“Ikastolak, aurreko hamarkada guzti hauetan Udalaren eraikin batean gauzatzen du bere aktibitatea, baina zesio hori eta honen erabileraren gaineko baldintzak jasotzen dituen idatzirik ez da egon sekula. Esan daiteke, hutsune juridiko batean bizi zela Ikastola”, azaldu du Nerea Lizarraga alkateodeak. “Etorkizunari begira apustuak egiteko berme bat behar da, eta hitzarmen honek horretarako aukera ematen dio Ikastolari; Era berean, Udala, kezkatuta zegoen eraikinaren egoerarekin, eta berritze lanak egiteko baldintzak eta lan horiek egikaritzea nori dagokion zehaztu beharra zegoen. ”, gehitu du.
Gauzak honela, hitzarmenean jasota geratzen diren irizpideen araberako dirulaguntza emango dio urtero Zizurkilgo Udalak Zubimusu Ikastolari. Eta hitzarmenarekin batera, eraikinaren alokairu kontratu bat ere sinatuko dute, non ikastola epe luzerako, 30 urteetarako, eraikinaren erabiltzaile gisa aitortzen den, epealdi horretan egin beharreko berritze lanak beregain hartuz. “Elkarrizketak luze joan dira, baina azkenean bi aldeak asebetetzen dituen akordioa lortu dugu”, azaldu du Lizarragak. Akordio hori onartzeko udalbatzan Ikastolako gurasoak egon dira; Udala eta Ikastolaren arteko elkarrizketetan parte hartu baitute hauek ere.