Urnietako historia, liburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 15a, 11:08

Rosa Ayerbek Urnieta, de Tierra a Villazgo (1402-1615) liburu mardula aurkeztu zuen joan den asteazkenean. Batik bat, Urnieta herrixka izatetik herri bilakatzerainoko prozesu historikoa kontatzen du. Aldi berean, liburuak Urnietako etxe eta baserrien historia propioari atal zabala eskaintzen dio. Liburua ekainaren 1etik aurrera jarriko da salgai.

Historian zehar gertatutako suteen ondorioz, Urnietako Udalak ez zeukan Erdi Aroari buruzko agiririk artxibategian. Mikel Pagola alkateak adierazi zuen Udalak Rosa Ayerberi jada 1998an eskatu ziola ikerketa lanetan has zedin, gabezia horri amaiera emateko asmoz. Ayerbe etengabeko lanean jardun da harrezkero han eta hemengo artxiboetan, Urnietarekin zerikusia zuten agirien inguruko bilaketa eta transkripzio lan itzela eginez.
Ekimen horren emaitza aurkeztera etorri zen Ayerbe, hain zuzen, joan zen asteazkenean, eta pozik agertu zen Pagola, eskerrak emanez urnietar guztien izenean: "Rosak Udalari eskaini dizkion agiri guzti horiek eta idatzi duen liburua, Urnietako ondarea aberastera datoz; egundoko lan honi esker, Urnietako iraganaren zati handi bat berreskuratu ahal izan da".
Marijo Henriques Udal artxibariak Rosa Ayerberen curriculum akademiko luzea zerrendatu zigun, honek erakutsi ohi duen lan gaitasuna azpimarratuz. Besteak beste, Historian doktorea da Bartzelonako  Unibertsitatean, eta 50 liburu baino gehiago idatzi ditu Erdia Aroa gaitzat hartuta; aspaldiko urteetan Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Diputazioaren aktak transkribatze lanetan murgilduta dabil. Henriquesek Ayerberi begira jarri, eta zera esan zion harrituta: "benetan, ez dakit nondik ateratzen duzun denbora hainbeste gauza egiteko".

Urnietari maitasuna
Rosa Ayerbek Urnietako herriari maitasun aitormena eginez ekin zion liburuaren aurkezpenari: "Andoain, Hernani eta Donostia ez ezik, Urnieta ere bihotzean daramat. Maitatuko ez banu, ez nioke helduko hainbeste urtetan luzatu zaidan abenturari. Urte mordoa informazioaren atzetik, artxiboz artxibo! Bizitzan behin egiten da eta kitto!".
Berak egindakoa Urnietaren antzerako herrientzat eredugarria izan daitekeela adierazi zuen ondoren: "Erdi Aroko agiririk ez daukaten herriek jakin bezate Udalen aldetik borondatea edukiz gero, berreskura dezaketela beren ondare dokumentala; izan ere, ez baitago historiarik ez daukan herririk".

Protokoloen artxibategia
Urnieta herri ez zen garaietan, bertako bizilagunak Donostia, Asteasu eta Hernaniren menpe bizi ziren batez ere. Horietatik, batez ere Hernaniri lotutako agiriak topatu ditu Ayerbek, Oñatiko protokoloen artxibategiak gordetzen dituenak. Protokolo notarialak ageri dira bertan: "testamentuak ez ezik, baita jarduera publikoarekin zerikusia duten ekintzak ere (epaileen edo alkateen hautaketak, udal kontuak...). Hots, 1615ean edozein udaletxek egin beharreko kudeaketarekin lotutako materiala".
Valladoliden bi artxibategi miatu ditu. "Simancasen Gaztelako erreinuko agiritegi administratiboa aurki daiteke; exentzioekin harremana dutenak batik bat. Chancillerian, berriz, Epaitegi Gorenekoak biltzen dira. Urnietako herritarrak makina bat auzitan sartzen ziren eta pozgarria egiten zaigu datu hori, informazio iturri aberatsa iritsi baitzaigu horri esker! Izan ere, bizitzatik ez gatz ez berakatz igarotzen den herriak nekez berreskura dezake bere historia".
Azkenik, Iruñeko elizbarrutiko agirietara jo du Ayerbek. "San Migel parrokia herriko patronatukoa zen, eta komunitateko kontu ugari elizaren bitartez antolatzen zen, bikarioaren bitartez". Adibidez, agiririk zaharrenetakoa topatu ahal izan du. "1502koa da, eta komunitateko agintari izateko antolatzen den hautaketa prozesu guztia azaltzen da bertan".

Alderdi orokorrak
Liburuaren lehenengo atalak Urnietaren ezaugarri orokorrak biltzen ditu (demografia, ogibideak, bizimoduak...). Urnietaren argazki deskriptibo bat egiten saiatu da: "Hiriaren zabalkunde urbanoa oraindik jasan ez duen komunitate baten aurrean gaude; biztanleriaren zatirik nagusiena leku zelaitsuan bizi da, errege bidearen inguruan. Hortik aparte, zenbait baserri sakabanatuta daude. Hidalgoak dira bere biztanleak, eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira batez ere; aipatzen dira beste zenbait ogibide, hala ere".
Garai horretatik aspektu batek eragin dio arreta bereziki: "gazte asko, zakutoa hartu, eta Indietara edo Terranobara abiatu ziren, edo eta armadan sartu ziren; maiz ez ziren itzuli, gainera. Etxearen eta familiaren zorrak kitatzeko, irtenbide horri heldu behar diote".

Kostatako askatasuna
Bigarren atalak, Urnietako herrixka edo unibertsitateak herri gisa eratu arte bizi izan zuen bilakaera historikoa aztertzen du. Gipuzkoa behin Gaztelako erregearen esku geraturik, honetxek zeukan herri titulua emateko ahalmena, eta 1180an banatu zituen lehenbizikoak, Donostia eta Hondarribia. Kostaldekoak izan ziren lehenbiziko herriak, Tolosa, Segura eta Ordizia barnekoak. Gainerako herrixka edo unibertsitateak herrien babesean geratu ziren".
Ezaugarri bereziak ditu Urnietak testuinguru historiko horretan, bakarra izanik antzeko kasua Gipuzkoa osoan. "Bertako biztanleak hiru administraziotan banatu ziren: Hernani, Donostia eta Asteasu hiriburu duen Aiztondoko Alkatetza Nagusia. Bizilagunek, noren jurisdikzioan bizi nahi, libre eduki zuten harekin sinatu ahal izateko kontratua".
Egoera horrek alde onak eta txarrak ekarri zizkien biztanleei. Mesedegarriak, herri foruaz gozatzea eta herri baten babesa edukitzea (segurtasun eza bizi zen garaietan), Urumeako mendien erabilera... "Baina alde ezkorrak ere gehitzen joan ziren, boteredunaren eta menpekoaren artean gertatu ohi den bezala".
Carlos I. erregeak, gorteko kutxan diru eskasia zuela eta, jurisdikzioak salgai jartzea erabaki zuen 1538tik aurrera. Legazpi izan zen lehena herri titulua erosten, 1608an. Aurrekari hori edukirik, Tolosaldeko 29 herrixkek, Andoain bultzatzaile nagusi zutelarik, bat egin zuten beren burujabetza lortzeko. 1615eko otsailean saldu zien erregeak titulua. Urnieta ez zen mugimendu horretan sartu, bestelako bidea jarraitu zuen. Hori bai, azpimarratzekoa da burujabe izateko gogoa azaldu zutela bertako biztanle guztiek, eta bat eginda ekin ziotela.
Ondoren, urtetan bata bestearen atzetik eman ziren gertakizunak azaldu zituen Ayerbek, maiz nobela historikoen pareko gidoi bat kontatzen ariko balitz bezala, intrigaz eta jukutriaz beteriko  kontakizuna benetan.
"1608an Asteasuko alkatea hil egin zen, eta erregeak Francisco Borja, Esquilacheko printzeari eman zion har utzitako kargua. Ospe txarreko gizona zen Borja, eta 1.500 dukaten truke Debako jauntxo bati saldu nahi izan zion. Urnietarrek, printzearen joko horren berri izan bezain pronto, 2.000 dukat eskaini zizkioten. Horretan zebiltzala, ordea, erregeak printzea Ameriketara bidali zuen, han kargua eskaini eta gero. Gorteko ogasun kontseiluarekin negoziatzea ikusi zuten egokiena urnietarrek orduan, eta bertako apaiza zen Juan Ikutza izendatu zuten eginkizun horretarako. Horrela, 1615eko uztailaren lauan onartu zituen erregeak burujabetzarako baldintzak. Biztanle bakoitzeko 25 dukat ordaindu beharra ezarri zuen (idi batek balio zezakeen salneurria). Abuztuaren 6an egin ziren hauteskundeak eta Antonio Absalon izan zen lehen alkatea Urnietan".
Arazoak ez ziren amaitu alkatea izendatzearekin, alabaina. "Donostiak eta Francisco Borjak kexua agertu zioten erregeari, nork bere arrazoiak emanez". Erregeak, hara zein erabaki hartu zuen: "Urnietari ez zion kendu eman berri zion titulua, baina Donostiako eremukoak izan ziren biztanleei bere horretan jarrai zezaten agindu zien, eta Asteasuko Alkatetza Nagusikoak izan zirenei, berriz, itxaron zezatela Francisco Borja hil arte. Hortaz, praktikan, soilik Hernaniren menpe bizi izan ziren biztanleek lortu zuten eskubide osoko urnietartasuna".
Hogeita hamahiru urte igaro behar izan zuten egun deseatu hori irits zedin: hain zuzen, "Borja 1648an hil zen eta Donostiak berehala eman zuen amore".

Urnietako etxe eta familien historia
Urnietako etxe eta baserrien historiek hartzen dute liburuaren zatirik nagusiena. "Arakatutako artxiboetan protokolizatuta agertu diren etxe guztien inguruko agiriak jaso ditut. Horietan, Urnietako hainbat familiei buruzko informazioa agertzen da, batez ere, zeintzuk diren ohiturak etxearen eta etxekoen oroimena belaunaldiz belaunaldi mantentzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!