Andoni Alvarezek omenaldia jasoko du, ostegun honetan Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 28a, 11:51

Ekaineko protagonista nagusiak izango dira biak. Andoni Alvarezek Kirol merezimendua jasoko du ekainaren 4an; Ainhoa Aiertzak, berriz, San Juan jaietako pregoia egingo du. Izendapenak ez ezik, herrigintzak berarekin dituen tristurak, alaitasunak, satisfazioak... izan dituzte hizpide Aiurrirekin izandako solasaldian.

Nola hartu duzue izendapena?
Andoni Alvarez: Poza handiarekin! Batez ere, lau kirol eragile ezberdinek proposatu zutelako nire izena, nork bere arrazoiak emanez. Gainera, esan didatenez, kontsentsua nagusi izan zen kirol eragile eta politikoen artean. Normala da pozik egotea guzti hori kontutan hartuta.

Ainhoa Aiertza: Zeharo ezustean harrapatu nau pregoiarenak. Ikusten denez, jende askok baloratzen eta eskertzen du nik egiten dudana, eta horrek hunkituta utzi nau. Merezia dudan ala ez, ez nago seguru, baina badakit ohorea dela eta ardura ematen didala hautaketak.

Herritarren zorionak jasoko zenituzten...
Andoni: Izugarria da egunotakoa: mugikorra deiez eta mezuz josi zait, eta kalean jende pila geratzen ari zait zorionak eman nahian, baita inondik ere espero ez nuen jendea!

Ainhoa: Andoniren pare, niri ere jende ugari gerturatu zait bere poza agertzeko. Emozionatuta nago pixka bat denagatik, eta ez dakit nola erantzungo dudan pregoian. Mikrofonoa hartzera ohituta nagoela esaten didate; bale, baina ez protagonista izatera!

Elkar ezagutzen zarete, zertan zabiltzaten... Definitu ezazue parean daukazuen hori.
Andoni: Bi modutara deskribatuko dut Ainhoa. Buruntza auzoko jaiak berak mantendu ditu bizirik aspaldiko urtetan. Egundoko meritua dauka horrek, eta behar den tamainan baloratzen ez duguna, auzoaren ikuspegitik bezainbat Andoaingo herritik. Izan ere, auzoetatik ere herria egiten laguntzen da; ez dugu ahaztu behar hori. Andoaindarrok gehiago edo gutxiago gozatuko dugu jai horiekin, baina ezin diogu garrantzia kendu.
Bestalde, ekitaldien aurkezle bezala ere ezagutzen dut bere lana. Pilota mundutik hots egin diogun bakoitzean erabateko borondatea erakutsi digu; ez hori bakarrik, etxeko lanak eginda etorri zaigu beti; halako pilotarien biografiak ikasita, zer esan behar duen, noiz...

Ainhoa: Andoainen pilota aipatu, eta Andoniren izena etortzen zaigu guztioi. Pilota eskola Gipuzkoa eta Euskal Herri osoan erreferentzia bilakatu da, zer egin behar den ikasteko. Andoniri esker, zati handi batean. Pilota eskolarekin kolaboratzea egokitu zaidanetan, bi alderdik eragin izan didate arreta: pilotari gazteak kirolerako prestatzeaz gain baloreetan hezi egiten direla; hori batetik, eta bestetik, zeinen ondo daukaten antolatua taldea, eta zeinen giro jatorrean egiten duten guztia.


Urte mordoa daramazue herrigintzan. Nola dira zuen indarrak egun?
Andoni: Horretan pentsatzeko ere ez duzu tarterik hartzen, horren sartuta zabiltza eguneroko arduren zurrunbiloan! Atzera begira jarriz gero, ohartzen naiz 17 urte daramatzadala eskolako arduradun gisa. Fermin Altunaren erreleboa 16 urte nituela hartu nuen; pilotari gazteen gurasoek lagunduko zidatela adierazi zidaten, baina neuk hartzekotan ardura. Pentsa, 16 urteko gaztetxo batek zenbat traba topa ditzakeen bidean adinez ez delako nagusia: hasi federaziotik, bankuarekin jarraituz... Bakardadea askotan sentitu dut urte horietan, eta gogorra da hori. Baina laguntza ere jaso dut, guraso askorena, Oier Mendizabalena eta beste batzuena. Urtetan presioa sentitu izan dut "hik uzten badek, akabo pilota Andoainen" adierazten zidatelako. Gaur egun, ordea, ez dut bizi kezka hori. Mateo, Jon, Igor, Manex... balio askoko pertsonak ari dira lanean elkartean, eta poza ematen du ikustea azpiegitura sendoa edukitzera iritsi dela elkartea. Zorionez, inoiz baino osasuntsuago da Gazteleku elkartea, eta berarekin pilota Andoainen.
Pertsonalki nola nagoen? Badakit orduak eta orduak eskaintzen jarraitu beharko dudala eskolan, baina gaur egun laguntzen taldea izanda, gauzak errazagoak dira.

Ainhoa: Indarrez, ni erdizka nabil. Buruntzako jai batzordean zera gertatu da azken urtetan, kide gehienak Andoaindik urrun joan direla bizitzera eta ia bakarrik geratu naizela antolaketarako orduan. Egia esan, une txarrak eta bakartasuna sentitu izan dut maiz. Uda guztia joaten zait zeregin horrekin, eta berehala, lasaitua hartu orduko, lantokira joan behar! 30 urte daramatzat oporrik gabe. Ardura uzteko mehatxua luzatu izan dut, baina auzoa jairik gabe geratuko dela erantzuten didate auzotarrek. Gonbitea luzatu nahi nieke auzotarrei, bereziki gazteei, jaien antolakuntzan murgildu daitezen.
Kutsu tradizionala dute Buruntzako jaiek; auzotar jakin batzuentzat gehienbat, eta partaidetza jaisten ari da urtetik urtera. Arrakasta handia daukan mendi lasterketa da nire poza azken urteetan.
Aurkezlearen zereginetan, berriz, gogoz jarduten dut handik edo hemendik hots egiten didaten aldiro.

30 urtetan oporrik ez duela gozatu dio Ainhoak. Zuk Andoni?
Andoni: Ni ez naiz horraino iristen! Baina abuztua kenduz gero, ez daukat libre astebururik. Gertatu izan zait koadrilako despedida batera joan ezina, pilota partidengatik. Adiskideei ezin zaie buruan  kabitu: “Ume batzuen partiduagatik ez hator gurekin?”. Joango nintzateke haiekin gustura asko, baina burua frontoian edukiko nuke. Lagunekin ez ezik familiarekin ere, antzeko gertatu ohi zait: honezkero, badakite bazkarietara berandu iritsiko naizela eta aurrena altxako naizela mahaitik.  
Oporren kontura, bi pasadizo kontatuko nituzke, telefonoarekin lotuta. Urte batean, estaldurarik ez zuen leku batera uda pasa abiatu aurretik, Oier Mendizabali eman nion nire telefonoa. Itzuli nintzenean, ernegatuta topatu nuen: “ez eman berriro telefonoa. Aurreneko egunerako nazkatu nintzen, jo eta jo!”. Beste urte batean, Eskudero anaiei utzi nien eta haiek ere ohartarazi zidaten: “Hi, azken aldia uzten digukela telefonoa!”.
Asteburu batean andoaindarrek igual 45 partida joka dezakete. Hortaz, astean zehar Euskal Herri osoko 45 bikote aurkarien 90 familiekin harremanetan jarri beharra dago.   

Zenbaiti zaila egingo zaie zuen konpromiso maila?
Andoni: Kosta egiten zaie sinestea, eta ez da izaten lan samurra azaltzea gure nortasunaren parte dela, parte garrantzitsua. Pertsona aberatsak sentitzen garela horrela jokatuz, ez duela zerikusirik diru irabaziekin. “Hik zer irabazten dek pilotatik?” galdera entzun behar izaten dut oraindik, baina tira!

Ainhoa: Niri ere galdetu izan didate behin baino gehiagotan, ea Udalaren soldatapean nabilen. Noski, ez da horrela.

Zuei entzunda, gazte batek nekez helduko dio herrigintzari...
Ainhoa: Ez gara masokak! Eman bai, baina jaso ere egiten dugu. Niri gertatu izan zait proposamena jasotzea halako edo holako ekimenak aurkez dezadan. Murgildu izan nahiz egitasmo horietan, eta denborarekin, lagun handiak egin, lagun minak! Esaterako, nik piano jaialdian, haur jaialdian, eta antzeko ekitaldietan egin ditudan lagunak, adiskide handitzat hartzen ditut. Ez dago dirurik hori ordaindu dezakeenik!
Neurtu ezineko aberastasuna da hori, altxorra giza harremanetan. Horrela ulertzen dugu bizimodua, eta seguru nago, nire kasuan behintzat, satisfazio pertsonal horrenik gabe, txiroagoa litzatekeela nire existentzia.   

Andoni: Antzeko gogoeta egingo nuke nik ere. 17 urte hauetan, igual mila gazte pasa dira nire eskuetatik; beren heziketa eta garapenean parte hartzeko pribilegioa eduki dut. Esaterako, badira zazpi urterekin hartutakoak eta orain eskolako talde eragileko kide direnak, Jon Eskudero kasurako. Guztiak-guztiak hartzen ditut laguntzat; guztiek egiten didate diosala kalean, eta iruditzen zait oroitzapen on-onak gordeta dauzkatela pilota eskolan egindako bizialdiarekin. Jendearengan arrasto gozoa utzi izanaren satisfazio hori baino gauza ederragorik eduki al dezake pertsona batek?

Onurak aipatzen dituzue, baina egia ere bada, jendeak gero eta gutxiago hartu nahi dituela konpromisoak herrigintzan…
Andoni: Gazteak ez daudela prest esaten dugu maiz. Nik 16 urterekin hartu nuen nire gain erantzukizuna, eman zidatenean. Gaur egun, baina, nekez utziko genioke adin horretako gazteari halako ardura. Hausnarketa egin beharko genuke, zer nolako gizartean bizi garen…
Gizartean mentalitateak, ohiturak, joerak… asko ari dira aldatzen, eta egia da jendeari gero eta gehiago kostatzen zaiola baietz esatea borondatezko lanei. Lehen Ainhoak eta biok sakrifizioarekin lortzen diren satisfazio pertsonalak aipatu ditugu, asetzen zaituztenak erabat. Baina gizartean, askorentzat aberasgarritasuna ez da neurtzen parametro horietan, bestean baizik, alegia, ikuspegi merkantilistatik: “zenbat irabaziko dut honetatik?”. Gainera, irabazi azkarraren obsesioa dago; lantxo edo kolaborazio bat egin, eta berehala nahi da saria, bestela alferrikakoa omen da egindako hori.
Buruan baldin badaukazu argazkietan ateratzea edo baten bat etorriko zaizula halako postua eskainiz, jai daukazu!

Ainhoa: Gazte jendea dena eginda ematera ohitu dugu. Gustuko duten ekimen, ekitaldi edo delako horretan parte hartuko dute, baina ez dut uste jabetzen direnik atzean zenbateko ahalegina egin den, aurretik zer egin behar izan den berak gozatua hartu ahal izateko. Egia da denok ere erosotasunean erortzen bagara eta inork ez badu ardurarik hartzen, basamortuan biziko dela gizarte bat. Udaleko agintari eta teknikariez gain, herritarrek aktibatu behar dugu herria. Antolatzaile, parte hartzaile, ikusle bezala ez badugu geure aletxoa jartzen, hila dagoen herri batean biziko gara.
Dena dela, ez genuke horren ilun marraztu behar egoera. Andoainen jende ugari dago lan egiteko prest dagoena. Kontua da ez dutela pausoa ematen, ez dutelako asegarri egingo zaien elkarte edo dinamikarik topatu edo eta ez daukatelako denborarik. Asmatzeko daukaguna da nolako formulak erabili horiei erraztasunak jartzeko, bidea errazteko…
   
Azken urtetan, ez al daukazue inpresioa Andoainen ekimen kolektiboak indartzen hasi direla…
Ainhoa: Baietz esango nuke. Kulturgintzan, musikagintzan, euskalgintzan… antzematen da elkartzeko eta herriari proposamen politak, erakargarriak, modernoak egiteko joera ari dela zabaltzen. Izan ere, iraganean, penagarria izan da zein gutxi begiratzen genion elkarri, zein interes eskasa jartzen genuen bizilagun horrek zer egiten zuen jakiteko. Esate batera, auzoetako jai batzordeak bat eginda gabiltza azken aldian; zergatik ez gara bilduko bada, kezka, asmo, helburu… berberak izanik? Oso aberasgarria egiten ari zaigu orain arteko bizipena, egia esanda, eta eredugarria izan daiteke alde horretatik.

Andoni: Egia da Ainhoak dioena, baina bide luzea geratzen da oraindik. Bestalde, errealitatearen ikuspegi osoa ematen digun gainbegiratu hori falta zaigu askotan. Ez dakit oso kontziente garen herrigintza, konparazio batera, Triana elkarteak ere egiten duela…      
Nor bere munduan segitzen dugu. Eta ez litzateke gaizki egongo urtean zehar geldialditxo bat egin, foroa edo antzeko zeozer antolatu, eseri eta elkarri begira jarriko bagina. Bakoitzak dituen gogoetak, kezkak, ametsak, ekimenak… partekatzeko. Herrian batean edo bestean mugitzen diren 200-300 boluntario horien topaketa izango litzateke. Zein ederra izango litzatekeen guztiok guztiokin komunikatuta egotea, sare kolektibo hori sortzea, nork bestearen berri edukitzea, eta azken batean, guztiok ere herria osatzen dugun kontzientzia edukitzea! Demagun herrien arteko eskuzko txapelketa egokitzen dela gaur Arraten, eta mezua zabaltzen dela: “aitzazue, gaur Andoain ordezkatzen duten pilotariak halako herrikoen aurka dira, eta zatozte! Jar dezagun lepo Arrate!”.  Halako mentalitate edo kontzientzia kolektiboarekin jokatuz gero, ez litzateke gertatuko, esaterako, 400. urteurreneko bertso afari erakargarria antolatu, eta 50 pertsona baino ez azaltzea.  
Gehiago esango dut. Norberekeri edo aparteko munduan bizitzeko daukagun joera makur hori, urtean zehar Andoainen osatzen den ekitaldien agendan islatzen da. Begiraiogun musikaren arloari, urrutira gabe. Zenbat alditan ez ote den gertatu, Bastero eta gaztetxean, egun eta ordu berean kontzertuak programatu direla. Lehen esan dudan komunikazio hori falta da.

Aldi berean, andoaindartasunaren sentimendua inoiz ez bezala zabaltzen ari dela esango zenukete?
Ainhoa: Bai, hala da. Lehen aipatu ditugun ekimen kolektiboak edo eta 400. urteurreneko ospakizunak lagungarri izaten ari dira horretan. Beti eduki ditugu motiboak harro izateko andoaindartasunagatik, baina are gehiago gaur egun. Nik behintzat ideia hori defendatzen dut ahal dudan tokitan. Zenbat alditan ez ote dudan eduki eztabaida zine eta bideo eskolako ikasleekin, kanpokoak direnekin! Andoain itsusia dela, aldapaz josia, hila dagoela... Nik erantzuten diet akaso ez duela kostaldeko herrien edertasuna edukiko, baina badituela beste enkantuak. Eta gainera, aldarrikatzen diet ikaragarria dela herriko mugimendu eta elkarteen dinamismoa. Izan ere, iraganean ez bezala, Andoainen ikasten ari gara egiten duguna kanpotarrei saltzeko orduan, eta horri esker, erakargarria bilakatu da gure
herria inguruko herrientzat, zenbait kultur esparruetan behintzat. Hori horrela dela ziurta dezaket piano jaialdiarekin eta haurren euskal jaialdiarekin, barrutik ezagutzen ditudalako.   

Andoni: Erabat konforme Ainhoak dioenarekin. Nik ez dakit Sanjuanak ote diren egokienak andoaindar sentitzearena neurtzeko. Baina susmoa daukat jendea herrian geratzen ari dela geroz eta gehiago azken urtetan, nahiz eta tentagarriak izan hamar kilometrora dauzkazun Euskal Herriko Sanjuanik famatuenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!