Udal hauteskundeak: Ana Carrere, EH Bilduko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:38

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Ana Carrere: “Andoain herritarrekin batera ehuntzen” ari garela azpimarratuko nuke. 

Udal hautagaiari elkarrizketa:



Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
A.C.: Sustapen ekonomikoa eta enpleguaren proiektua eskualdean lantzen jarraitzea oso garrantzitsua da, horrek beste onura batzuk ekarriko dizkiolako Andoaini.

Udalaren egoera ekonomiko zailak baldintzatu du agintaldi osoa. Bideratzen doala dirudi. Zein da zuen analisia? Zure alderdiak nola hobetuko luke hori?
A.C.: Agintaldira iritsitakoan egoera ekonomiko larriarekin topo egin genuen eta horrek azken lau urteak baldintzatu ditu. Aurreko agintaldian lehentasuna ohiko gastuetan jarri zuten, herritarren beharrei eman ordez. Hala, Udalaren ohiko gastuak oso handiak dira. Azken lau urteetan indar handia egin dugu hori guztia bideratzeko; maila teknikoan, lan sailetan, langileekin… Horrek eragin zuzena izan du herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan.
Hemendik aurrera, ohiko gastuak kontu handiz erabiltzen eta jaisten saiatu behar dugu. Gainera, Udalak ur kalitatea bermatzeko mantenimendu eta inbertsio lan handia duenez, Ur kontsorzioan modu integralean sartzea mesedegarria izango litzateke.

Enplegua, industria, zerbitzuak… Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al du agintaldi berrian?
A.C.: Eskualde mailan lanean hasi ginen eta ezinbestekoa da bide horri jarraipena ematea. Beterrin proiektua bateratu, egoera soziokulturala bultzatu eta sinergiak aprobetxatu behar ditugu; hau da, herri batek duen potentzia eskualdera eraman eta guztiok elkarrekin joan behar dugu.
Egoera ekonomikoa hobetu da, defizitik ez baitago.
Gizarte Zerbitzuak alderdi politiko ezberdinek kudeatu dituzte azken hamarkadan. Adostasun maila handiena duen alorra al da? Asebetetzen al zaitu bulegoetan egiten den lanak?
A.C.: Gaur egun behar handia dago; horregatik, alderdi guztiok garrantzia handia ematen diegula uste dut. Gure artean desadostasunak egon daitezke, lehentasuna eta indarra non jarri erabakitzerakoan; baina, orokorrean, gizarte zerbitzuek egiten duten lanaz guztiok arduratzen gara.

Udaleko zein beste alor edo atalak kezkatzen zaitu gehien?
A.C.: Enpleguak. Udalok oso eskumen txikia daukagu enplegua sortzeko eta egoera sozioekonomikoa aldatu ahal izateko. Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da, baina gaiak kezkatzen gaituen arren, eskumen txikia dugu guk. Langabeziarekin amaitzeko bidean, erakunde zabalagoak eta eskumen handiagokoak daude. Gure aldetik, beraz, Beterri garapen agentziari indarra ematea izango da helburua.
Zergatik ez da egon, zure ikuspegitik, azken lau urteetan adostasun politiko handiagorik?
A.C.: Zoritxarrez ez da egon eta ziurrenik hori izan da alderdi guztion ahultasuna. 2011n espero ez ziren emaitzak jaso ziren, eta Udalera sartu ginen. Ordutik, kudeaketarako eta herritarren beharrak bideratzeko gaitasunik ez genuela kaleratu nahi izan dute gainontzeko alderdiek.
Ziur nago guk ere akatsak izan ditugula adostasunetara ez iristeko, baina beraiek ekarpen oso gutxi egin dute. Udaletxe batean gauza asko dago kudeatzeko.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
A.C.: Ulertzen dut ikuspegi hori izatea, baina hori zergatik esaten duen galdetuko nioke. Zer esan nahi da esaldi horrekin? Zertan gara denok berdinak? Denak erakunde publikoetatik bizitzeko etortzen garela, benetan herritarrez kezkatu beharrean? Horrela bada, ezezkoa erantzun eta eztabaidatu egingo nuke; ez baitut uste denok helburu berarekin etortzen garenik.

Nola definitiko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik baduzu?
A.C.: Alor politikoan, ezkertiarra, abertzalea eta feminista izan naiz betidanik. Maila pertsonalean, pertsona arrunta naiz, bizitza beste edozein herritarrek bezala egiten baitut: lagunekin eta familiarekin egonez.
Bestalde, harro nago Udalari esker herritarrekin eduki dudan harremanaz; andoaindar asko ezagutu dut eta beraiekin eduki dudan hartu-emana gogoko izan dut. Herritarrak konfiantza osoarekin bulegora etortzea lortu dut. Atea irekita egon da beti beraien arazo edo kontuak azaltzeko.
Maila pertsonalean nire bizitza kirolarekin oso lotuta egon da, entrenatzaile edota kudeatzaile gisa. Alor guztiak ukitu ditut kirolean eta harro nago lortutakoarekin.
Ahultasunak ere baditut. Zaila da erantzutea, baina egia da etxean despistatu samarra naizela, eta batzuetan egoskorra, izaera gogorrekoa…

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
A.C.: Gure misioa Udala irekitzea izan da; herritarrek eskura dutela ikustaraztea. Andoaindarrek eskubide osoa dute bertara sartu eta alkate eta zinegotziekin hartu-emana izateko.
Hala ere, herritarra ez da beti gugana etorri behar duena, guk ere eman behar baitugu beraiengana hurbiltzeko pausoa. Urteotan Udala kalera atera dugu auzoetara joanez.

Zenbateraino eragingo dizuete zailtasun ekonomiko handian boterean egoteak?
A.C.: Boterean egoteak neke handia suposatzen du, baita maila pertsonalean ere. Egoera ekonomikoak neke eta ardura handia ekarri du, kezka handia delako. Ez genuen uste egoera horren larria zenik; horregatik, herritarrei esandako zenbait gauza ezin izan ditugu bete. Hala ere, espero dut herritarrek ulertuko gaituztela. Gauza batzuk egiteke daude: liburutegia, kultur sortzaileentzat espazioa… Beharra hor dago. Hurrengo urteetako garapen ekonomikoa zein den ikusi beharko dugu; oraingoz bide onean goaz, baina egoera ez da proiektu handitan sartzeko modukoa.

Zergatik eman behar zaizu botoa zuri, eta ez besteei?
A.C.: Duela lau urte hasitako lanak jarraipena behar duelako. Lau urte ez dira nahikoa proiektuak ikusteko; batetik, egoera ekonomikoa zaila izan delako eta bestetik, prozesuak luzeak izaten direlako. Gure aurretik Udalean egon zirenen esku uztea udaletxea gainbeherara eramatea izango litzateke, haiek Udala gaizki eta ekonomikoki zuloan utzi zutelako.

 

Pertsonaia historikoa:
JUANITA ALKAIN.
Bere ibilbideaz gain, emakume bezala zailtasun handiak izan zituelako eta euskararen alde ere lan handia egin zuelako.

Andoaingo txoko bat:
santa krutz eliza ingurua.
Bertan elkartzen dira Oria eta Leitzaran. Oso indartsua da natura aldetik eta, gainera, herrigunean dago.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
ETXEBERRIETAKO JAIAK.
Zaila da, auzoetako jai guztiak gogoko ditudalako.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
Leizaran, txistulariak.
Leizaran eskubaloi taldeak gazte asko biltzen ditu, mutil zein neska.
Txistulari taldea azken urteetan lan handia egiten ari da.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
Toñy Landa.
Herrikoia, oso andoaindarra eta parte hartzailea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!