EAJ-PNVko hautagai eta ordezkarien ekitaldia Villabona eta Zizurkil artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 19a, 17:16

Atzo iluntzean Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Jokin Bildarratz senataria, Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkidea eta beste hainbat alderdikide, zerrenda-buru eta herritar Villabona eta Zizurkil batzen dituen zubiaren inguruan bildu ziren, Villabonako Iban Agirre eta Zizurkilgo Maria Angeles Lazkano  hautagaiei babesa erakutsiz. Joseba Egibarrekin batera, bi hautagaiek hartu zuten hitza:

Argazkiak

Iban Agirre Amasa-Villabonako hautagaiak “talkekin amaitu eta akordioa bilatzea” helburu zutela adierazi zuen eta bere taldea indartsu ez ezik, gogotsu datorrela herriari behar duen bultzada emateko. ““Daukaguna sendotuko dugu eta kemena izango dugu proiektu politak aurrera eramateko. Ez dugu daukagunarekin konformatu behar. Herriko jendea gustura egotea da geure helburua, eta hori lortzen saiatuko gara”, adierazi zuen.

Maria Angeles Lazkano Zizurkgo zerrenda-buruak, bestalde, Bilduren kudeatzeko moduetatik aldendu eta herritarrak entzun eta errespetatzeko konpromisoa hartzen dutela azaldu zuen. “Azken lau urteetan, entzungor egin diote herriaren hitzari eta euren proiektuak inposatu dituzte nahiz eta gehiengoa aurka izan. Hortxe daukagu atez atekoaren adibidea”, salatu zuen. Era berean, EAJ-PNVk bestelako kudeaketa egingo duela jakinarazi zuen, herritarrengandik hurbil egongo dela eta pertsona guztiak errespetatuko dituela. Zentzu horretan, eskerrak eman zizkien azken asteotan Zizurkilen zabaldu duten lokalera inguratu diren herritarrei, “ideia eta proposamen oso interesgarriak helarazi dizkigutelako”. Datorren legealdirako lehentasunezkoak izango diren zenbait proiektu aipatu zituen, besteak beste, merkatariekin elkarlanerako batzordea eratzea, kultur etxean igogailua egitea, helduen artean kirola sustatzea, herritarren artean parte hartzea bultzatzea eta langabeziaren aurkako neurriak hartzea.

Joseba Egibarrek, bestalde, euren alderdiak herritarrei zer eskaini badaukala esan zuen. “EAJ-PNV izan da Euskadin aginte maila handiena izan duen alderdia, eta erabaki estrategikoetan asmatu du. Horri esker lortu du Euskadik egun daukan maila”. Eta berriz ere jeltzaleengan konfiantza izateko eskatu zuen: “Kudeatzaile onak gara, proposamen zehatzak ditugu, herritarrak errespetatuko ditugu eta ez diegu hutsik egingo”. Egibar itxaropentsu agertu zen gipuzkoarrak EAJ-PNVri aginte maila bueltatuko diotela uste duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!