Udal hauteskundeak: Maider Lainez, PSE-EEko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:40

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Maider Lainez: “Andoain zeu zara”, datorren lau urtetarako prestatu dugun proiektua gertukoa eta errealista delako. Lau zutabetan oinarrituta dago, edornork Andoain bizitzeko, lan egiteko, elkarbizitzeko eta gozatzeko aukeratu dezan.
 

Udal hautagaiari elkarrizketa:


Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
M.L.: Insituzio guztien helburua lana sortzea da; hori dela eta, ekintza eta politika guztiak ildo horretatik joango dira. Ez da erraza izango eta ez dugu berehala lortuko, baina buru-belarri arituko gara lanean. Aldi berean, gizartean baztertuta daudenek kezkatzen naute: egunean hiru aldiz jan ezin dutenek, berogailua piztu ezin dutenek, etxetik kaleratuta daudenek… Zero bazterkeria lortu nahi dugu.

Udalaren egoera ekonomiko zailak baldintzatu du agintaldi osoa. Bideratzen doala dirudi. Zein da zuen analisia? Zure alderdiak nola hobetuko luke hori?
M.L.: Denon baliabideak eraginkortasunez erabili behar ditugu, bakoitzak bere etxean egiten duen bezala. Udaletxean diru gehiagorekin jokatzen dugu, baina ditugun gastuak berrikusten eta gutxitzen saiatu behar dugu; eta, aldi berean, dirulaguntzen bidez diru sarrera handiagoak lortu behar ditugu. Bidea ez da familiak itotzea eta tasak igotzea. Gainera, nire konpromisoa erakutsi nahiko nuke gardentasunez eta zintzotasunez jokatzeko, izan ere, euro bakoitza non gastatuko dugun argitaratuko dugu.

Enplegua, industria, zerbitzuak… Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al du agintaldi berrian?
M.L.: Eskualdeko garapen agentziaren alde gaude, Gipuzkoan horrelakorik ez duen eskualde bakarra baikara. Oso garrantzitsua dela uste dugu. EH Bilduk indarrean dagoela dioen arren, gezur hutsa da, oraindik forma juridikorik ez duelako. Hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean agentzia sortuta dagoela esatea estrategia hutsa da. Gure ustez, jendearen itxaropenarekin jokatzea tamalgarria da.

Gizarte Zerbitzuak alderdi politiko ezberdinek kudeatu dituzte azken hamarkadan. Adostasun maila handiena duen alorra al da? Asebetetzen zaitu bulegoetan egiten den lanak?
M.L.: Gizarte Zerbitzuen kasuan horrela izan beharko luke, baina zoritxarrez, batzuetan ez da horrela gertatu. Adibidez, laguntza sozialekin arazo asko izan ditugu. EH Bildu eta EAJren babesarekin, diru zati handi bat presoak bisitatzeko bidaietako gastuetara bideratu da. Gure ustez, beste gauza askotan erabili genezakeen dirua da hori: haurtzaindegian tasak jaisteko, San Juan Bautista egoitzan erabiltzeko… Gai horietan inbertitzea positiboagoa eta emankorragoa litzateke.
Udaleko zein beste alor edo atalak kezkatzen zaitu gehien?
M.L.: Asko daude, baina agian hondakinaren bilketa azpimarratuko nuke, herritarren artean duen oihartzunarengatik. Plenoan aho batez onartu zen bosgarren edukiontzia jartzea, baina denbora aurrera doa eta EH Bilduk ez du oraindik martxan jarri. Argi utzi nahi dut alkate izango banaiz ez dudala atez atekoa jarriko.

Zergatik ez da egon, zure ikuspegitik, azken lau urteetan adostasun politiko handiagorik?
M.L.: Legegiltzaldian zehar EH Bilduk ez du ulertu gehiengorik ez zuela eta ez du akordioetarako gaitasuna erakutsi. Inposaketaren bidez hartu dituzte erabakiak, eta horrek arazoak sortu ditu. EAJrekin “akordioak” egitea lortu dute, aurrekontuak egiteko, herritarrei tasak igotzeko, presoen eskubideekin lotutako mozioak aurrera eramateko… Atal horietan zaila egin zaigu akordioak lortzea, guk ezarritako lerro gorri eta mugak ezin genituelako igaro.
Dena den, herritarren eskubideak eta ongizatea defendatu behar izan direnetan hor izan gara. Halere, alderdi bakoitzak autokritika egin eta datorren legealdirako zein gauza aldatu behar dituen ikusi behar dituela uste dut.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
M.L.: Etor dadila batzorde edo pleno batera, denok berdinak ez garela ikusteko. Telebistako berriekin zaila da politikan sinestea, eta politikari batzuk ez dute horretan laguntzen, ustelkeria kasu asko baitaude. Baina horiek ez dira politikariak, horiek lotsagabeak eta lapurrak dira. Udaletxean, ordea, gardentasunez eta zintzotasunez jokatu behar dugu.

Nola definitiko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik ba al duzu?
M.L.: Goi mailako ingeniaria naiz, mekanika eta antolakuntzan espezializatua. Ezkondua eta sei urteko haurraren ama. Enpresa pribatuan egin izan dut lan, eta egun Cita-Alzheimer fundazioan dihardut bertako kudeaketa arduradun lanetan. Aldi berean, Andoainen zinegotzi eta sozialisten bozeramailea naiz. Gertuko emakumea naiz, konprometitua, apasionatua, tematia, taldean lan egitea gustatzen zaiona, entzuten duena eta jendearekin egoten dena. Harro nago langilea naizelako eta nire helburuak lortzeko jo eta ke aritzen naizelako. Burugogorra naiz, eta zerbaitetan sinesten dudanean, borrokatu egiten dut, astuna izateraino.  

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
M.L.: Hasiera batean zinegotzi lanetan aritzen nintzen gaiak landuz, batzordeetara joanez…, Duela bi urte, ordea, bozeramaile izendatu ninduten eta ordutik nire lana zertxobait aldatu zen. Aurrez egiten nituen lanez gain, plenoetan parte hartze handiagoa dut eta alor soziala ere niri dagokit; prentsa oharrak egitea, prentsaurrekoak ematea eta prentsarekin egotea.
Zenbateraino eragingo dute estatu mailako aldaketa politikoek alderdi sozialistan?
M.L.: Udal hauteskundeetan gaudenez, herritarrek gertutasuna bilatzen dute eta hautagai diren pertsonetan jartzen dute arreta. Pertsonari bozkatzen diete gainontzeko gauzen gainetik.

Zergatik eman behar zaizu botoa zuri, eta ez besteei?
M.L.: Kultur eta kirol ekintzekin konformatzen ez bazara, presoen senitartekoei diru laguntza ematearekin ados ez bazaude eta mesiasengan sinesten ez baduzu, guk gertuko proiektu errealista aurkezten dizugu. Zuen partaidetza eta inplikazioarekin aurrera eramango dugu. PSE-EE bozka ezazu, besteek zure izenean erabaki ez dezaten. Andoain zeu zara.

 

Pertsonaia historikoa:
AMA KANDIDA.
Garai horretan berdintasunaren alde egin zuelako, emakumeon profesionaltasunaz arduratu zelako.

Andoaingo txoko bat:
LeiTzaran harana.
Izugarrizko altxorra dugu eskura; bertara joan eta ibaiaren soinua entzutea niretzat oso polita da.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
Ahal dudan guztietan egotea gustatzen zait; beraz, oro har, denak gogoko ditut.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
Zorionez herri mugimendu handia dugu eta denak beharrezkoak dira.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
Andoni Baltasar.
Alderdi ezberdinetakoak izan arren, hasieratik oso erraza egin zitzaidan berarekin hitz egitea. Pena ematen dit datorren agintaldian ez egoteak.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!