Etxeko ura sustatzen ari dira eskualdeko hainbat jatetxetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 14:33

Joan zen apirilean, Tolosaldeko Mankomunitateak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean, ‘Etxeko ura’ kanpaina jarri zuten abian Tolosaldean eskualdeko uraren erabilera bultzatu asmoz.

Ekimenaren arduradun Maitane Alvarezek adierazi duenez, ekimen honek helburu hirukoitza du: “Gipuzkoako uraren kalitatea bistaratzea batetik, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitu eta plastikoaren erabilera murriztea bestetik eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea azkenik”. Kanpainaren harira, beirazko 1000 ur pitxar berrerabilgarri banatzeko asmoa dute eskualdeko taberna eta jatetxeetan eta dagoeneko erdiak banatu dituzte. Baina Maitanek argi du euren asmoa ez dela ahalik eta pitxar gehien banatzea, iturriko ura edateko ohitura herritarren artean zabaltzea baizik. Izan ere, “taberna batzuetan bezeroei lotsa ematen die baso bat ur eskatzeak, baina etxean bezalaxe, tabernan ere iturriko ura edateko eskubidea dugu. Ostalariekin ere gaia lantzen ari gara eta haiek ez dute iturriko ura emateko oztoporik jarriko”, azaldu du.

Ohitura normalizatu
Ostalarien artean ekimenak, oro har, oso harrera positiboa izan duela nabarmendu du Maiatanek. Baina ostalari guztiek ekimenarekin bat ez egitea erabaki dutela ere adierazi du, “guztiak ez baitira saiakera egiteko prest azaldu”. Maitanek, bere aldetik, argi utzi nahi du kanpaina ez dela botileratutako uraren kontra sortu, “Europako beste lurralde batzuetan hain normalizatuta dagoen iturriko ura edateko ohitura Euskal Herrian ere naturaltasunez bizitzea lortu nahiko genuke, baina inoren aurka egin gabe”.
Taberna edo jatetxeetan iturriko ura lasaitasun osoz eskatzeko deia egin du, beraz, ekimenaren arduradunak, “tabernaren batera sartzerakoan, atarian kanpainako ikurra den ur tanta ikusitakoan are eta lasaiago eska dezatela iturriko ura, inolako beldurrik gabe”. Hasi berria da ekimena oraindik: hilabete darama abian. Arduradunek sei hilabetera balorazioa egiteko asmoa dute bezeroen erantzuna jakin nahian eta, era berean, establezimendu gehiagotara jotzeko nahia ere erakutsi dute, pixkanaka haiekin harremanetan jarraituz.
Momentuz behintzat bide onean abiatu da ekimena.

Gakoa, herritarren sentsibilizazioa
Tolosaldeko Mankomunitateak, kanpaina honen bidez beste bultzada bat eman nahi izan dio eskualdean egiten ari diren lanketari. Herritarren sentsibilizazioa hondakinen kudeaketa egoki bateranzko bidean gakoa dela uste dute, eta arrandegietako tupper kanpainak bezala, ur pitxarren kanpaina honek ere lagunduko duelakoan daude. Tolosaldea mailan Abaltzizketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil herriek egin dute bat kanpainarekin eta herri horietako  Udalek eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzen ari diren eskualdeko establezimenduei. Era berean, herritarrak eta bertako familiak taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera animatu nahi dituzte, bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko, norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoak direlako.

Angel Egiño   
Xaldu taberna. Amasa-Villabona
Pintxoak, ogitartekoak eta asteburuko menuak eskaintzen dituzte.

Zer moduz abiatu da kanpaina? Bezeroak ari al dira etxeko ura eskatzeko ohitura hartzen?
Ekimenak oraindik ez du erantzun handirik izan bezeroen artean. Normalean jendea afaltzera etortzen denean botilako ura eskatzen du. Lehen ere bai, baina kanpainako txarroak ekarri ditugunetik, gehiago eskaintzen dugu guk etxeko ura. Batzuei lotsa ematen die tabernan iturriko ura eskatzeak, bertan irabaziren bat utzi beharko dutela pentsatuta. ‘Etxeko ura’ kanpainaren berri guk azaltzeaz gain, txarroak bistan ditugu eta baita kanpainako txartel informatiboa ere. Nahi duenak, beraz, badaki.

Zein iritzi duzu ekimenaren inguruan?
Ekimen interesgarria iruditzen zait. Plastiko gutxiago sortzeko baliagarria da eta gainera, etxeko ura ona denez, aprobetxatu egin behar da. Guk aurrera jarraituko dugu kanpainarekin, bezeroei aurrerantzean ere etxeko ura eskainiz.

Nagore Lago  
Irrintzi taberna. Andoain
Astegunetan gosari, hamaiketako, bazkari, ogitarteko nahiz pintxoak eskaitzen dituzte.  Ostiral eta larunbatetan afariak ere bai.

Zer moduz abiatu da kanpaina? Bezeroak ari al dira etxeko ura eskatzeko ohitura hartzen?

Urtetan botilako ura edan eta gero, oro har, hasieran kosta egin zitzaien bezeroei iturriko ura edaten hastea; baina pixkanaka, ohitzen ari dira. Hori bai, gutxi batzuek pitxarreko ura edan nahi ez dutela eta botilakoa eskatzen digute oraindik ere. Guk bakoitzari nahi duena ateratzen diogu.
Hasieran zortzi pitxar eskatu genituen eta beste sei eskatu behar izan ditugu gerora: ez da seinale txarra, beraz.

Zein iritzi duzu ekimenaren inguruan?
Tabernan nahiz etxean iturriko ura edaten dut batez ere. Gipuzkoan ur ona dugu eta ur hori edatearen aldekoa naiz. Gainera, garestia da botileratutakoa erostea. Beraz, kanpainaren aldekoa naiz, nahiz eta langile bezala, botilakoa zerbitzatzea baino lan handiagoa ematen digun: botilak bete, garbitu eta kontu handiz banatu (erraz puskatzen baitira). Alde txar bakarra ikusten diot: pitxarrak garestiak direla. Doakoak beharko lukete.

Yuqueri Pedreira eta Eneko Arizeta 
Larraulgo ostatua. Larraul
Pintxo, ogitarteko, plater konbinatu nahiz karta eskaintzen dituzte.

Zer moduz abiatu da kanpaina? Bezeroak ari al dira etxeko ura eskatzeko ohitura hartzen?
Arazorik gabe doa aurrera kanpaina Larraulgo ostatuan. Mahaira jana ateratzen dugun bakoitzean aukeran jartzen dugu pitxarreko edo botilako uraren aukera. Bezeroei ekimenaren helburuak azaltzen dizkiegu eta jendeak oso ondo hartu du. Orain artean behintzat, inork ez du aurpegi txarrik jarri. Eskaintza egin ondoren, inork ez du botilako ura eskatu.

Zein iritzi duzu ekimenaren inguruan?
Oso ekimen positiboa da, hondakin gutxiago sortzen baitugu orain. Iturriko ura edangarria ez ezik ona ere bada eta bezeroentzako eskaintza gustagarria da. Gainera, pitxarrak oso politak dira eta plastikozko botilek baino gehiago janzten dute mahaia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!