Mikel Pagola, EAJ-PNVko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 13:59

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Mikel Pagola:
“Jarraituko dugu”, azken urteetan egindako politika guztiak egiten jarraitu nahi dugulako. Beraz, hori izango da gehien erabiliko dugun eslogana.

Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
M.P:
Ez da erraza bat aukeratzea, baina aurtengo legealdian egin gabe utzi ditugun inbertsio handietako bat aipatuko nuke: kiroldegiaren eraberritzea. Bigarrengo bat aipatzekotan, irisgarritasuna bermatzeko eta herriko altuera ezberdinak batzeko balioko duen igogailua.  

Enplegua, industria, zerbitzuak… Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al du agintaldi berrian?
M.P:
Lehendabizi agentzia sortuko dugu sei herriren artean. Beharrezkoa da, herriok bakarrik zerbitzu askori ezin diegulako aurre egin. Horregatik, elkarrekin funtzionatu behar dugu seiak elkartzen gaituen proiektu amankomun batean. Hori da gure erronka nagusia.

Hezkuntzarekin lotutako eraikin berri hori ikusiko dugu datozen lau urteetan?
M.P:
Baietz esango nuke. Eusko Jaurlaritzak bere inbertsio planetan 2018rako Egaperen DBHko zentroa aipatzea lortu dugu legealdi honetan. Udalak bere aldetik hainbat lan egin beharko du, eta amaituta ez badaude ere, obrak hasita egongo dira legealdiaren barruan.

Gizarte Zerbitzuen alorra garrantzia handikoa da. Hori agerikoa izanik, Udaleko zein beste atalak kezkatzen zaitu gehien?
M.P:
Ez nuke bat nabarmenduko, guztiak baizik. Udalean funtzionatzeko modu berri bat garatu dugu, programa askok sail bati soilik eragin ordez, guztiei eragiten dietela ikusi dugulako. Horrela, departamentuek elkarrekin lan egiteko ohitura hartu dute eta guztien arteko koordinazioa hobetzea eta herritarrei zerbitzu egokiagoa ematea azpimarratuko nituzke.

Adostasun politiko handia nabarmendu da Urnietan. Nola banatzen dituzu meritu horiek?
M.P:
Meritua guztiona da. Gobernu taldean geudenoi, plenoko ordezkaritza ikusita, akordio eta adostasun horien bila joatea egokitu zaigu. Guk egindako planteamenduen aurrean erantzun baikorra jaso dugu oposizioan zeuden alderdien aldetik. Guztiok herriaren alde lan egin dugu; beraz, meritua, guztiona da: proposatzaile eta proposamenak onartu dituztenena.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
M.P:
Errespetatu egin beharko nuke herritar batek hori pentsatzea, baina topiko bezala ikusten dut. Udaletxean hiru alderdi ezberdinetako ordezkariak egon gara eta akordio asko lortu ditugu bakoitzak bere ideiak garbi edukita. Beraz, guztiok zaku berean sartzea ezezagutza politiko baten islada izango litzateke.  

Nor zara? Nola definitiko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik baduzu?
M.P:
Mikel Pagola Urnietako pertsona oso arrunta da; familia arrunta osatu duena eta Urnietan jaio eta bizitzeagatik, herrian oso gustura sentitzen dena. Urnietaren alde lan egiteko langile konprometitua naiz, baina udaletxeko lan hauek amaitzen direnean aurreko lanera ere oso gustura itzuliko naiz. Oso burugogorra eta tematia naiz, eta gauza bat buruan sartzen zaidanean, hori egiten saiatzen naiz. Bestalde, aurreko urteetan udaletxean zegoen klima deserosoa amaitzen ahalegintzeaz harro nago.

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
M.P:
Udaletxean lanean gauden politikari eta teknikari guztioi herriaren alde egiteko lerro berean jartzea eta bide hori markatzea.

Zenbateraino eragingo dizu botereak ekar dezakeen desgasteak?  
M.P:
Lau urte soilik egon gara agintean, beraz, ez dakit horrek zenbaterainoko nekea suposatuko duen. Era berean, lau urteetan erakutsi dugu zertarako ari garen lanean, zer egiteko gai garen eta herritarrak ditugula ardatz. Horrek sinesgarritasuna ematen digu.

Bosgarren edukiontziarekin aurreikusitakoa baina gutxiago birziklatu da. Zein ikasgai atera daiteke esperientzia honetatik hurrengo legealdian gehiago birziklatzeko?
M.P:
Ez dugu korrika egin behar. Europan birziklapen tasa altuenak lortu dituzten herrietan, 30 urteko kultura luze baten ondorioz lortu dute emaitza horietara iristea. Guk bi urteko ibilbidea dugu eta dagoeneko %45 inguruan gabiltz.
Gure helburua gehiagora iristea da, %60-65 ingurura. Horretarako, neurriak hartu beharko dira eta prest gaude. Dena den, ez dakit guztiak komenigarriak izango diren ala ez: birziklatzen ez dutenei zigortzea, edukiontzien irekiera kontrolatzea…
Hau lasterketa bat dela garbi dugu, baina ez da 100 metroko lasterketa. Iraupen luzeko lasterketa da eta gauza bakoitzari bere denbora eman behar zaio.

Aulki zuriak alderdia Urnietan bakarrik aurkeztu da Gipuzkoa osoan. Zinegotzi postua lortuz gero, hutsik utziko dutela diote. Zein da zure iritzia?
M.P:
Errespetatu egin behar da, talde bakoitzak bere ideologia eta programa dituelako. Hala ere, alderdi politiko honetako kideek zinegotzi kargua ez hartzea erabakitzen badute, galdetuko nieke sistemaren aurka badaude, ez ote den egokiagoa sistema aldatzen saiatzea protesta egitea baino.

Zergatik eman behar zaizu zuri botoa?
M.P:
Galdera hori erantzutea ez zait asko gustatzen. Botoa ez dut niretzat eskatzen, EAJk aurkezten duen hautagai taldearentzat baizik. Talde gaztea gara eta guztiok helburu bera dugu: Urnieta maite dugu eta herriaren alde lan egiteko prest gaude. Hautagaitza osatzeko, datozen lau urteetan egon daitezkeen erronka nagusiak hartu ditugu kontuan, eta horiei erantzuteko perfil egokiak aukeratu ditugu. Batzuk ez dira afiliatuak, independienteak ere baditugu; baina guztiok gogo handiz gaudenez, talde sendoa osatzen dugu herriaren alde lan egiteko.

MOTZEAN

Pertsonaia historikoa:
LURDES IRIONDO ETA XABIER LETA.
Herrigintzan lan egin zutelako, herriaren alde lan egiteko gogoa erakutsi zigutelako, eta hori delako guk egin behar duguna. Lurdes da urnietarra, baina biek binomio bat osatzen zuten.

Urnietako txoko bat:
san juan plaza.
Lehen ermitaren aurrealdeagatik egiten nuen apustu, baina urte hauetan plazak izandako aldaketekin, gero eta politagoa iruditzen zait.

Festen artean bat aukeratu:
SANMIELAK.
Orain arte gehien bizitzea egokitu zaizkidalako.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
UKE ETA BOSKO ANITZ.
Guztiei eskerrak ematea dagokit lehenbizi. Mugitzen duen jendearengatik eta duen oihartzunarengatik, nabarmenena UKE izango litzateke. Bestalde, isilean herriko gazteekin lan handia egiten duen taldea da Bosko Anitz aisialdi taldea.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
XABIER YURRAMENDI.
Berarekin izandako harremanarengatik eta lan ordu ugarirengatik nabarmenduko nuke.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!