EH Bilduren adierazpena Udal eta Foru Hauteskundeen emaitzen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 26a, 16:35

Amasa Villabonako EH BILDUk prentsa-oharra kaleratu du igandean burutu ziren Udal eta Foru Hauteskundeen emaitzen aurrean:

1.-Datu kuantitatiboen azterketa soil bat eginda, Amasa- Villabonako EH Bilduk ez ditu inolaz ere espero zituen emaitzak lortu. Esan behar da, ordea, oraindik EH BILDUk Amasa Villabonan ukaezinezko erreferentzia politikoa izaten jarraitzen duela; EAJk bezala, 6 zinegotzi lortuta.

2.-Uneotan EH BILDUren baitan, lortutako emaitzen arrazoiak sakonki aztertzeko prozesu bat abiatuko dugu, gure oinarri sozialarekin batera. Amaitzear den legealdian, buru-belarri aritu gara lanean; gauza batzuetan asmatu dugu, eta beste batzuetan dirudienez ez. Guk oso kontuan hartuko dugu herritarren ekarpen hori.

3.-EAJ puntu bakarreko programarekin aurkeztu zen eta nabarmena da, hondakinen bilketaren aferan, EAJk herritarren aktibazio bat lortu duela. Hondakinen kudeaketak, herritarren iritzian duen pisua ezin da ukatu. Ohar hartzen dugu elementu horrekin. Horren aurrean, EAJko hautagai taldea zoriontzea dagokigu, herritarrek eman dieten babesagatik.

4.-Orain eta gure oinarri sozialaren iritziei kasu eginda, prozesu autokritiko bat abiatuko dugu, etorkizuna marrazteko erabakigarria izango dena; oker egin ditugun elementuak aztertuz.

5.-Herritarrek argi hitz egin zuten igandean, eta guk adi entzun diegu. Hobetu beharreko puntuak oinarri hartuta, gure programaren baitan, oraingoan, oposiziotik gure proiektua lantzen jarraituko dugu. 1129 arrazoi ditugu herri hau ezkerretik eraikitzen jarraitzeko.

6.-Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euren babesa adierazi diguten herritarrei, eta lau urte hauetan euren ilusio guztia gure proiektuan jarri duten ordezkariei ere. Lantalde nekaezin honek indarrez betetzen gaitu datozen erronkei aurre egiteko.

7.-Orain, beste lau urte ditugu herrigintzan jarraitzeko, oraingoan oposiziotik. EH BILDUk oposizio eraikitzailea, zorrotza eta herritarren mesedetan oinarritua egingo du, lan talde sendo bat daukagu horretarako. Uneoro akordiorako eskuak zabalik izango ditugu.

Gure bidea ez da hemen hasi eta bukatzen, gure bide orria epe luzerakoa da eta independentzia du helmuga, bide horretan, oraingo geldialdiak eta hausnarketak bide emango digu etorkizunean ere, indarrez, bestelako Euskal Herria eta Amasa-Villabona baten alde lanean jarraitzeko.

Amasa-Villabonako EH Bildu

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!