Udaberria eta maiatza
Txomin Garmendia
1- Martxoaren ondoren
dator apirilla,
izadi dana dabil
edertasun billa.
Maiatza berriz degu
Amabirjin illa;
guztion onerako
gertatu dedilla.
2- Txori guztiak kantuz
egun sentirako,
kukuak’e gogorik
ez du lotarako.
Nekazaria gertu
dago lanerako;
lasaitasun bat izan
dezan negurako.
3- Zugaitzak ostatuta
loratu diranak,
neguan bidez il da
gelditu ziranak.
Naturaren jatorriz
eta bere lanak;
mirari oiek dituzte
udaberri danak.
4- Otsgarbi baldin bada,
goizeroko intza,
izadiak Jaungoiko
onarentzat aintza.
Landare ta loreak
ortik dute zaintza;
naturak gure gaiñez
dauka nagusitza.
5- Zeru-lurran ibilli
eta ondorenak,
ikusitzen ditugu
munduan gaudenak.
animali ta beste
gauza askorenak;
Jaungoikoa badala
esaten dutenak.
6- Katekista-guraso
askoren jarduna,
Lenen Jauna Artzea
zorion eguna.
Maiatza da ainbat poz
ematen diguna;
gure elizak zeu
biurtzen dituna.
7- Elizatik erten da
jatetxe batean,
sendi dana bazkaltzen
alai ta pakean.
Lenen Jauna artua
dutela tartean;
zerua ez da izango
oso paratean.
8- Ainbeste gauz berezi
baditu maiatzak,
batez ere belardiz
sortzen diran zizak.
Au ere ondo daki
biltzaille bakoitzak:
kutixiak osatzen
dituzten emaitzak.
9- Artzaiak’e maiatzez
baditu milla poz,
mendira dijoala
ardi eta bildots.
Artaldea salbo da
gaillurrera igoz;
ixiltasuna autsiz
ainbat txintxarri ots.
10- Erleak pozik dabiltz
loretik-lorera,
Erregin baten mende,
aren esanera.
Gu oriek bezela
makurtzen al gera?
Izakitan zintzona
ez dal degu bera?
11- Larrean mende dira
soro-belardiak,
aurki sasiak artu
lezazke erdiak.
Irabazia luke
gaur’e basarriak;
prezio on bat balute
esne-aragiak.
12- Alde aundia dago
lengotik gaurkora,
nunbait alperrik ez da
joaten denbora.
Aldaketak aunditzen
joan leizke gerora;
maiatza beti eder
emen izango da.