Mikel Pagola: “Agintaldi berrian oposizioa inplikatu nahi dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 28a, 11:49

Bigarren agintaldiari ekingo dio ekainaren 13an Mikel Pagolak, lehendik zuena baino babes handiagoarekin.

Emaitza ikusgarria lortu duzue Urnietan, aurreikuspen guztiak gaindituz. Zein sentsazio duzu orain?
Mikel Pagola.
Oso pozik gaude emaitzarekin eta herritarrek emandako erantzunarekin, baina era berean erantzukizun handia sentitzen dugu. Lanak ondo edo oso ondo egin behar ditugu. Ez da erronka erraza, gehiengo osoa kudeatzen asmatu behar dugu.

Errazagoa izango denik ezingo duzu ukatu, ezta? Egitasmo zehatzak bildu dituzue hautes programan.
M.P.
Garbi dugu herriaren aldeko egitasmoekin aurrera egin behar dugula, baina bidea ez dugu bakarrik egingo. Azken lau urteetan bezala, elkarlana sustatu behar da. Agintaldi berrian ordezkaritza lortu duten beste bi alderdiekin harreman berdinari eutsi nahi diogu. Alegia, udalgintzan inplikatu nahi ditugu. Euren proposamenak entzungo ditugu, proposamen horiek ere aurrera eraman ahal izateko.
Aritmetikak aukera zabalagoa ematen digu, noski, baina ez dugu bakarrik aritzeko arriskuan erori behar. Bizikidetzan, errespetuan eta kontsentsuan sakonduz jarraitu behar dugu, bai ala bai.

Zein zaila den aurreikuspenak egitea. Kanpaina hasieran “borroka latza” iragarri zenuen eta emaitzek oso bestelako panorama agertu dute.
M.P.
Botu-emaile guztiak ez dira aktibatu. EAJk gazteen botoa erakartzeko zailtasunak izan ditu betidanik, ez dugu alor horretan asmatzen. Inpresioa dut igandean gazteen botoa ez zela aktibatu. Eta hori bera, ez aktibatzea, aukera bat da.
Egunean zehar emaitza onak izango genituela aurreikusten hasi nintzen, baina inondik inora ez nuen uste hain emaitza ona izango genuenik.

Aulki Zuriak alderdiak 166 boto. Haserretuen botoa, neurri batean.
M.P.
Abisu bat da gu guztiontzat. Eta zinegotzia lortzear izan dira. Bere garaian esan nuen, ez du balio harria bota eta ezkutatzea. Jendea politikan sartu eta gauzak aldarazten saiatu behar da.
Horren harira, Batzar Nagusietako emaitzak ikusita, beste korronte politikoen datuak aipagarriak dira. Hori ere interpretatzen asmatu beharko dugu, ikusi beharko da zergatik erakusten duten Udalarekiko urruntasun hori.

Hauteskundeetan hautagaia garrantzitsua izaten da. Emaitzak ikusita, zuk zeuk erakargarritasun handia duzula ondoriozta daiteke.
M.P.
Garrantzitsua da hautagaia, baina hautes-zerrenda ere oso garrantzitsua da. Ez dut nire burua baloratuko, ez dagokit niri hori egitea. Baina esan dezaket zerrendaren osaketarekin asmatu dugula. Esango nuke horrek gainerako alderdiekiko abantailatxoa eman digula.

Zeintzu izango dira hartuko dituzuen lehen neurriak?
M.P.
Dekalogo bat aurkeztu genuen, eta horietako batek hirigintza eta parte hartzea uztartzen ditu. Prozesu bat abiatuko dugu, parte hartzailea, Udalak duen lau milioiko gerakina zertan inbertitu denon artean erabakitzeko. Inbertsio estrategikoak dira, eta herritarrei lehentasunak zehaztea eskatuko diegu: Kiroldegiaren eraberritzea, igogailuak, parke estaliak, aparkaleku berriak.
Udala eratuko da ekainaren 13an, eta uztailean lansailak. Prozesua nahiko azkar abiaraziko dugu. Proiektu estrategikoak 2016an garatzen hasiko dira, 2015ean ordea herritarrek erabakiko dute zein proiektu lehenetsi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!