Garaipen ikusgarria EAJrena, eta EH Bilduk aldiz boto galera. Zein analisi egiten duzu?
Mikel Izagirre. Guretzat emaitzak txarrak dira, ondokoena alde batera utzita. Igoera espero genuen, eta ez boto galera. Autokritika egin beharko dugu. Herritarren atxikimendua galdu dugu, eztabaidaezina da hori.
EAJ zoriondu beharra dago, garaipen argia lortu dute. Batzar Nagusietan milatik gora lortzea, eta Udalekoan ehunka batzuk gehiago lortzea... Urnietan atxikimendu handia duten seinale da hori.
Herritarrek EAJren kudeaketa saritu dute. Nire ustean oposizioko alderdiek kudeaketa on horretan jokabide eraikitzailea izan dute. Emaitzak ikusita, ordea, kudeaketa on horren saria jeltzaleek bereganatu dutela dirudi.
PSE-EEren jaitsiera guk aurreikusten genuen. Gipuzkoan orokorrean jaitsiera izan dute, Donostia salbu.
EH Bilduk zein paper jokatuko dugu orain?
M.I. Oposizioko lana egin. Gehiengo osoa du EAJk, euren programa garatuko dute baina guk herritarren nahiak udaletxera eramango ditugu eta han proposamenak egin. Ezin dugu harrokeriz jokatu jaso dugun emaitzekin. Lau urteetan lan iluna egin beharko dugu. Eragiteko aukera gutxi izatean, itzalean bezala geratzen zara. Horrek ez du esan nahi eskasagoa izango denik. Kontrol lana egingo dugu, garrantzitsua da horrela jokatzea.
Zertan huts egin duzue?
M.I. Huts egin dugula argi dago. Herritarren babesa galdu eta hutsik egin ez dugula adieraztea harrokeria hutsa da. Baina horrez gain, Gipuzkoan EH Bildu 2011n agintean jarri zenetik presio ikaragarria izan da hasieratik. Ehun eguneko tartea ere ez zieten eman indar faktikoek: ekonomikoak, mediatikoak eta politikoak.
EH Bilduren moduak autoritarioak direla ikusarazi nahi izan dute. Nik uste ez dela horrela, baina gizarteak hori interpretatu du.
Aulki Zuriak boto protesta gisa jaso duzue?
M.I. Zalantzarik gabe. Betiko 30 boto zuri balira, baina 200 boto dira. Horrek zerbait esan nahi du. Boto paper hori hartu eta bozkatzera joan denak bi interpretazio ditu: Edo politikarekiko urruntasuna, edota egiten denarekin desadostasuna.
Zein izpiriturekin ekingo diozue agintaldi berriari?
M.I. Eraikitzailea izango da gure jokabidea. Oposizio hutsa egitea ulertezina da. Azken agintaldian, zailtasunak zailtasun, eraikitzaile izateari garrantzia eman dio EH Bilduk. Kudeaketa publikoan eraikitzaileak izango gara.