Urtzi Alkain, arropa baino askoz ere gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 10:23

Arropa diseinatzaile dira Urtzi Azpirotz eta Jon Otegi gazte andoaindarrak. 2010ean sortu zuten Urtzi Alkain marka eta buru-belarri ari dira ordutik.

Arropa diseinatzen aritzen zarete. Nola eman zenituzten lehen pausoak mundu honetan barrena?
Urtzi Azpirotz:
Oso modu naturalean suertatutako zerbait izan zen. Jon eta biok behin baino gehiagotan hitz egin izan genuen arropa diseinatzearen inguruan. Jonek egonaldia egin zuen Australian, eta itzuleran, gure ekimena martxan jartzea erabaki genuen. Lepo karratua duen kamiseta batekin hasi ginen, eta pixkanaka, proiektua garatzen joan ginen. Diseinu lanez gain, beste lanbide bat dugu biok eta horrek, presioa kentzen dio gure lanari, egunerokotasunarekin hausteko modua da diseinua guretzat. Gustatzen zaigulako egiten dugu eta hori izan daiteke arrakastaren gakoetako bat.
Jon Otegi: Umetatik elkartzen gaitu arropa eta diseinuarekiko zaletasunak. Beti izan ditugu oso garbi gure gustuak eta ez gara inoiz modak markatzen zuen arrastoaren atzetik ibili. Ez gara diseinatzaile teknikoak edo akademikoak, baina mundua begi bereziekin ikusteko gaitasuna izan dugu txikitandik, eta hortik sortu da dena. Azken finean, diseinatzeko garaian, balio erantsia izango duen zerbait sortzeko gogoa da benetan ezinbestekoa dena.

Kamiseta baten diseinuarekin hasi zinetela aipatu duzue. Nola joan da garatzen ekimena hortik aurrera?
J.O.
: Ez dugu ikuspegi komertziala gehiegi lantzen, martxaren arabera sortzen zaizkigu proiektu berriak. Kamiseta amaituta, bi jantzi egiteko aukera suertatu zen. Eta pixkanaka, gauza ezberdinak sortzen joan gara.
U.A.: Prozesu naturala izan da; organikoa. Modak markatzen dituen kolekzio, estanpazioa eta estereotipoetatik kanpo ibili izan gara beti. Gauza puntualak egiten hasi ginen, askotan guretzako geronentzako.

Zein izan da zailtasunik handiena zuen ekimena garatzeko garaian?
U.A.
: Zailtasunak baino, erraztasunak topatu ditugula esango nuke. Laguntzeko eta animatzeko prest dagoen jende asko dugu inguruan.
J.O.: Jo ditugun ate guztiak zabaltzen joan zaizkigu eta alde horretatik, asko dugu eskertzeko. Enpresa sortzeko bide burokratikoan bilatu ditugun zailtasunak izan dira, agian, puntu ilun bakarra.

Zein pauso ematen duzue zuen diseinuak lantzeko?
J.O.:
Diseinatzeko modu oso pertsonala dauka Urtzik eta oso garbi du berak egindako arropak nolakoa izan behar duen. Asko zaintzen dituen hiruzpalau ezaugarri ditu, oso pertsonalak. Arropa berria sortzeko bide horretan, nire iritzia ematen diot eta zerbait ez badut garbi ikusten, atzera egiten dugu. Nire sortzeko moduan, berriz, oso barneratuta daude Urtziren ezaugarri horiek.
U.A.: Prenda berria sortzeko prozesua beti modu bertsuan hasten da. Marrazki batean islatzen dut lehendabizi, eta Joni erakusten diot. Gustatzen zaigun edo ez erabaki, eta beharrezko aldaketak egiten joaten gara. Normalean, sortze prozesu hori oso emozionala izaten da. Patroiak egin eta oihalak aukeratzea izaten dira hurrengo pausoak.Mariasun izeneko emakume batek lantzen dizkigu patroiak eta hankak lurrean jartzeko balio izaten digu. Prototipoak sortzea izaten da arropa egiten hasi aurreko azken pausoa. Pariseko azoka batera joaten gara oihalak erostera, baina iparraldeko denda batetik ere erosi izan ditugu, frogetarako oihala erosi edo presakako zerbait suertatu izan zaigunean.

Zuen estiloaren definizioa egin beharko bazenute...
J.O.:
Lehen begiratuan arropa sinplea da, baina denborarekin, mila detaile ikusten dizkiozu.
U.A.: Norberaren estiloa errespetatzen eta azpimarratzen saiatzen gara, pertsonari ondo egokitzen zaion arropa izan dadin. Proiektu honetan murgildu ginenean, oso garbi genuen arropak segurtasuna eman behar diola pertsonari, eta bereziki, hori lortzen saiatzen gara.
Gure lanek islatzen duten sinpletasun horrek, lan handia du atzetik eta nabaritu egiten da hori.

Nola iritsi zarete bezeroengana?
J.O.:
Sare sozialak asko erabili izan ditugu; bai sare sozial erreala, baita sare birtuala ere. Gainerantzean, alderdi komertziala ez dugu gehiegi sakondu; egindako lana modu txukunean erakusten egin dugu ahaleginik handiena. Azken finean, Urtzi Alkain arropa baino gehiago da; festa bereziak antolatu izan ditugu, baita kontzertuak edo grabaketak ere.
U.A.: Irudia asko zaindu dugu. Batetik irudi korporatiboa lantzeko prozesua landu dugu eta, bestetik, jendearengana iristeko moduak ere bilatu ditugu. Esaterako, arropa berria erakusteko garaian, festak antolatu izan ditugu; otordu goxoa eginez, eta zuzeneko musikarekin, guk sortutakoa ikusteko aukera eskainiz. Jende askok izan du gure berri modu horretara. Kanpoko jende askok egin dizkigu eskaerak; Holanda, Mexiko, Singapur, Frantzia..., toki askotatik iritsi zaizkigu eskaerak.
Beti saiatzen gara bezeroekiko harremana zaintzen. Prozesuko parte izaten dira: oihalak aukeratzera etortzen dira, froga ezberdinak egiten dizkiegu..., gertutasunez aritzen gara. Bezeroak prenda bat erosten du, baina erosketa soila baino gehiago, esperientzia berezia da. Jendea gustura egotea nahi dugu. Egindako lanarekin eta prozesuarekin gustura egotea da gure helburua; horixe da, guretzat, arrakasta.

Nolakoa izaten da bezeroaren eta zuen arteko harremana? Oso garbi izaten al dute zer nahi duten?
J.O.:
Asko aldatzen da hori batetik bestera. Batzuek webgunean ikusitako arropa eskatzen digute zuzenean; erosi eta listo. Beste batzuk gure esku uzten dute sortze prozesu guztia, eta badago zer nahi duen oso garbi duenik ere. Nolanahi ere, guk badakigu gure estiloa zein den, eta gure buruarekin fidelak izaten gara. Ez luke zentzurik egiten dugunarekin gustura ez geratzeak.

Zein ekimenetan zaudete murgilduta egun?
U.A.:
Orain arte jarraitu izan dugun bide natural horri jarraituz, erronka bota diogu elkarri; galtza motzak eta alkandora bana diseinatuko diogu batak besteari, maiatzaren 31 baino lehen.
Gure hurrengo erronka handia, bestalde, lehendabiziko kamiseta hura garatzea eta hobetzea izango da. Ikaragarrizko lana eman zigun kamiseta hark. Oso garbi genuen nolakoa izan behar zuen eta buelta pila bat eman genuen nahi genuena lortzeko: oihalak, esaterako, Australiatik edota Parisetik ekarri genituen. Guretzat oso berezia da kamiseta hori, baina garapena behar duela iruditzen zaigu: lepoa hobetu, patroia pixka bat aldatu...

Emakumeentzako arropa ere sortu izan al duzue?
U.A.:
Egin izan dugu, eskaerapean. Esaterako, Maialen Iriarte kazetariari gona egingo diogu laster. Gure lehen kamiseta hura, bestalde, emakume askok janzten dute.

Etorkizunari begira, zein litzateke zuen proiektuaren helburu nagusia?
U.A.:
Orain dugun martxari eustea. Ez dugu modaren industrian sartzeko helbururik, adibidez. Oso modu librean ari gara, emozioek agintzen digutenaren arabera, eta horrela jarraitu nahi dugu. Egunen batean Cibeles moduko pasarela batean parte hartzeko aukera suertatuko balitzaigu, ez genuke ezezkorik esango, baina ez da hori gure helburua.


Sarean
Urtzi Alkainen lanak ikusi eta harremanetan jartzeko:
www.urtzialkain.com

Baita Facebook eta Twitter bidez ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!