Ixiar Martiarena, EH Bilduko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 13:57

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Ixiar Martiarena.
Parte hartzearen hutsunea nabaritu dugu legealdian zehar; horregatik, hori izango da gehien nabarmenduko dugun ideia. Ez da bat-batean egiten den gauza inprobisatua, lanketa handia eskatzen baitu metodologia aldetik. Beraz, erronka hor dagoela iruditzen zait.

Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
I.M:
Ikastolaren eraikin berria beharrezkoa da gazteek ikasketak hemen jarraitzeko. Hori izango da proiektu potoloenetakoa.

Enplegua, industria, zerbitzuak… Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al du agintaldi berrian?
I.M:
Behar-beharrezkoa da, zenbait gauza eskualde mailan lantzea errazagoa delako. Herri batek beti dauka besteak ez duen zerbait: turismo aldetik, industria aldetik… Horrelako gauzak eskualde mailan egin behar dira, herri bakoitzak bere aldetik egitea oso zaila delako.
Legegintzaldi hasieran beharrezkoa zela adostu genuenez, Mikel Pagola zen eskualde mailako bileretara joateko arduraduna. Hala ere, tartean egondako jokoren baten ondorioz, zintzilik geratu da eta bileretara joateari utzi dio. Nolanahi ere, legealdi honetan egingo dela uste dut.  

Hezkuntzarekin lotutako eraikin berri hori ikusiko dugu datozen lau urteetan?
I.M:
Arazoa betikoa da: dirua. Euskal gobernuak eta delegazioak dirua jarri beharko dute, eta inguru hori berritzeko lanketa ere egin beharko da. Agian ez da lau urte hauetan egingo, baina bidea egiten hasiko gara behintzat.  

Gizarte zerbitzuen alorra garrantzia handikoa da. Hori agerikoa izanik, Udaleko zein beste atalak kezkatzen zaitu gehien?
I.M:
Lan egiteko moduak kezkatzen nau. Urnietan elkarte asko daude lanean eta Udalak ateak ireki eta babestu beharrean, mugak eta trabak jarri dizkie askotan. Horregatik, haserrea nabaritu dudanez, hori aldatzea nahiko nuke.

Adostasun politiko handia nabarmendu da Urnietan. Nola banatzen dituzu meritu horiek?
I.M:
Udaletxean sartutakoan, politikaz gutxi genekien. Ez genuen trabak jartzera joan nahi, ondorioz, ez gara zuzenean proposamenei aurka egitera joan. Hala ere, zenbait kontutan kexatu eta haserretu gara, beraiek proposatutakoak ez dituztelako aurrera eraman. Izan ere, akordio batzutara iritsi arren, ez ziren aurrera eramaten. Gainera, azken hilabeteetan proiektuak dituztela dirudi.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
I.M:
Horrelakoetan ezer gutxi. Zerbait aldatu nahi bada, pertsonek aldatzen dutela argi daukat. Denok jarri behar dugu lanean; beraz, ez naiz inori zer pentsatu behar duen esatera joango. Bakoitzak bere esperientziak ditu eta horren baitan jokatzen du; baina zerbait aldatu nahi badu, lanean hasteko esango nioke.

Nor zara? Nola definitiko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik baduzu?
I.M:
Kaleko pertsona arrunta naiz. Lotsatia naiz, eta zaila egiten zait ezezagunekin jardutea. Edonola ere, entzuten dakidala uste dut, baina izaera gogorrekoa naizenez, haserretzen naizenetan ez naiz isilik geratzen.
Orain arte ez ditut alderdi politikoak begi onez ikusi, erabat itxita zeudelako. Gainera, alderdiaren arabera epaitzen dela uste nuen eta guztiz aurka egon naiz. Orain, ordea, garai bateko egoerak eta ilegalizazioek bultzatuta EH Bildun amaitu dut. Gustura nago, oso jende ezberdina elkartu garelako eta gai izan garelako gure eztabaidak aberasgarriak izatea lortzeko.

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
I.M:
Olatu batean sartu ginen udaletxera eta ez genuen espero bost zinegotzi lortzerik. Nire misioa kontrolatzea edota inork trapukeririk egin ez zezan ziurtatzea izan da; oposizio bezala, kontrol hori eman behar genuela uste baikenuen. Proposamen asko egin dugu; batzuetan kasu egin digute, eta beste batzuetan ez. Dena den, lau urte hauetan zehar asko ikasi dugu. Ideia batzuekin sartu nintzen udaletxera, baina ustekabeak ere hartu ditut; eztabaida gogorrak izaten zirela uste nuen, baina dirudienez, hau ez da horretarako tokia.

Zerrendako lehenengo bi petsonak beteranoak zarete. EH Bilduko hautes-zerrendetan bakarrenetakoa da kasu hori. Gazteagoa dena ez erakartzeko argumentu bat izan daitekeela iruditzen al zaizu?
I.M:
Lau urte hauen ostean, jende gehiago sartuko zela eta gure lana eginda utziko genuela uste nuen. Hala ere, zailtasunak izan ditugu taldea osatzeko. Batzarrak eta programa egin ostean, zerrendarako hautagaien proposamenak egiteko ordua iritsi zen. Gazteei beldurra ematen die mundu honetan hasteak eta beti izaten dute aitzakiaren bat zerrendan egoteari ezetz esateko. Ulertzekoa da beraien jarrera, baina gure ustez, horiek egin behar dute aurrerako bidea. Azkenean, gure artean animatuz eta hainbat gazteren indarra eta ikuspegi berriaz baliatuz, talde polita osatu dugula uste dut.

Bosgarren edukiontziarekin aurreikusitakoa baina gutxiago birziklatu da. Zein ikasgai atera daiteke esperientzia honetatik hurrengo legealdian gehiago birziklatzeko?
I.M:
Bazter guztietan birziklapena gizarteko behar bezala ikusi ordez, politikoki zaborra botatzeko erabili da. Inork ez du zergen beharra zalantzan jartzen, bestela ezingo genukeelako funtzionatu. Zaborrarena, ordea, zalantzan jartzen da. Urnietan gerra hori haustea lortu genuen. Erraustegien aurkako Arnasa mugimenduaren bidez, errausketarik ez genuela ikusi genuen. Hala, eztabaida horretatik kanpo geratzea lortu genuen.
Bosgarren adukiontzia proposatu zuten, baina guk helburu batzuk jarri genituen mahai gainean. Honela, %65 birziklatzera iristea adostu genuen. Zifra horretara iritsi nahi dugula argi daukagu; beraz, horretarako neurriak hartu beharko ditugu.

Aulki zuriak alderdia Urnietan bakarrik aurkeztu da Gipuzkoa osoan. Zinegotzi postua lortuz gero, hutsik utziko dutela diote. Zein da zure iritzia?
I.M:
Ez dakit zeintzuk diren eta zuri bozkatzeak ez dakit zentzurik baduen: benetan horrela ikusten dutelako edo azpijokoren bat dutelako. Zalantzan dagoen jendea edo bozkatzen ez duen jendea beti egon ohi da, baina proposamenik gabeko ekimen hauei susmo txarra hartzen diet.

MOTZEAN

Pertsonaia historikoa:
LURDES IRIONDO.
Ezinbesteko erreferentzia da herri mailan, besteak beste, antzerkigintzan eta haurrekin.

Urnietako txoko bat:
AZKORTE.
Inguru hura gogoko dut, bertatik ikusten den paisaiarengatik.

Urte osoko festen artean bat aukeratu:
SANMIELAK.
Egunean zehar egiten diren ospakizunak bereziki.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
POXTA ZAHAR.
Gazteak azken urteotan lan handia eta beharrezkoa egiten ari dira.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
HERME GONZALEZ.
Ikuspegi politiko oso ezberdinak izan arren, errespetuz eta giro onean aritu garelako. Ez nuen espero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!