Zizurkil herriak Tolosarengandik burujabetza lortu zuela 400 urte bete izana, horixe izan zen antzelanaren abiapuntua. Herritarrak independentzia eskuratzea txanpon bidez nola ordaindu zuten erakutsiz abiatu ziren Zizurkilgo antzezle gazte eta helduagoak, joko handiz betetako herri batzarra plazaratuz, besteak beste. Baserritarrak, San Millango markesa, apaiza, alkatea…, garaiko pertsona ugari ekarri zuten egunera… Emakume zizurkildarren pena ere agerian geratu zen mutil gazteak gerrara eraman zituztenean. Tartean, Zizurkilgo Pello Mari Otaño bertsolari handiak Argentinara ihes egitea nola erabaki zuen primeran irudikatu eta ‘Amerikara nua’ bertsoak barru-barrutik abestu zituen Unai Mendizabal bertsolariak. Antzezlaneko une berezienetako bat izan zen. Zizurkilgo tango dantzarien txanda iritsi zen orduan, ikusleentzat ezusteko polita izan zena. Zizurkildik ez ezik, Argentinatik ere abestu zituen bertsoak Otañok eta orduantxe bere irudiarekin osatu duten konpartsarako erraldoia agertu zen musikaren erritmoan dantzan. Txalo zaparradaren ostean, Teodoro Hernandorena euskaltzaleak egin zuen bisita pilotalekura Hodei Arrastoa zizurkildar aktorearen azalean, berak azaldu zuen nola garaiko praktikantearen seme Teodorok ez zuen umetan euskaraz ikasi, baina denborarekin euskararen jabe egin eta batean eta bestean hainbat borroka egin zuela hizkuntzaren defentsan. Eta nola? Bada, besteak beste bertsolariak plazara atereaz. Beste hainbaten artean, Mattin edo Xalbador bertsolari handiak berak abiarazi baitzituen. Teodororen hitzek Nerea Barriola sopranoari eman zioten segida eta Xalbadorren ‘Adiskide bat bazen’ kantua abestu zuen, herritarrak hunkituta eta aho-zabalik utziz.
Extremadurako bidaiariak
Herriko umeek irudikatutako trena etorri zen geroago, Extremadurako bidaiariz beteta. Gaztetan Zizurkilera bizimodu berri baten bila iritsitako kideetako batek hitza hartu eta aipamen polit bezain gozoak izan zituen Zizurkil nahiz zizurkidarrentzat. Oso momentu hunkigarria izan zen, bati baino gehiagori malkoak eragiterainokoa. Bukalai dantza taldeko dantzariak sasoiko eta arin aritu ziren, ikuskizunari mugimendua eta kolorea erantsiz. Eta zer esan zuzen-zuzeneko emanaldia eskaini zuten musikariei buruz? Dudarik gabe, izugarrizko banda osatu zutela. Tartean, Iker Goenaga (trikitixa), Javi Perez (tronpeta), Matti Navas (gitarra), Bake Diatta (perkusioa), Ainhoa Urruzola (organoa), Aizpea Zabala eta Maialen Azkue (txalaparta)... Bikain aritu ziren, indartsu bezain goxo. Ezin ahantzi Iraitz Lizarraga zuzendariaren lana, noski; dotoreziaz eta mimo handiz egindako emaitza lortu baitu. Orain 400 urte bazen herri txiki bat, bada, egun ere herri txiki hura bizi-bizirik dagoela erakutsi zuten. Oso maila oneko ikuskizuna, Zizurkil artista ugari biltzen duen herria da, dudarik gabe.
Esker-onaren tartea
Aktore lanak amaitu ondoren, Igotz Alkorta kazetariak eman zion agurra ikuskizunari. Herritarrak zoriondu zituen lehenengo, halako erantzun ona emateagatik. Antzezlana posible egin zuten parte hartzaile guztiak izan zituen kontuan jarraian, sailez sail ikusleen aldetik txalo zaparrada beroak jaso ziztuztelarik. Baina bereziki, bi pertsonei esker -ona adierazi nahi zietela-eta, taula gainera igotzeko eskatu zien itzalean arituagatik, hasieratik proiektuaren sustatzaile izan den Julian Arrastoari eta hari mataza guztiak lotuz, ikuskizunaren zuzendari lanetan aritu den Iraitz Lizarragari. Lore sorta bana eta muxuak eskaini zizkieten antzezpeneko kideek. Txaloak eta esker-oneko oihuak ikusleek. "Laurehun urte barru berriz esan dezagula: Gora Zizurkil!", esanez itzali ziren argiak.
Aldeko izan ez zuten aldagai bakarra eguraldia izan zen, baina hori ez zegoen antolatzaileen esku. Zorionak guztioi!