Consuelo Frutos, PSE-EEko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 13:56

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Consuelo Frutos.
Hauteskunde programan errepikatu duguna: Elkarrekin Urnietaren alde. Gure herria itsasontzi batekin alderatuko nuke; eta denok norabide berean arraun egiten badugu portura iristea lortuko dugu.

Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
C.F.
Lehenik eta behin eskailera mekanikoak jarriko nituzke. Aztertu eta galdetu egingo nuke, herriguneko toki ezberdinetan ezartzeko. Eskailerak eta igogailuak ezartzeko proposamen zehatzak ikus daitezke gure programan, hala nola, Arantzubin, Aldapetan.
San Juan plaza eta Etxeberrieta plaza lotzeko baztertu zen egitasmo hori berreskuratu beharko litzateke. Azterketa sakona egin behar da.

Enplegua, industria, zerbitzuak... Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al ditu agintaldi berrian?
C.F.
Beharrezkoa da, eskualde bakarra gara agentziarik ez duena. Hauteskundeen atarian erabili da gai hau, baina maiatzaren 25etik aurrera gaiari heldu behar zaio. Eta horretan alderdi politiko guztiok bat egin behar dugu, gutxieneko akordioetatik abiatuta. Izaera juridikoak denen adostasuna beharko du, eta noski eskubide berdinekin ordezkaritza izan behar dute eskualdeko herri guztiek. Baita Andoainek ere.
Enpleguari dagokionez, Udalak lanpostuak sortu behar ditu. Dirua badago, eta lana badago mendiak garbitzen, kaleak txukuntzen,... Gure proposamena gerarazteko PPren gobernuko araudi bat aitzakiatzat jartzen digute. Baina ikusi dugu PPren aginduetara dauden udalerriak ere herri barruko kontratazioa sustatzen ari direla. Udaletik gehiago egin behar da, eta garapen agentziak balio erantsia emango dio.

Gizarte Zerbitzuen beharra premiazkoa da bizi dugun garai hauetan. Udaleko zein beste alor edo atalak kezkatzen zaitu gehien?
C.F.
Hiri Antolamendurako plana garatu behar da. Etxebizitzen premia larria da, eta alokairuzko etxebizitza sozialak sustatu beharko lirateke. Adibidez, Akan eta Errekalde kaleetako etxabeetan. Gazteen eskakizuna da, ez ditzagun beste herrietara joatera bultzatu.

Eztabaida politikoak egon diren arren adostasun politiko handia egon da agintaldi honetan. Zenbaterainokoa da gobernuaren meritua eta oposizioaren meritua?
C.F.
Hiru zinegotzirekin, lehen egunetik gure programa gainerako alderdien esku jarri genuen. Gure proposamenak mahai gainean jarri genituen. Ondo hasi zen agintaldia, agintaldi planaren eta Udal aurrekontuaren onarpenarekin.
Gerora gure proposamenak eta agintaldi plana ez ziren erabat bete. Diferentziak sortu dira, baina kontsentsuz erabaki dira aztergai asko.
Nolanahi ere, gobernu talde ahul samarra izan da. Lidertza falta nabaritu dugu eta lantaldea eskas geratu zaie.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
C.F.
Oso erraza da hori esatea. Ez gara berdinak, eta denok berdin epaitzen gaituzte. Guk Urnietan urte asko daramagu lanean, burua tente daramagu eta eskuak garbi ditugu. Eman diezagutela aukera, gobernuan ere berdin jokatuko dugulako. Askatasunik gabe eta bizkartzainekin urteak eman ditugu, hori inork gutxik agoantatuko luke. Urnietako sozialisten artean politikarako bokazioa dugu.

Nor zara? Nola definituko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik ba al duzu?
C.F.
53 urte ditut, horietatik 48 Urnietan. Umila naiz, gertukoa eta apala. Jendea entzutea gogoko dut. Edozein dela, haien egoera entzutea gogoko dut. Beharbada ezin diot arazoa konpondu, baina entzute hutsa askotan lagungarri izaten da. Borrokalaria naiz, eta nahi dudana lortzeko borroka egiten dut.
Askotan kontatzen dizkidaten gauzak gehiegi eragiten naute, hori izan daiteke nire ahuldadeetakoa.

Zein izan da zure misioa amaitzen ari den agintaldi honetan?
C.F.
Politikan hasi nintzenean ezer gutxi nekien. Ikasketa eta formakuntza prozesua izan da nirea hainbat batzorde eta bileretan. Alderdiko bozeramailea laguntzea eta ekarpenak egitea izan da nire zeregina orain arte.

Bosgarren edukiontziarekin aurreikusi zenutena baina gutxiago birziklatzen da. Zein ikasgai atera daiteke agintaldiko esperientzia honetatik datozen urteetan gehiago birziklatzeko?
C.F.
Hasteko eta behin alderdi politiko guztiak zoriondu beharko genituzkeela iruditzen zait. Agintaldi hasieran gai honi dagokionez denon adostasuna beharrezko zela proposatu genuen. Bilduri aitortu behar zaio esfortzu handi bat egin zuela bilketa sistema adostua martxan jartzeko garaian. Eskerrak eman behar zaizkio. Gai honekin kalean borroka ideologikoa egitea saihestu behar zen, eta lortu dugulakoan gaude.
Birziklatzeko indize handi samarrak jarri genituen, bete ez direnak. Mantso doaz prozesu hauek, eta horrelako prozesuetan erritmo horiek saihestea kosta egiten da.
Sentsibilizazio lan handiagoa egiten jarraitu beharko dugu, eta birziklatzen duena saritu.

Aulki zuriak alderdia Urnietan bakarrik aurkeztuko da. Zinegotzi postua lortuz gero hutsik utzi behar dutela diote. Zein iritzi duzu?
C.F.
Ez dakit erantzuna politikoki zuzena den. Susmagarria iruditzen zaigu, baina horretan utziko dugu. Gipuzkoa osoan hemen bakarrik aurkeztuko dira...
Kontura daitezela urnietarrak zeinen egoera bitxia sor daitekeen Aulki Zuriak alderdiak zinegotzi bat lortzen badu. Eserlekuari muzin egiten badiote, gainerako alderdiren batek sei zinegotzi lortuta gehiengo osoa izan dezake alkatearen kalitatezko botoa erabiliz.
Eserlekua hutsik uztea ulergaitza egiten zaigu. Etor daitezela hona eta euren ideien alde borroka dezaten. Ahotsa eta bozka izan dezatela.

Zergatik eman behar zaizu zuri botoa, eta ez besteei?
C.F.
Gainerako bi alderdi nagusiek azken agintaldietan boterean zer egin dezaketen erakutsi dute. Urnietarrei gugan konfiantza izatea eskatuko nieke, gure programan agertzen diren egitasmo guztiak gara daitezkeela ikusiko dutelako. Aukera hori eduki nahiko nuke. Gure programa oso ondo landu dugu, eta bere osotasunean aurrera eraman daiteke.

 

MOTZEAN

Pertsonaia historikoa:
XABIER LETE.
Bere aldetik babesa eta gertutasun handia jaso nuen.

Urnietako txoko bat:
BERRASOETA.
Naturgune hori erakargarria da niretzat, paseoan ibiltzeko aproposa.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
san silvestre lasterketa.
Bi edizioetan hartu dut parte, herrikoia da oso.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
CARITAS.
Garrantzia handikoa eta isilpekoa da egiten ari direna.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
IÑAKI MENDIZABAL.
Burura etorri zaidan lehena ANVko zinegotzia izan da, 2007-2011. agintaldikoa. Orduan eta geroztik ere oso gertuko pertsona izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!