Begirale izateko izena eman zuten gazte asteasuarren artean osatu dute uztaileko plangintza, ikastaro batean. Maite Iraola kultur teknikariak eman ditu azalpenak: “Iaz hasitako bideari jarraituz, begirale izateko hautagai guztiek ikastaro bat egin dute. Begirale lanetan behar bezala trebatzea da ikastaro horren helburua. Herriko hamabost gaztek eman zuten begirale izateko izena, eta horietako gehienek egin dute ikastaroa”.
Ikastaroan zehar, udalekuen plangintza egiten ikasi dute gazteek. Udalekuen helburu nagusiak zeintzuk izan behar zuten finkatu ondoren, helburu horietara iritsi ahal izateko plangintza zehatza osatu zuten. “Itxaso Elorduizapataietxe izan zen ikastaroaren arduraduna, haur hezkuntzan diplomatua, giza kultur animazioko eta marketing goi mailako graduak egina, eta gatazka ebazpenetan masterduna”, azaldu du Maitek.
Izen-ematea
Uztailaren 1etik 31ra luzatuko dira aurtengo udaleku irekiak. Lau eta hamabi urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta dagoeneko zabalduta dago izena emateko epea. Asteasuko Kultur Etxean eman behar da izena eta bertara dei daiteke, arratsaldez, argibide gehiago eskuratu ahal izateko ere (943 696 896). “Maiatzaren 29ra arte zabalik izango dugu horretarako epea. Berrogeita hamar euro ordaindu beharko da matrikula eta baldintza bereziak izango dituzte familia bereko haur bat baino gehiago matrikulatu nahi dituztenek. Izena ematerako, bestalde, haur eta gurasoek zehatz-mehatz jakingo dute udalekuetan zer egingo duten. Izan ere, eskolako haurren artean banatu baitugu udalekuetarako plangintza”.
Maite Iraolak azaldu bezala, helburu nagusiak zehaztea izan zen begirale hautagaien lehen lana. “Eskolaz kanpoko ekintza ludiko erakargarria eta dibertigarria eskaintzea izango da lehen helburua, baina horrekin lotuta, baita herria aktiboki ezagutzea, euskararen erabilera sustetzea, jarrera osasuntsuak erakustea, euskal kultura eta tradizioa ezagutaraztea, ingurumena zaintzea edota elkarlana sustatzea ere”.
Gai bat astero
Bost aste hartuko dituzte uztaileko udalekuek eta gai ezberdina jorratuko dute aste horietako bakoitzean. Elkar ezagutzeko baliatuko dute lehen astea, herrian barrena ibiliko dira bigarrenean, herri olinpiaden txanda iritsiko da hirugarren astean, euskal mitologia izango da laugarreneko ardatza, eta umearen astearekin amaituko dute bere ibilia aurtengo udaleku irekiek. Gai ezberdinen inguruan ikasten duten bitartean ondo pasatzeko aukera ederra izango dute, beraz Asteasuko haurrek.
Izena ematen duen haur kopuruaren arabera erabakiko dute, bestalde, zenbat begirale beharko dituzten. Hala azaldu du Maitek: “Begirale guztiek beharrezko prestakuntza dutela ziurtatu nahi genuen, horregatik izan zen derrigorrezkoa ikastaroa egitea. Oraindik ez dakigu, ordea, prestakuntza hori amaitu zutenetatik zenbatek izango duten begirale lanetan aritzeko aukera. Izena ematen duen haur kopuruaren araberakoa izango da hori”.