Tximeletak, Lain taldearen disko berria kalean da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 10:29

2009an ‘Lain’ eta 2011n ‘Leihoak’ diskoak kaleratu ondoren, ‘Tximeletak’ izeneko azken lana argitaratu du 2008an Villabonan sortutako Lain taldeak. Taldekideek hartu dute hitza.

Azken diskoa argitaratu zutenetik lau urte igaro eta gero, taldeari beste itxura bat eman nahian osatu dute ‘Tximeletak’ lana. Hainbat aldagai hartu dituzte kontuan lan hori abian jartzeko, batetik urtetan taldekide izan zuten Imanol Urkolak taldea uztea erabaki zuenean, Joseba de Arriba eta Mikel Benitorekin batera hasi ziren lanean. Une zaila igarotzen ari ziren orduan, dagoeneko taldearen erritmoa jaitsi egin baitzen eta kontzertu gutxiago eskaintzen baitzuten. “Aurrera edo atzera egin behar genuela ikusita, kantu berriak idazten hasi ginen eta aurrekoekiko ezberdinak zirela konturatu ginen”, azaldu dute, taldea heltzen joan den bezala, musikaren alorrean ere hazten joan baitira. Eta bai, urteak alferrik pasa ez direla ohartu dira Laineko kideak, heldu egin direla eta beste gauza batzuk ere kontatu nahi dituztela. Taldean musikari berriak hasteak eragin ezberdinak batzea ekarri bazuen ere, beti Lainen nortasuna errespetatzen saiatu direla azaldu dute. Azken diskoaren prozesu guztia oso modu naturalean bizitu dutela diote, pausoak etorri bezala eman dituztela. Kantuak osatzen eta orrazten joan ahala, Baga Biga etxearekin diskoa grabatzeko aukera sortu zitzaien eta are eta motibazio handiagoa piztu zen Laineko kideengan. “Gure buruengan sinestu eta aurrera egiteko apustua egin genuen eta bide horretan oso bultzada garrantzitsua izan da Baga Bigako lagunena”.
Era berean, diskoaren sorreran berebiziko garrantzia izan du taldearentzako lokala eskuratu izanak, kantuak euren gisara eta lasaitasunean sortu eta moldatzeko txokoa izateak, alegia. Euren erara moldatu dute lokala, txikia izanagatik leku goxoa dena. “Etapa berri bat abiatu genuen lokala lortutakoan. Kantuak sortuz aurrera begira jarri ginen. Bi urtez noraezean ibili ondoren norabidea aurkitu genuen eta gogotsu ekin genion berriz ere bideari”, esan dute baikor.

Ekoizlearen babesa
Taldekideak gustura geratu dira ‘Tximeletak’ diskoaren emaitzarekin, “hasieratik oso apustu pertsonala izan baita”. Kantuen sorreratik hasi eta grabaziora bitarte, lanaren oso gainean egon direla azpimarratu dute, “hezurduratik hasita landu ditugu kantuak eta aurrez gure kabuz grabatu ditugunez, estudioko emaitza ikusi aurretik ere dagoeneko entzunda geneuzkan. Horrek moldaketa gehiago egiteko aukera eman digu. Eta gainera, Eñaut Gaztañaga ekoizlearekin grabatuta, beste bolumen bat hartu du lanak”. Estudiora zein emaitza nahi zuten jakinda joan direla azaldu dute, aurreko txandatan ez bezala. Eta ondorioz, emaitza ere halakoa dela uste dute, “oso zuzena”. Eñaut Gaztañagak kantuak orrazten asko lagundu dietela azpimarratzearekin batera, helburua horixe zela azaldu dute. “Euskal Herrian ez dago diskoak produzitzeko ekoizleak hartzeko ohitura handirik, ingelesek egiten duten bezala, esaterako. Baina argi dago ekoizlearen figurak asko laguntzen duela eta pertsona egokia topatutakoan lanak gora egiten duela nabarmen”. Orain artean, Euskal Herrian ahotsei garrantzia eman eta banda atzetik grabatzeko ohitura kontserbadorea nagusitu dela uste dute eta pozik ageri dira azken lanean taldearen aldeko apustua egin dutelako beste soinu mota baten bila; ahotsei musikari baino lehentasun gehiago eman gabe. “Garrantzitsuena gure lanarekin gustura geratu izana da. Harro gaude erabaki guztiak guk hartu ditugulako: diseinua, grabazioa, bideoklipa... Azken batean, lantaldea osatu dugu. Disko hau ez dugu guk seirok bakarrik egin eta gurekin lan egin duten guztiekin %100eko konfiantza izan dugu”.

Disko gordinagoa
Doinuak bezala, letrak ere gordinagoak dira ‘Tximeletak’ azken lanean. “Aurreko lanetan hitz eta tonu goxoagoak erabili ditugun bezala, oraingoan gordinagora jo dugu. Gure barruko egiara jo dugu, arduratzen gaituen egiara edo kritikatu nahi dugunera. Baina ez inor ezertaz konbentzitu nahian, gure barrua zabaldu nahian baizik”. Duintasuna goraipatu eta jaiotzatik emakume nahiz gizonei jartzen zaizkien rolekin puskatu nahi izan dute, besteak beste, euren kantuetan. Orain artean Lain taldearen musika sarritan gazteekin lotzen bazen ere, estiloa zabaldu egin dute, adin edo gustu zehatzetara itxi gabe eta euren musika gaztetxoengana bezala, helduengana ere irits daitekeela diote.
Bat datoz edozein prozesu artistikotan barrutik ateratzen denak duela balioa eta lana benetako indarrez egiten denean nabaritu egiten dela esaterakoan.

Kontzertuak abian
Maiatzaren 9an aurkeztu zuten Tximeletak lana jendaurrean Tolosako Bonberoenean. Taldekide gehienek, lehen kontzerturako bezain urduri zeudela aitortu dute. “Egindako lan guztia jendaurrean aurkezteak tentsio handia sortzen du eta are gehiago entzule gehienak gertukoak direnean. Urduritasuna, lana barrutik egin dugun seinale izan zen”. Kontzertuaren ostean, jasotako iritziekin asebeteta geratu zirela ere azaldu dute, “gordetako indarra atera dugula esan digute gehienek eta gustura entzun dugu iritzi hori. Orain kontzertuetan martxa hartzea falta zaigu, lehengaia ona daukagula bai baitakigu”. Azken urteotan, plaza nahiz aretoetan kontzertuak eskaintzeko aukerak asko zaildu diren arren, dagoeneko egutegia osatzen hasiak dira: Maiatzaren 23an Zamudion arituko dira eta 30ean Azpeitian. Ekainean, besteak beste, Asteasuko festetan kontzertua eskainiko dute. Hasi dute tximeleten hegaldia.

Tximeletak
Diskoa osatzeko prozesuaren metafora delako aukeratu dute Tximeletak izena diskoaren izenburutzat. “Ez zegoen beste izen egokiagorik; entsegu lokal berria den kapulutik 11 tximeleta edo abesti txiki jaio baitira”, argitu dute.
Diskoarekin batera, taldearen izen nahiz diskoaren irudia biltzen dituzten kamiseta eta poltsak ere kaleratu dituzte. Abian da taldea.

Gertu-gertutik

  • Eskainitako zein kontzertu gordetzen duzue bereziki gogoan?
    Bonberoeneako azken kontzertu hau berezia izan da, berriz ere abian jarri garelako. Atzera eginda, Donostiako Aste Nagusian Saguesen eskaini genuena gogoan gordetzen dugu, jende askoren aurrean eta toki berezian aritu ginelako. Baita Londonen, Bristol Jam-en eskaini genuena ere. Taldearen indarrak eta gure jarrerak harritu egin zituela esan ziguten. Era berean, ezin da ahaztu, noski, 2009. urtean Aretxabaletan eskaini genuen lehen kontzertua.
  • Gustura eskainiko zenuketen kontzertua?
    Leku konkretu batean baino gehiago, esaterako, Berri Txarrak taldearekin batera jotzea gustatuko litzaiguke. Bestalde, herriko plazaren batean lurraren mailan jotzeko gogoa ere badugu taulatu gainean aritu beharrean.
  • Diskoko tximeleta gogokorik?
    ‘Izan gaitezen sorgin’ kantua gustuko dugu, diskoko eroena delako. ‘Soineko iluna’ ere oso berezia da guretzat, ia bi urte igaro baititugu kantu hori osatzen. Jira-bira asko izan badu ere borobila geratu da azkenean.
  • Zein desio duzue lan berriaren inguruan?
    Diskoa kontzertuak lortzeko erreminta izatea gustatuko litzaiguke. Guk zuzenekoetan disfrutatzen dugu gehien eta entzuleengana kontzertuen bidez iristea oso pozgarria litzateke. Diskoaren nahiz zuzenekoen bidez, entzuleen barrua mugitzea ere lortu nahiko genuke.


Lain taldeko kideak

  • Leire Berasaluze: Ahotsa.
  • Kristina Aranzabe: Ahotsa.
  • Jabi Rivero: Baxua.
  • Jon Altuna: Bateria.
  • Joseba de Arriba: Gitarra elektrikoa eta akustikoa.
  • Mikel Benito: Gitarra elektrikoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!