Alex Rodriguesen liburuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 14:22

Historia de una pluma sin tinta liburua aurkeztu zuen Alex Rodrigues urnietarrak joan den asteartean, Lekaion. Lagun eta herrikide ugari bildu zen ekitaldira, eta amaieran ilera luzea sortu zuten; izan ere, egilearen eskaintza eta autografoa daraman liburu alearekin etxera joan nahi izan baitzuten askok.


Crowdfunding sistema erabili du Rodriguesek liburuaren argitalpena finantzatzeko, eta 10 eurotan jarri du salgai. Fikziozko kontakizun laburrak bildu ditu liburuan eta idazleak eguneroko kontu txikien inguruan irakurlea gogoetara bideratu nahi izan du. Liburua autolaguntzaren estilora hurbiltzen dela adierazi zuen, nahiz eta fikzioa eta irudimena erabili: "Eguneroko bizitzan sortzen zaizkigun arazotxoak (beldurrak, zalantzak...) objetiboki planteatzen dira istorioetan; eta aldi berean, horietan eman daitezkeen irtenbideak azaltzen zaizkio irakurleari".
Musika eta kirol arlotan ibiltzeagatik ezagutzen duten urnietar askok, eta harritu egin dira bere idazle senarekin. Honek adierazi zuenez, ordea, zenbait urte daramatza burura datorkiona paperera eramaten. Idaztea ariketa terapeutikoa egiten zaiola aitortu zuen, eta irakurlearentzat ere halaxe gertatzen nahiko lukeela adierazi zuen. Alexek oso maiz idazten du, etxeko bakardadean, eta bere blogean: todocomienzaenti.blogspot.com.es.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!