Udal hauteskundeak: Olga Hernandez, Ganemoseko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:37

Nondik sortzen da Ganemos Andoain hautagaitza?
Olga Hernandez. Hasiera batean 2011n Ezker Batua-Berdeak alderdiarekin eten genuen bidea berrekin nahi genuen. 

Udal hautagaiari elkarrizketa:

Nondik sortzen da Ganemos Andoain hautagaitza?
Olga Hernandez. Hasiera batean 2011n Ezker Batua-Berdeak alderdiarekin eten genuen bidea berrekin nahi genuen. Gogoan izan behar da hiru botorengatik ez genuela Sergio Barreiro 17 zinegotziren artean sartu.
Barne prozesu bat egon da, eta Ezker Batua-Berdeak zenak Ezkerra-Berdeak izena du orain. Udal hauteskundeengan pentsatzen hasi ginenean harremanetan jarri ginen haiekin. Aukera ezberdinak aztertzen ibili ginen arren, azkenean Ganemos marka erabiltzea proposatu ziguten eta horri ekin genion. Sentsibilitate ezberdinak hurbiltzen dira gure baitan.

Zer eskaini nahi diozue gizateari?
O.H. Ezker Batuko militante eta botuemaile ohia naiz. Ezker Batuko zatiketa hasi zenean nire ama hiltzen ari zen. Orduan ez nengoen eztabaida horietarako.
Bestalde, betikoa da ezkertiarren arteko zatiketa. Beti zatituta gaude. Nire kasuan sigla ez da garantzitsuena, sentsibilitate ezberdinak erakarri nahi ditugu. Nik uste gaur egungo egoerarekin nahiko aspertuta gaudela denak ere. Baita PPko botuemaile klasikoa ere. Kokoteraino daude aginte postuetan dauden hainbat alderdikiderekin.
 Proposamen politikoa lantzen ari gara Udal hauteskundeetarako, herritarrek uler dezaketen hizkera erabiliz. Ahalik eta zehatzen jokatuko dugu. Agerikoa da esango dudana, baina ordezkari politikoek herritarren esanetara egon behar dute.

Egitura berri-berria da zuena, nola pretsatzen da kanpaina bat horrelako egoeran?
O.H. Ia dirurik gabeko kanpaina izango da gurea. Gure programa fotokopia bidez banatuko dugu, eta kartelak ere ipiniko ditugu. Ezer gutxi gehiago egiteko aukera izango dugu. Baliabide eskasak ditugu.
Udal hauteskundeen zerrendak argitara eman zituenean ezustean ikusi genuen zuen hautagaitza. Ganemos Andoain zuek, Irabazi Andoain besteak,... Ez ote da bientzat ere kaltegarria izango?
O.H. Izan daiteke, bai. Diario Vascoko kazetariak deitu zidan arte ez nekien gure antzeko hautes-zerrenda bat zegoenik. Neronek behintzat, jakin izan banu, beste hautagaitzarekin hitz egingo nukeen.
Gure aurkariak ez dira haiek.

Nolanahi ere harritu egiten gaitu hauteskundeetara aurkeztuko den alkategai batek herriko mugimendu politikoen berririk ez zuela aitortzea.
O.H. Lanbidez irakaslea naiz,  hizkuntza eskolan. Arratsalde askotan eta larunbat batzuetan lan egiten dut eta hitzordu askotara joatea ezinezkoa zait. Besteak beste, Stop Desahucios-Kaleratzeak Stop mugimenduak deitzen dituenetara.

Zuen gisako mugimenduetan batzar irekiak eta primariak delakoak egiten dira. Zuen kasuan horrela izan al da?
O.H. Jarduera publiko txikia izan dugu. Ez dugu batzar irekirik egin, egia da. Azken egunean aurkeztu genuen zerrenda hauteskunde batzordean eta egun hauetan herritar ezberdinengana jo dugu proposamenak jaso asmoz.

Zuen eta Irabaziren kasua aztertzen hasita, zuen artean zerbait badagoela igartzen da. 2011n Ezber Batuako zerrendan zeundeten bost kide orain bi zerrenda ezberdinetan aurkeztu zarete.
O.H. Jakina da Ezker Batuaren baitan zatiketa izan zela. Une horretan neu aldendu egin nintzen militantziatik. Ez dut uste bi hautagaitzen artean ezberdintasunak hain handiak izango direnik.

Soziologikoki eremu berbera erakarri behar duzue Irabazik eta zuek. Nola egiten da kanpaina bat egoera horretan?
O.H. Lehen aldiz aurkezten naizela alkatetzarako. Sergio Barreirok proposatu zidan, oso laguna dut eta pentsamendu politiko berdina dugu. Politikarien ospea ez da onena, baina animatu egin naiz. Gure proposamenak aurkeztuko ditugu; Andoaingo herria hobetzera doazenak.

Boterean egon eta PP edota PSOE ez diren alderdiak zaku berean sartzen al dituzue kritika egiteko garaian?
O.H. Ezker abertzaleak, noski, ilegalizazioarekin ezin izan du urte luzez boterean egon. Beraz, guretzat ez da boterean gotortu den alderdi politiko bat. Agintaldi honetan batzar ireki asko egin dituzte auzoz auzo. Ez dira noski gauza bera. Politikoki, ordea, ez dugu denean bat egiten.

Andoaingo egoera ekonomikoaren jakitun zarete. Zein iritzi duzue?
O.H. Alkateak egoera ekonomikoa azaltzeko batzar batean izan ginen eta ikusi nuen irtenbidea zail samarra zela. Ika-mika handia egon da ur kontsortzioaren harira, eta nire ustez eztabaidan aritzeak ez du zentzurik. Pixka bat informatuz gero, berehala ohartzen zara Ur kontsorzioa erakunde publikoa dela. Beste herrietan beste alderdi batzuk proposatu dute eta aurrera atera da.
Denen ongizatearen alde lan egingo dugu, eta zentzu horretan denen ongizatearen aldeko proposamenei ez diegu boikotik egingo.
Herritarren onerako diren proposamenak egingo ditugu eta beste alderdiek aurkezten dituztenak ere babesteko arazorik ez dugu izango.

Zinegotzi postua lortuz gero, karguari eusteko konpromisoa hartzen duzu orduan.
O.H. Noski. Kosta egin zitzaidan pausoa ematea. Ez dakit ondo edo gaizki egingo dudan, baina ez dut euro bat ere lapurtuko. Tristea da politiko batek hori esan behar izatea!
Nire egoera pertsonala aldatzen ez bada zinegotzi lanak beteko nituzke.

 

Pertsonaia historikoa:
Rikardo Arregi.
Kazetari bikaina, eta euskararen alde lan handia egindakoa zen.

Andoaingo txoko bat:
Unanibia zubia.
“Sorginen zubia” bezala ezagutzen dena. Topikoa da, baina leku magikoa da niretzat.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
Santakrutzak.
Betidanik gogoko izan ditut eta ahal dudan guztietan jaietan murgiltzen naiz.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
Caritas.
Gizarte mailan lan handia egiten ari direlako, behar-beharrezkoa garai hauetan.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
Toñy Landa.
Kultur alorrean murgilduta ikusi dut beti.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!