Udal hauteskundeak: Jorge Mourinho, Irabaziko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:39

Nondik sortu da Irabazi Andoain koalizioa?
Jorge Mourinho. Azken bi urteetan gorpuztuz joan zen mugimendua da, jende konprometituak osatua eta ekimen ezberdinetan ibilbide luzekoa dena. Gure artean daude Caritas, Stop Desahucios, Activate   langabetuen mugimendua,...

Udal hautagaiari elkarrizketa:

Nondik sortu da Irabazi Andoain koalizioa?
Jorge Mourinho. Azken bi urteetan gorpuztuz joan zen mugimendua da, jende konprometituak osatua eta ekimen ezberdinetan ibilbide luzekoa dena. Gure artean daude Caritas, Stop Desahucios, Activate   langabetuen mugimendua,... Udal ikuspegian pentsatzen hasi eta hauteskundeei begira jarri ginen. Udal politikan parte hartze zuzena izateko borondatea dugu. Horrela gorpuztuz joan zen mugimendua. Zein markarekin aurkeztuko ginen erabaki gabe genuen. Gure artean independiente ugari dago eta gutako batzuk EPK alderdi komunistatik gatoz. EPK Ezker Batuan zegoen, gerora Ezker Anitza-Izquierda Unida dena. Ikuspegi federala dugu, ez dugu inoiz IUrekin lotura eten. Ondoren iritsi zen Equo eta Alternativa Republicanarekin batera Irabazi koalizioan joateko aukera.

Denbora daramazue, beraz, lanean.
J.M. Irabazi Andoain gure hautes-zerrenda adierazi dudan bezala, denbora luzez gorpuztuz joan da. Lana egin dugu gogotik eta azkenaurreko pausoa izan da gure mugimenduari sigla jartzea.
Gure harridurarako Ganemos Andoain izeneko zerrenda hori aurkeztu da hauteskundeetara.

Zergatik aurkezten zarete, zeintzu dira zuen ideia nagusiak?
J.M. Gainerako mugimendu politikoek bezala, Udalgintzan ordezkaritza izan nahi dugu. Bigarrenik, gure proposamenak Andoain eta herritarrentzat interesekoak izan daitezkeela uste dugu. Programa politikoa lantzen aritu gara eta espero dugu Udal ordezkaritza eskuratzea.
Bi zerrenda beretsu aurkeztean lan erantsia izango dugu, gure inguruari nortzuk garen ondo azaldu behar diogu nahasketarik izan ez dadin.

Zuen programatik ideia zehatzen bat azal ezazu.
J.M. Desenpleguarena, zalantzarik gabe. Langabeziari aurre egiteko neurriak proposatzen ditugu: Lan kooperatibei lagundu, izaera sozialeko merkataritza sustatzea, langileak kenduz zerbitzu automatikoak erabiltzen dituzten gasolindegi edota erakundeei zergak handitzea.
Herri mailan enplegua areagotzeko plan bat martxan jarri nahiko genuke.

Udaletxean azken agintaldietan ez dela nahikoa egin iruditzen al zaizue?
J.M. Gure ikuspegia da blokeo modukoa dagoela udaletxean, bereziki gehien ukitzen gaituen gizarte alorrean. Udalaren konfigurazio politikoagatik ezinezkoa izan da alor batzuetan garatzea. Adibidez, etxebizitza alorrean gehiago egin zitekeen.
Agintaldi honetan, ordea, gehiengo politikorik ez da egon alor horiek garatzeko. Alderdiko estrategia politikoetan ibili dira alderdi batzuk, eta hortik blokeo egoera hori. Badirudi estrategia politikoa gailentzen dela, garai hauetan, gizartearen ongizatea lehenetsi behar litzatekeenean.

Udal ordezkaritza lortzen baduzue alderdi bezala nola funtzionatuko duzuen argi al duzue?
J.M. Talde moduan lan egiten dugu, gurea taldeko lana da. Ildo horri heldu nahi diogu, egunetik egunera kolektibotasunari eutsiz. Jokabide horrekin Andoaingo herritarren proposamenei irekita gaude. Gure erabakiak taldean hartuko ditugu, modu kolektiboan.
Hilean behin bilera irekiak egingo ditugu. Hori dagoeneko erabakita daukagu.

Zuena bezalako alderdi berri batek nola egiten dio aurre hamabost eguneko kanpainari?
J.M. Irabaziren hautes txartela etxebizitza guztietan banatuko da, eta hori guretzat garrantzitsua da. Kartelak egin ditugu eta datozen egunetan ahal duguna egingo dugu. Boletin bat egin dugu gure lehen bost hautagaien argazkiarekin, eta gure ideia nagusiekin. Ditugun mugak kideen militantziarekin ordekatzen ahaleginduko gara.

Apirilaren 24an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean zuen zerrenda argitaratu zen, eta baita Ganemos Andoain delakoa ere. Ezusteko handia izan zen. Zuek beste zerrenda horren berri ba al zenuten?
J.M. Ez. Guk ere ezustean jaso genuen albistea. Izena ia berdina da, guk helegitea aurkeztu genuen eta ez digute jaramonik egin. Gurea Irabazi Andoain da, haiena Ganemos Andoain.
Haiek azken orduan aurkeztu duten hautes zerrendarekin, eta izen horrekin gainera, nahasketa sortzea helburu dutela uste dugu. Iraganean Ezker Batuaren baitan sortu zen hausturaren ondorio da gaur egun Andoainen bizitzen ari garena. Prozesu hori barrutik bizi dugunok badakigu zertaz ari garen, baina zoritxarrez botu-emaileek ez dituzte mugimendu hauek ulertzen. Guri dagoeneko aipatu digute, “baina, zuek orain nortzuk zarete?”. Atera kontuak!

Biak ere kanpoan geratzeko arriskua duzue.
J.M. Halaxe da.

Apirilaren 24tik hona zuek eta besteek hartu emanik izan al duzue?
J.M. Ez.

Eta hitz egiteko asmorik ba al duzue?
J.M. Ezer gutxi esan dezaket. Ganemosekoena politikoki jokaldi zikina da, haiekin hitz egiteko ez dut batere gogorik. Uste dut ez dutela helburu hori, gainera. Haien helburua gure aurka joatea da.

Bitxia da, hilabete asko daramatzazue lanean eta Ganemoseko Olga Hernandezek dio ez zuela zuen berririk.
J.M. Izan daiteke. Ganemosen atzean dagoen jende horrek hautagai bat behar zuen. Andoaingoa da, zerrendaburu garbi bat behar zuten eta gainera eremu batzuetan ezaguna da. Uler dezaket berak gure berri ez izatea. Ez du alkategai izateko profila betetzen, baina irudi hori behar zuten. Ganemoseko hautes-zerrendaren hurrengo hautagaiak ikusi ahala berehala antzeman dugu nor dagoen mugimendu horren atzetik. Talde horretan pertsona batzuk daude non sartu diren kontziente izan gabe. Pertsonen aurka ez dugu ezer, baina Ganemoseko batzuen helburua guk hautagaitzarik ez lortzea da.

Hautagaia zeu zara. Kargua lortuz gero, lau urteak udalgintzan emateko konpromisoa hartzen al duzu?
J.M. Prest nago ardura horiek hartzeko. Lehen aldiz ardura postuetan noa. Sindikatuetan esperientzia badut eta politikan lehen aldia izango da.

 

Pertsonaia historikoa:
Ez zait orain bat burura etortzen.

Andoaingo txoko bat:
LeiTzaran harana.
Txikitandik Ollokiraino joaten ginen, egunak igarotzera. Bere osotasunean ederra da.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
Ez naiz oso festazalea. Elkarteetan afaltzea nahiago izaten dut eta emazteak izugarri maite ditu Andaluziako dantzak. Horietara joaten gara.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
STOP DESAHUCIOS.
Azken urteetan aipagarria da elkarte horrek egin duen lana. Badira historia luzeko erakundeak ere. Beharrak dituztenen alde mugitzea garrantzitsua dela deritzot.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
MIREN AGIRREURRETA.
Gizarte mailako hainbat kontuetan murgilduta ibili gara eta udaletxera jo dugun bakoitzean jokabide zuzena eta atsegina izan du gurekin.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!