Andoaingo hiru hautagai nagusien arteko debatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 14:05

Astelehen iluntzean Aiurri astekariak Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan alkate izateko aukera gehien duten hiru hautagaiak bildu zituen, elkarren arteko debaterako. Ana Carrere EH Bilduko hautagaia, Maider Lainez PSE-EEko hautagaia eta Marijose Izagirre EAJ-PNVko hautagaia 120 ikusleren aurrean eseri ziren, Jon Ander Ubeda kazetariak ipinitako galderei erantzuteko prest.

Bideoak:   Azken hitza  |  Akordio politikoak aztergai
Kronika:

Lezioa ondo ikasita iritsi ziren hiru hautagaiak, bakoitzak bere argudioak eskaintzeko aukera ondo baliatu baitzuen. Kanpaina hasteko egun gutxi falta zirenean, hiru alderdien oniritziarekin adostu zen debatea egitea eta baita debateko aztergaiak ere. Aiurrik herritarren aurrean ipini nahi zituen alkategaiak, eurek euren hitzarekin Andoain herriaz eta politikaz hitz egin zezaten. Euskaraz, ezin bestela. Hiru minutuko txandatan Udalaren egoera ekonomiko txarra, akordio falta udalgintzan, azpiegitura sarea, elkarbizitza eta hondakinen kudeaketari buruzko galderak egin zitzaizkien. Horietako hiru gaietan, gainera, hiru hautagaiek elkarren arteko eztabaida aberasteko helburuarekin erreplikarako aukera izan zuten. Oro har, hautagai bakoitzak argudioak azaltzeko aldez aurretik ezarritako denbora tarteak errespetatu zituen.

“Zuen hautagaitza defenda ezazue. Zure aldekoak ez direnak ere konbentzitzeko aukera balia ezazue. Zergatik izan behar duzu alkate?”. Ikusleen galderei txanda ireki aurretik, hautagai bakoitzak azken hitza emateko aukera izan zuen.

Parte hartzearen sustapenarekin batera “gardentasuna da gure eredua”, adierazi zuen Ana Carrerek. Politika egiteko eredu berria aldarrikatu zuen.
“Zuen izenean inork erabaki ez dezan, Andoain zeu zara”. Azken txanda horretan horixe izan zen Maider Lainez sozialistaren aipamenetako bat.
“Herri bat ezin da estankatuta geratu, eta bira emateko prest nago”. Marijose Izagirrek azken txanpan bota zuen argudietakoa da.
Azken hitza atal horren bideoa bere osotasunean aiurri.com gunean ikus daiteke.

Galde-erreguetan bi joera nabarmendu ziren. Batetik, galdera hutsaz haratago hausnarketarako aukera baliatu zuten herritarrena. Tartean modu txarrean egindako parte hartze bat izan zen, tokiz kanpo egon zena.
Bestetik, alderdien arteko akordio faltaz eta adostasun ezaz gazi-gozo agertu ziren herritarrena.

Hautagaiei galdera egiteko herritar askok altxa zuten eskua, baina dagoeneko gaua zen eta ekitaldia bukatu beharra zegoen. Bertaratu zen jende kopurua ikusita, eta herritarren artetik parte hartzeko gogo hori ikusita, etorkizun hurbilean Andoainen antzeko solasaldi gehiago egiteko aukera serio aztertu beharko litzateke.

Aiurri astekaritik esker beroenak debatera hurbildu ziren herritarrei, eta baita hiru hautagaiei ere. Igande honetan Udal hauteskundeak izango dira. Hiru hautagai horien artetik aterako da agintaldi berrirako alkatea.

 

Bi ikusleren analisia debatea amaitu eta berehala

GURUTZ LETAMENDI
"Inpresio ona eman dit batez ere mahai baten inguruan esertzeko kapaz izan direlako, eta errespetuz hizketan aritu direlako. Interesgarria izan da ekitaldia; bi ordu pasa eta gero hori da esan dezakedana alde batetik. Baina beste aldetik, ikusi dut hemen bakoitzak berea kontatzen duela, bakoitzak berea defendatzen duela eta elkarrekin gauzak egiteko borondate gutxi erakusten dutela. Hori izan da ikusleek jaso dugun sentsazioa, nire irudipenerako.
Horrelakoetan ateratzen den ondorioa da euskaldunok batzeko premia handia daukagula, eta guztion artean, guztien mesederako izango den bideari ekiteko. Harrigarria da euskaldunon herria horren aberatsa izanik, zein gaitasun eskasa daukagun batzeko interes kolektiboaren alde".

JON IRAOLA
"Pixka bat penatuta jarraitu dut debatea, eta entzuleei hitz egiteko aukera eman zaigunean metaforak erabili nahi izan ditut sentimendu etsigarri hori adierazteko. Batetik, hiru hautagaiei aditzera eman diet pilota partida batean bezala aritu direla; elkarri begiratu ere egin gabe, peloteoan beti, ez dejadarik txokora, ez zabalera, ez errematerik... Norbere aldetik jo du, bestearengana hurbiltzeko saiakerarik egin gabe.
Andoaingo gizarteak bezainbateko premia daukate elkarbizitzarako. Andoaingo goiko eta beheko parteetan bizitzeko aukera eduki dut, eta jendearen komentarioetan, jarreretan... sumatu ahal izan dut herriak oraindik bitan zatituta bezala jarraitzen duela, Zumea eta Goikoplaza Euskal Herria eta Espainiaren puntu neuralgikoak balira bezala. Herri honetan, zubiek, bi puntu elkartzeaz gainera, herritarren artean dagoen urruntasun areagotzeko balio izaten dute. Ikusi besterik ez Juanita Alkain plazatik Oriaz bestaldera doanak zer lortu duen...
Elkarbizitza ekintza txikiekin lortu behar dela iruditzen zait. Axeri dantzaren kasua jarri diet eredutzat hautagaiei: iraganean, dantzaren ondorengo festa Santa Krutz edo Irunberri elkarteetan antolatzen zen, baina erabaki zen beste elkarteetara eramatea urtez urte, alegia Andoaingo sentsibilitate ezberdinak ordezkatzen dituzten giza taldeetara zabaltzea jai giroa. Filosofia bereko adibide txikiren bat jartzeko eskatu diet hautagaiei, baina ez zait iruditu erantzuten jakin dutenik".
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!