Escaños en Blanco Urnietan, hautagaitza bakarra Gipuzkoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 13:55

Jose Luis de Zubicaray eta Daniel Lizarralde.

Lehen aldiz aurkeztu dira Urnietan, eta Gipuzkoan herri bakarrenetakoa da hautagaitza aurkezten. Hauexek Jose Luis de Zubicaray eta Daniel Lizarralde ordezkarien adierazpenak.

Susmagarria omen da zuen alderdiaren hautagaitza Urnietan, kezka hori azaldu dute hautagai politiko batzuek kanpaina honetan.
Jose Luis de Zubicaray. Gure hautagaitza susmagarria dela diotenei, gauza bat: Herriak eserleku bat hutsik uzten badu, gure aldeko botoa legitimoki jasoz, aurreko lau urteetan egon diren ordezkariek herritarrak konbentzitu ez dituztelako izango da. Urnietarrek nahi dituzten gauzak egin ez dituztelako.
Urrutira joan gabe, Daniel Urnietako herritar bat da eta bere osasun arazoak direla medio, pentsioa kobratzeko ikaragarri kostatzen zaio Kutxako bulegora gerturatzea. Egun hauetan igogailuaz edo eskilara mekanikoez hitz egiten zigun, jarri behar zituztela esan ziotela baina antza alkateak dirurik ez dagoela dio. Ondorioz, bere ohiturak aldatu behar izan ditu. Ezin du mezetara joan, bere etxabetik ezin du gehiegi urrundu nekatu egiten delako. Jende gehiagok azaldu digu atsegabe hori.
Beraz, alderdi politikoei gehiengo osoa hainbeste interesatzen bazaie, lehenik eta behin herritarren beharrez kezkatu daitezela.

Nortzuk osatzen duzue Escaños en Blanco Aulki Zuriko hautagaitza? Aurkez zaitezte, mesedez.
J.L.Z. Jose Luis de Zubicaray naiz, 40 urtekoa eta gaur egun langabezian nago. Nire alderdiko nazioarteko ataleko arduraduna naiz, izan ere gure eredua jarraituz alderdi berriak sortzen ari dira Europan zehar. Urnietan aurkezten gara herrikide batek hala eskatu digulako.
Daniel Lizarralde. 39 urte ditut eta erizain laguntzailea naiz lanbidez. Aulki Zuriak alderdiarekin harremanetan jarri nintzen, haien berri izan eta euren ideiek nirearekin bat egiten dutelako.

Bitxia da. Botoa eskatzen duzue baina gero ez duzue zinegotzi akta sinatuko.
J.L.Z. Guk ez dugu botoa eskazen. Ordezkatua sentitzen ez den herritarrari tresna bat eskaintzen diogu. Herritar bezala parte hartu nahi dugu, inork gu ordezkatu gabe parte hartu nahiko genuke. Zer bilatzen dugu horrekin? Eserleku hutsa uztean, hara doazen politikariek ikusi beharko dute herritar talde bat haserre dagoela. Horrek politikoari pentsarazi egin beharko lioke: batetik, betiko moduan jarraitzearen beldurra aktibatzea. Bestetik, politiko horri zertan hobetu behar duen pentsarazi behar dio.

Horrela esanda, gainerako hautagaitza guztiak gauza bera balira bezala adierazten ari zarete.
J.L.Z. Herritarrak ordezkatzen dituzten alderdiak dira, guk ordezkaritzarik ez dutenak ordezkatzen ditugu.

Hamairu zinegotzi dituen tamaina txikiko herri batean zinegotzi bat gutxiagorekin lanean aritzea ez al da kontraesankorra?
J.L.Z. Hamabi zinegotziek %8 gehiago lan egin beharko lukete. Eta lau urteetan garapen bat izan beharko lukete %8 gutxiago lan egiteko.

Nola hartu zaituzte Urnietak? Exotikoa izan daiteke zuen proposamena. Beharbada Europarekiko haserrea bideratu daiteke zuena bezalako alderdien bitartez baina Udal hauteskundeetan zailagoa da.
J.L.Z. Guk ez dugu haserrearen botoa bilatzen. Aldaketarako tresna bat da gure botoa. Gure alderdiaren zaletu batzuk haserretuta egon daitezke; neu adibidez ez nago inorekin haserre. Kontua da ez nauela inork ordezkatzen.
Kontrol politikorako tresna izan nahiko genuke, Urnietan eta estatuko gainerako erakunde guztietan. Gaur egungo hauteskunde sistemaren arabera boto zuria zenbatu egiten da, baina ez da ordezkaritzarako kontuan hartzen. Gaur egun boto zuria alderdi nagusien mesederako da. Gaur egun politikoak kontrolatzeko herritarrek ez dute tresna eraginkorrik.

Egun hauetan gainerako alderdi politikoei herriko hainbat egitasmoez galderak egingo dizkiegu. Zuek zer eskaintzen diezue urnietarrei?
J.L.Z. Demokrazian parte hartu nahi duten herrikideei aukera bat eman nahi diegu. Boto nuloa eta abstentzioa estatistika hutsa dira, boto zuria alderdi nagusien mesederako da. Zer da geratzen zaiguna? Manifestazioak? Edukiontziak erretzea? Gizarte zibilizatu batean ez dugu hori nahi. Ordezkatuak sentitzen ez direnei aukera bat eman nahi diegu, klase politikoari honako mezua helarazteko: Ez nauzue ordezkatzen, eta zuen jokabidean eboluzionatzea eskatzen dizuet.

Zinegotzi bat izateko adina boto lortuko bazenute, zeintzuk izango dira Aulki Zuriak alderdiaren hurrengo pausoak?
J.L.Z. Guk ez dugu deus egingo. Eserlekua hutsik geratuko da. Lau urteetan alderdi bezala hazkundea izatea nahiko genuke. Gero beharbada, beste zenbait herrietan gertatu delako, herri mailako hautes-zerrendak osatzen lagunduko genieke urnietar horiei.

Baina demagun kargua lortzen duzuela. Kirol, kultura, gizarte mailan..., ez duzue proposamenik egiten?
J.L.Z. Ez. Alor bakoitzaz dagokion zinegotzia ardura dadila. Lan hori eurek egin dezatela eskatzen dugu.

Baina zehazki zerbait eskatzen duzue, edo ez?
J.L.Z. Guk eskatzen dugun bakarra boto zuria konputatzea eta ordezkaritza izatea da. Daukagun modu bakarra kargua lortu eta ez hartzea da.

Eta botoak erakartzeko ez al da erakargarriagoa Daniel Lizarralde urnietarra lehen postuan jartzea?
J.L.Z. Bai, horrela izan daiteke. Ados nago. Alderdi bezala zintzo jokatu nahi dugu. Guk ez dugu aspaldiko harremana Danielekin. Gure proiektua erraz zanpa daiteke, kargua hartzen den unetik. Ezin dugu arrisku hori hartu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!