Jai giroa Larraulen, museoen egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 21a, 10:05

Maiatzaren 16an ospatu zuten museoen nazioarteko eguna Larraulgo Ekomuseoan. Karlos Irazu eta eskolako haurrak izan ziren protagonistak.

Argazkiak

Goizeko 10:30etan hasi zen festa giroa pizten Larraulgo museo etnografikoaren atarian. Karlos Irazuk eman zion hasiera eguneko egitarauari. Ekimen berria darabil eskuartean eskulturgile larrauldarrak, eta herrikideen aurrean aurkezteko aprobetxatu zuen larunbateko festa. “Gaueko animalia eta piztien eskulturak egitea izango da nire hurrengo ekimena. Zazpi animalia osatuko ditut guztira eta amaitutakoan, herrian barrena jarriko ditut. Oraindik ez dut guztiz garbi non jarriko ditudan eskultura horiek, baina aurrez barazkien eskulturekin egin bezala, herrigunean zehar ikusgai egotea gustatuko litzaidake”, azaldu zuen.

Larunbatean, lehendabizikoa
Platanero baten enborra ekarri zuen Karlosek museoaren atarira, motozerraz lantzeko. Lanean hasi aurretik ez zuen argitu nahi izan zein animalia lantzera zihoan, eta horrek, ikusmin berezia piztu zuen bertaratu zirenen artean. Haurrek agertu zuten jakin-minik handiena, eta enborrean gordeta zegoen animalia zein ote zen asmatu nahirik ibili ziren, gustura, Karlos lanean ari zen bitartean.
Tamaina ezberdinetako motozerrekin landu zuen Karlosek egurra eta luze gabe joan zen bistaratzen gaueko piztiaren forma. “Hontza egin nahi izan dut lehen egun honetan. Enborra ez zen egokiena eta burua bakarrik landu dut gaurkoan, ekimenaren aurkezpena egite aldera. Etxean, egur egokiagoaz eta denbora gehiagorekin landuko dut kalean jarri beharreko hontzaren eskultura”, azaldu zuen Karlosek.
Motozerraren hotsa isilduta, hamaiketakoa egin eta elkarrekin hitz egiteko tartea hartu zuten larrauldarrek. Haurrek, bitartean, ez zuten zerrauts eta txirbilarekin jolasean aritzeko aukerarik galdu nahi izan.

Museoa eta haurrak
‘Garai batean Erniopean’ izenburupean, lehen ipuin eta ilustrazio topaketa egin zuten. Iñaki Alkalde herritarrak egin zituen ekitaldiko aurkezpen lanak: “Museoko piezak izan dira ipuin eta ilustrazio topaketako ardatz nagusia. Larraulgo eskolako haur bakoitzak pieza bat aukeratu du, horren inguruko istoriotxo bat sortzeko. Sehaska, eskopeta edo laputxa, astoaren otarrak, josteko makina, taratulua, patrikako ordularia, largabista..., haur bakoitzak nahi izan duen pieza aukeratu du”.
Irakasleek lagunduta, txukun-txukun irakurri zituzten haurrek euren ipuinak eta baita egindako marrazkiak bertaratutakoei erakutsi ere. Maikar Iurramendi irakasleak azaldu zuenez, “bost urtetik aurrerako eskolako haur guztiek hartu dute parte lehendabiziko topaketa honetan. Maiz egiten ditugu bisitaldiak museora, eta proposamena egin zigutenean, gustura hartu genuen. Haur bakoitzak pieza bana aukeratu eta ipuinak sortzeari ekin zion”.

Trukea eta eskertza
Haurrek sortutako ipuin eta ilustrazioak museoan bertan izango dira aurrerantzean. Gustura entzun zituzten txikiek Iñaki Alkalderen hitzak: “Museoan gordeko ditugu zuen ipuin eta marrazkiak; aurrerantzean, bertara etortzen diren bisitariei erakutsiko dizkiegu. Egin duzuen lanaren truke, gainera, oparitxo batzuk prestatu ditugu eskolara eraman ditzazuen. Karlos Irazuk ekitaldi honetarako apropos sortutako eskultura da lehendabiziko oparia, ipuin ilustratuen topaketa honetan parte hartu izanaren lekuko”. Liburu, filma eta jostailuak ere jaso zituzten haurrek eskolarako, eta pozik elkartu ziren familia argazkia egiteko.
Etorkizunean jarraipena emateko eta zabaltzeko xedez jaio da ipuin eta ilustrazio topaketa. Ekomuseoko taldeko kide den Pili Otaegik azaldu zuenez, “Larraulgo eskolako haurrei soilik egin genien gonbita aurten. Aurrera begira, ordea, ez dugu bazertzen deialdi zabalagoa egiteko aukera”.

Ekomuseoa
2009an jaio zen Larraulgo Ekomuseoa eta geroztik, hainbat ekitaldi antolatu izan dituzte. Ohiko bisitaldi gidatuez gain, beste bi ekitaldi nagusi antolatuko dituzte urtea amaitu aurretik. Batetik, ingudeen erakusketa berezia egitekoa dute udazken aldera eta bestetik, karobia lehengo eran pizteko ahalegina ere egingo dute.
Ekomusearen telefono zenbakia: 688 803 608.
Informazio gehiago:
www.larraulgoekomuseoa.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!