Eskerrik asko!
Zizurkildar estimatua,
Idatzi honen bidez, Zizurkilgo EH Bilduko kideok eskerrak eman nahi dizkizuegu joan den igandeko hauteskundeetan emandako babesagatik. Datozen lau urteetarako indarrak eman dizkiguzue.
EH Bilduk lortutako emaitzak historikoak izan dira, herritarrak Udala aukeratzen hasi zirenetik ezkerreko abertzaleek lortutako bigarren emaitza onenak dira igandekoak. Duela lau urteko emaitza ezin hobeetara (aldaketarako gogoak bultzatutako emaitza zen hura) hurbildu ginen, 736 boto lortuta. Era berean ordea, jabetzen gara EAJk bikoiztu egin duela boto kopurua, bereziki abstentziotik eta PPtik botoak jasota. Emaitzen irakurketa lasaiagoa egingo dugu baina ez izan zalantzarik kontuan hartuko ditugula guri emandako botoak bezala, besteei emandakoak ere.
Ikusten dugu lau urteotan egindako lana baloratu duzuela zizurkildar gehienek, beraz ondo egindakoetan sakontzen saiatuko gara eta asmatu ez dugun puntuetan hobetzea izango dugu helburu.
Oposizioko kideei elkarlanerako deia egiten diegu. Nahi badute, batzordeetan, Udalean eta eguneroko lanean topatuko gaituzte, horiek baitira EH Bilduko kideon ezaugarri. Lanerako gogoz badaude, izango dugu elkarlanerako aukera.
Herritarrekin hauteskunde osteko balorazio bat egiteko asmoz, EH Bilduk batzarra egingo du datorren ekainaren 11an, ostegunean, Atxulondo Kultur Etxean, 19:30ean. Gonbidatuta zaudete.