Gaztetxera jende gehiago erakartzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 10:10

Onddo gazte asanbladak 25 urteko bidea egin du. Egungo egoeraren inguruan hitz egin dute Amets Zalakain, Jon Mujika eta Igor Fernandezek.

Duela 25 urte sortu zen gazteak bildu eta ekimen ezberdinak antolatzeko asmoz Onddo gazte asanblada. Tartean, jende gutxi bildu eta giroa geldo zegoelako urte txarren batzuk izan badira ere, aurrera doa Onddoren bidea. Gaur egun Gaztetxean biltzen diren gazteak Santio jaietarako orain lauzpabost urte sortu zen batukada taldeko belaunaldia dira. Une honetan prozesu polita bizitzen ari direla argitu du Onddoko kide Amets Zalakainek, “jendez justu samar genbiltzala-eta, bideo bat prestatu genuen Amasa-Villabonako gazteek Gaztetxearen beharrik ikusten ote zuten edo ez galdetuz. Bideoaren harira, asanblada jendetsua egin genuen eta baiezko erantzuna jaso genuen. Geroztik jende berria hasi da Gaztetxera gerturatzen”. Maiatzean, gainera, asanbladaren urteurrenarekin bat eginez, urtero ekitaldi mordoska antolatzen dutenez, indartu egiten da taldearen martxa. “Udaberria eta uda dira lokala gehien aprobetxatzen dugun urte garaiak. Lokal ederra dugu herriaren erdi-erdian. Aurrez Sacem lantegiaren sarreran elkartzen ginen eta hura ere leku polita izanagatik, gertutasuna nahi genuen”, zehaztu du Jon Mujikak. Gazte asanbladako kideek astean behin biltzeko ohitura dute, ostiraletan bereziki, baina larunbatetan ere tarteka zabaltzen dituzte Gaztetxeko ateak eta adin guztietako jendea gerturatu ohi dela azaldu dute. “Gu barruan ikusita, jendea zer edo zer hartzera sartu ohi da. Bestela, festetan eta ekintza ezberdinak antolatzen ditugunean gerturatzen dira herritarrak”.

Ateak zabalik
Belaunaldi berriak aurrera egiteko gogoz ikusi ondoren, gazte asanbladari eusteko konpromisoa beren gain hartzen dute Onddoko kideek. Azken boladan, neska baino mutil gehiago biltzen zen Gaztetxean eta azken asanbladan neska ugari gerturatu zela nabarmendu dute, “oso pozgarria eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori. Ekintzak antolatzerakoan beharrezkoa da haien parte hartzea ere, bestela, nahi gabe ere, mutilei zuzendutako ekintzak nagusitzen ziren”. Gaztetxeak herriari bizia emateaz gain, koadrila ezberdinetako gazteen artean erlazioa sortzeko eta jende berria ezagutzeko ateak zabaltzen dituela diote. Euren helburu nagusia Kale Nagusiaren erdian kokatutako lokala (lehengo Behar Zana elkartea) ahalik eta gehien erabili eta jende gehien erakartzea da. Edozein herritar edo talderi zuzenduta, euren lokalean bilerak egiteko ateak zabalik dituztela jakinarazi nahi diete. Herritarrei mezuren bat luzatzekotan, “gazte sentitzen den edozein herritarrentzat zabalik dago Gaztetxea”, adierazi du Igor Fernandezek.

Ekimen betean
Dudarik ez dute, “gazte asanbladak antolatzen dituen ekintza guztien artean, Santio jaietako futbito txapelketak du erantzunik onena” eta horren adibide, elkarrizketa egunean bertan txapelketarako izena emateko jendearen joan-etorria aipagarria da. Maiatzerako antolatu dituzten ekintzen artean, joan zen asteburuan burututako Street boulder kalejira nabarmendu dute. “Iaz antolatu genuen lehen aldiz eta oso erantzun ona izan zuenez, errepikatu egin dugu aurten ere. Kale Nagusiko pareta zati batzuk eskalatu zituzten hainbat gaztek eta, era berean, poteo-kalejira egin zen musikaren laguntzaz. Herria girotzeko oso modu originala da”, azaldu dute. Ekintza berrien artean, euskal dantzen ikastaroa antolatu dute ostiraletan eta baita autodefentsa feminista saioa ere. Hitzaldiak ere antolatu dituzte: El Salvador eta Sahara herrialdeei lotutakoak, hilaren 28 eta 29an, hurrenez hurren. Urtero legez, ez da kontzerturik ere faltako. 16an Kendal gaua egin eta gero, maiatzaren 23an kontzertuak izango dira Berdura plazan, Villabonako II. Ardo egunari segida emanez.

Egitaraua
Hilabetea amaitu aurretik, urteurreneko hainbat ekimen antolatuko dute oraindik ere:
Maiatzak 23, larunbata:
Kontzertuak + Gatxet MJ. 22:00.
Maiatzak 28, osteguna: El Salvadorri buruzko ‘La lucha de la mochila’ bideo emanaldia Gaztetxean. 20:00.
Maiatzak 29, ostirala: Saharan egondako Askapenako brigadisten hitzaldia Berdura plazan. 20:00.
Ekainak 6, larunbata: Auto-defentsa tailerra Gaztetxean. 11:00
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!