Andoaingo kaleei bizitasuna emateaz gain, zuzeneko salmentari garrantzia ematea da ekimen honen helburua; horregatik, loreak kalera atera eta herritarrengana gerturatuko dira saltzaileak. Andoaingo Udalak, Behemendik eta Dekolorek antolatu dute azokaren lehenengo edizio hau.
Andoaingo Miguel Mari Oiartzabal eta Olasagasti loradenda azokan izango dira. Dena den, bertakoez gain, kanpotik ere saltzaile ugari batuko zaizkie. Guztira zortzi postu jarriko dituzte eta orotariko loreak izango dituzte salgai: garaikoak, aromatikoak, apaingarriak, sendabelarrak, haziak… Oreretako Viveros Landarbaso, Oiartzungo Zunoyar lorategia, eta Aritzkurengo Tienduka izango dira partaideak, besteak beste.
Azoka honetan bertan, haurrei zuzendutako tailerra eskainiko dute 12:00etatik 13:00etara Bastero eraikinaren aurrealdean. Landareen mundura gerturatzeko, loreak nola landatu erakutsiko diete eta etxera eramateko aukera izango dute landatutakoa zaintzen jarraitzeko.