Igandeko mendi ibilaldien baitan, ibilaldi luzeak hiru orduko iraupena izango du. Zizurkilgo Zubimusu Ikastolatik abiatuko dira 09:30ean eta Alkiza, Larraul, Asteasu eta Zizurkildik igaro ostean, Villabonako Txermingo ikastolan amaituko da ibilbidea.
Irteera motza hautatzen dutenek, berriz, irteera ordua goizeko 10:30ean izango dute. Zizurkilgo Ikastolatik aterako dira eta Zizurkil eta Villabonatik buelta eman ostean, Txermingo Ikastolara iritsiko dira.
Ibilaldi laburra haurrekin egiteko aproposa da.
zubimusu@ikastola.eus helbidera idatzita eman daiteke izena. Hala ere, ez da beharrezkoa izena ematea. Nahikoa da igandean 09:30ean edo 10:30ean irteera puntura agertzea.
Ibilaldia irekia da eta Zubimusu Ikastolak billabonatar eta zizurkildarrak, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera, parte hartzera animatzen ditu.
Ikastolako jaia maiatzaren 30ean, bazkari eta guzti
Ondorengo idatzia igorri dute Zubimusu Ikastolako kideek, maiatzaren 30eko jaialdiari begira: “Zubimusu bazara, maiatzaren 30ean Ikastolako jaiaz gozatzera animatzen zaitugu!
Ikasturtearen azken txanpan gaude eta eguzki izpiek ematen diguten aldarte onarekin Ikastolako jaia antolatzen ari gara eta parte hartzera animatu nahi zaituztegu, zenbat eta gehiago izan, are eta hobeto pasako baitugu!
Aurten egun osoko egitaraua antolatu dugu. Bazkari erraldoia egitea da gure asmoa. Menua? Paella. Laskuraingo eta Anoetako Ikastolek utzi dizkigute paella-ontziak eta orain sukaldariak behar ditugu! Norbaitek sukaldean duen trebezia erakutsi nahi badu, oraintxe du aukera!
Joango gara egitarauaren berri ematen baina, besteak beste, tonbola, pintxoak, jolasak, DBHko ikasleen emanaldiak, e.a. eskainiko dira”.
Bazkarirako txartelak salgai
-Ikastolan, idazkaritzan, edota ondorengo tabernetan:
-Villabonan: Zentroa, Arnasa eta Xiker kafetegietan.
-Zizurkilen: Ogi-zuri tabernan.
-Prezioa: 10 euro. Ikasleentzat 6 euro.