Horietako bat gu ezagutaraztea eta jendeak guk egiten dugun lanaren berri izatea da. Margotuko dugun muralarekin, herriko haurrak protagonista bihurtu nahi ditugu; izan ere, beraiek margotuko dute. Gainera, oso irudi polita dela ere aipatu behar da.
Haurrei zuzenduta egon arren, nor gerturatuko zaizuela uste duzue?
A.S: Hasiera batean, haurrek disfrutatzeko helburuarekin sortutako murala da. Hala ere, haurrez gain helduak ere gonbidatuta daude.
Murala txukun geratu dadin, nola margotuko duzue?
A.S: Oinarria eginda daukagu. Lehengo astean, oinarri gisa erabiliko den urdin koloreko pinturarekin margotu genuen pareta. Larunbat honetan, berriz, bertan margotu beharreko marrazkia markatu genuen proiektorearen laguntzarekin.
Lan asko egin genuen, 23:00etan hasi eta goizaldeko 03:00ak arte aritu baikinen. Primeran pasa genuen. Gazte festetan, murala margotzerakoan, marrazki ofiziala jarriko dugu erreferentzia modura, margotu nahi duenak zein kolore erabili behar duen jakiteko.
Super H jartzeaz gain, irudiak mendiak, erromako zubia…. Eta abar ditu. Zein mezu zabaltzen du irudi honek?
A.S: Muralean agertzen diren irudiak Super H-rekin daude erlazionatuta. Marrazki alai bat egin nahi izan dugu, superbotereen energiaz beterikoa. Hortik datoz kolore alaiak eta espazioari egindako erreferentziak.
Horrez gain, Super H-n badago sekula falta ezin daitekeen irudi bat eta hori izarra da, gogor borrokatu zuten baina jada gure artean ez dauden super heroi txikien oroigarri gisa.
Hemendik aurrera urnietarrak parke horretatik pasatzean, murala ikusiko dute. Gaitz larria edo onkologikoa duten haurrengan pentsatuko dutela uste duzu?
A.S: Beti egongo da gehiago edo gutxiago kontzientziatuta egongo den jendea, baina elkarte gisa gure lanetako bat honakoa da: instituzioek eta jendeak edozein gaixotasunen inguruan ikerkuntzak duen garrantzia ulertzea eta honek dakartzan onurez jabetzea; are gehiago gaixoak haurrak direnean.