Maiatzaren 15a, San Isidro, baserritarren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 13:54

Ohiturari jarraituz, euren eguna ospatu zuten eskualdeko baserritarrek maiatzaren 15ean. Meza, herri kirol erakustaldiak, bazkaria eta jai giroa izan ziren protagonista nagusi

Eguraldi kaskarrarekin iritsi zen maiatzaren 15a eskualdera. Horrek, ordea, ez zituen kikildu baserritarrak eta euren jai egunaz gozatzera atera ziren kalera. Amasan, Andoaingo Goiburu auzoan, Asteasun nahiz Zizurkilen, hainbat ekitaldi zuten haientzat prestatuta.

Asteasu
Emozioz betetako idi-froga

Meza nagusiaren ondoren, modu ikusgarrian ekin zioten Asteasuko baserritarren egunari. Frogatokian, nor baino nor ziren Joxe Barriola eta Itsaso Arrutiren idi pareak. Zozketak agindutakoari jarraituz, Barriolaren idiak izan ziren plazara ateratzen lehenak. 1200 kiloko harriarekin lehiatu ziren, hogei minutuko txandatan. Euria gogotik ari bazuen ere, lan ona egin zuten Barriolaren idiek, guztira berrogeita hiru plaza betez. Itsaso Arrutiren idi pareak hartu zien lekukoa. Euriak ez zuen barealdirik eman eta, aterkipean edota kiroldegiko babespetik jarraitu behar izan zuten ikusleek idien eta itzainen lana. Emozioz beteriko amaiera izan zuen frogak. Joxe Manuel Zubeldia epailearen ordulariak frogaren amaierarako segundu gutxi falta zela adierazten zuenean osatu zuten berrogeita bigarren plaza. Plaza-erdiko alde txikiarekin, beraz, Barriolaren idiak gailendu ziren San Isidro eguneko frogan.
Sarasola sagardotegian izan zuten hurrengo hitzordua. Bazkari ederraren ondoren, Jexux Mari Irazu eta Julio Soto bertsolarien saioarekin gozatu zuten. Usadioei eutsiz, egun borobila izan zuten Asteasuko baserritarrek.

Zizurkil
Harrijasotzea, pilotaren ordez

Meza nagusiarekin hasi zituzten ospakizunak Zizurkilen. Eguerdian, Intxaur pilotalekuan zuten hitzordua herri kirol zaletuek. Luis Urkola herri langileak azaldu zuenez, plazan antolatzen zuten kirol saioa garai batean, “baina ikusleentzat ez zen oso erosoa eta pilotalekuan egiten hastea erabaki genuen. Aurten, gainera, eguraldiak ez du lagundu, eta babesera bildu da herri kirol ekitaldia”.
Aimar Irigoien harrijasotzaileak ekin zion erakustaldiari. 125 kiloko harria izan zuen arerio, eta bertaratutakoek errezildarraren abilezia txalotu zuten. Xabier Pellejero antolatzaileak azaldu zuenez, “azken urteotan pilota partida eta aizkolarien saioa prestatu ohi ditugu. Aurten, ordea, herriarteko txapelketan murgilduta daude herriko pilotariak, eta San Isidro egunean bertan partida jokatu behar zutela jakin genuenean, pilota partida egitarautik kendu eta Aimar Irigoien ekartzea erabaki genuen”. Arria V-Irazu, Rekondo-Otaegi aizkolarien arteko lehiak borobildu zuen goizeko ekitaldia.
Elkarrekin bazkaltzea izaten da baserritarren eguneko aspaldiko ohitura, eta aurten ere ohitura horri eutsi zioten Zizurkilen. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, primerako eguna izan zen herriko baserritarrentzat.

Andoain
24 baserritar Goiburuko bazkarian

Sorabilla, Goiburu, Buruntza, Leizotz eta bailaratan baserriren batzuk bizirik badaude ere, Andoainen egun baserriko mugimendua asko jaitsi dela nabarmendu zuen Nekazarien Kooperatibako kide Pili Zeberiok San Isidro egunez kooperatiban bertan egin zuten hamaiketakoan: “Azken 20 urteetan gainbehera etorri da baserria Andoainen”. Hala ere urteroko ospakizunei eusten diete eta eguerdiko meza eta ondorengo hamaiketakoaz gain, 24 baserritar bildu zen Goiburuko Txertota jatetxean bazkaltzera. Xabino Irulegik azaldu zuenez, San Isidro eta La Salleko Juan Bautista eguneko ospakizunak maiatzaren 15ean egokitzen ziren orain 65 bat urte. “Izugarrizko festa izaten zen orduan: silla joko, korrika apustu, bertsolari, dantzari… Aurrez meza izaten zen eta prozesioa ere egiten zen. Sakristian bada nekazarien ikurriña eta neronek ere eraman nuen orain 60 urte kaleetan barrena”. Garaiak zeharo aldatu badira ere, aurtengoan behintzat San Isidro portatu dela adierazi zuten, “euria egin duenez, jai egiteko aukera eman digu eta lurrari ere primeran etorri zaio”.

Amasa
Ospakizunak, mahaiaren bueltan

Tradizioari jarraiki, San Martin elizako mezarekin ekin zioten Amasan San Isidro eguneko ospakizunei. Eguraldiak lagundu ez zuenez, herri kirol saiorik gabe, zuzenean Uxo-Toki elkartera jo zuten baserritarrek hamaiketakoa egitera. Ohi denez, Kupela taldeko trikitilarien eta bertsolarien saioa izan zen eguerdian eta Iturri Goxo jatetxera jo zuten bazkaltzera. 45 urtean zehar baserritarren eguna antolatzeaz arduratzen den Iñaki Izagirrek ospakizun denak mahaiaren bueltan egingo zituztela azaldu zuen, gauean ere Uxo-Toki elkartean afaria antolatu zutelarik. “Baserria bera jaitsi den bezala, baserritarren eguna ospatzeko ohitura ere jaitsi egin da azken urteotan. Orain 15 urtera arte baserritarrez jantzita gerturatzen ziren neska-mutilak elizara, bakoitza bere barazki saskiarekin ofrenda egitera. Bedeinkatutako barazkiak ospitalera eramaten ziren gero. Erraz biltzen ziren 20-25 saski”. Amasako Goikoetxe-azpi baserriko Julian Mendizabalek ere beti-betitik ospatu izan du baserritarren eguna. Orain urte mordoxka idi-deman ere aritua da plazan egun horretan Garmendiko Esteban Arrieta lagunarekin lehian. “Izugarrizko jende pilak biltzen ziren orduan. Orain jende gutxi etortzen da egun honetan; inor bizi al da ba orain baserritik? Guk beti eusten diogu ohiturari eta halaxe segiko dugu aurrerantzean ere”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!