EH Bildu: "Prest gaude gobernatzen jarraitzeko eta duela lau urte hasitako aldaketa prozesuarekin jarraitzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 25a, 14:56

"Garaipen hau guztiona da! Zorionak Andoain!", adierazi du EH Bilduk ohar batean. Hauteskundeen balorazioan zera gaineratu dute: "Andoaingo EAJ-PNVri zentzuz jokatzea eskatu nahi diogu; inork ez luke ulertuko Andoainen, PSE-EE eta EAJ-PNVren arteko akordiorik, are gutxiago abertzale sentipena dutenen artean".

Oharra bere osotasunean:

ZORIONAK ANDOAIN!

Partaidetza eta demokrazioaren espresiorik zintzoena bizi izan genuen atzokoan. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu lau urte hauetan alboan izan ditugun herritarrei eta lagunei, kanpainan zehar lagundu digutenei, ahaldun gisa jardun direnei eta, nola ez, Andoaingo aldaketa definitiboaren norabidean euren babesa eta konfidantza eskaini diguten ehunka herritarrei. Garaipen hau guztiona da! Zorionak Andoain!

Andoaindarrek hitz egin dute, eta datozen lau urteetarako irudikatzen duten herria aukeratu dute. Partaidetza duela lau urteko hauteskundeak baino txikiagoa izanda ere, eta lau urte hauek oso gogorrak izan direla aintzat hartuta, lehen indarra izateari eutsi dio Andoaingo EH Bilduk. Zalantzarik gabe, oso pozteko berria dugu hori.

Bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaigu gure proiektutik horren urruti dagoen PP alderdia udal ordezkaritzatik kanpo geratu izana, eta, Irabazi eta Ganemos bezalako indarrak, gure proiektutik gertuago aurkitu daitezkeenak, ordezkaritza lortu izana. Azken hauen ekarpena funtsezkoa deritzogu Andoaingo etorkizuna andoaindarron artean eraikitzen jarraitzeko.

EH Bildu prest dago gobernatzen jarraitzeko eta duela lau urte hasitako aldaketa prozesuarekin jarraitzeko. Lau urteetan sufritu dugun blokeo egoera altxatzeko garaia da. Zentzu horretan, azken orduetan entzuten ari garen Udala gobernatzeko PSE-EEren saiakeren harira zera adierazi nahi dugu: PSE-EE jeitsiera izan duen alderdia dugu, Andoaingo Udalaren egoera ekonomikoa zulora eraman zuena eta 1999an Euskal Herritarrok lehen indarra izan zenetik, demokratikoki egin diren hauteskunde guztiak galdu dituena. Beraz, Andoaingo EAJ-PNVri zentzuz jokatzea eskatu nahi diogu; inork ez luke ulertuko Andoainen, PSE-EE eta EAJ-PNVren arteko akordiorik, are gutxiago abertzale sentipena dutenen artean.


Andoainek hitzarmenak aurrera egiteko behar ditu, ez atzera egiteko. Maider Lainez, gaztea izanik ere, iragana ordezkatzen du: kudeaketa iluna eta txarra egin dute, krispazioa eta gezurra erabili dute, kanpainan ikusi dugun bezala.


Esan bezala, EH Bilduko kideok gobernatzeko prest gaude, eta, talde guztiekin hitz egingo dugu aukera hau normaltasunez garatu dadin eta kanpainan esan dugun bezala, andoaindar guztiak garaile izan daitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!