Udal hauteskundeak: Mari Jose Izagirre, EAJ-PNVko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:36

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Mari Jose Izagirre: Gehien errepikatuko dugun eslogana “Bestelako Andoain” izango da. Izan ere, Andoain geldirik dagoela ikusten dugu, eta horrek atzean geratzeko arriskua duela esan nahi du. 

 

Udal hautagaiari elkarrizketa:

Alkatea izango bazina buruan dituzun idei zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
M.J.I.: Gure proiektuak hiru lerro estrategiko lantzen ditu; gizarte politika, politika ekonomikoa eta Andoain bizia. Gizarte politikan, andoaindarrei bizi kalitate duina bermatu nahi diegu, eta horretarako, ekonomikoki indartsu egon behar dugu. Enplegua sortu behar dugu, industriaren ondoan egon behar dugu, komertzioa berpiztu behar da eta turismoa landu. Horrela, aberastasuna sortuko da eta bizi kalitatea bermatzeko gai izango gara, Andoainengan eragina izanez. Beraz, gure lehentasunak pertsonak, ekonomia eta bizitza izango dira.

Udalaren egoera ekonomiko zailak baldintzatu du agintaldi osoa. Bideratzen doala dirudi. Zein da zuen analisia? Zure alderdiak nola hobetuko luke hori?
M.J.I.: Nire ustez, egoera ez da hori, egoera ez baita hobetu EH Bilduk saldu nahi duen moduan. Egia da agintaldi osoan ekonomikoki egoera txarra igaro duela Udalak eta, andoaindarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta bizi-kalitatea bermatuta ikusi direla.
2012ko amaieran, proprosamen bat egin genion Bilduri 4 urteetan zehar egoera ekonomikoari buelta emateko. Neurri zehatz batzuk aztertu genituen: inbertsioetarako ahalmena, zaborrak, ura... Proposamen hori oraindik posible dela sinesten dugunez, horixe jarri nahiko genuke martxan.

Enplegua, industria, zerbitzuak... Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al ditu agintaldi berrian?
M.J.I.: Lehenbizi, euskaldeko agentzia osatu behar da, oraindik ez baita osatu. EH Bilduk hori saltzen badu ere, legealdi osoan ez dira eskualdeko agentzia osatzeko gai izan. Beraien proposamenak teknikoki eta juridikoki aurkako txostenak zituen, egiaztatu gabekoa baitzen. Agentzia osatzea zen beraien asmoa, zertarako eta nola jakin gabe.
Horren emaitza, agentzia ez osatzea izan da. Hiru herrietan soilik onartu da eta gainera, beraien proposamenean Andoain kanpoan geratzen zen.  

Gizarte zerbitzuak alderdi politiko ezberdinek kudeatu dituzte azken hamarkadan. Adostasun maila handiena duen alorra al da?
M.J.I.: Gizarte Zerbitzuetako langileek egiten duten lana azpimarratzekoa eta txalotzekoa da. Gaur egun, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dira Andoainen. Dena den, egoera aldatzen ari da; batetik, krisi ekonomikoarengatik familia asko oso gaizki pasatzen ari da, eta bestetik, gizartea zahartzen ari da eta gero eta heldu gehiago dago menpekotasun egoeran. Egoera aldatzen doan heinean, behar berriak sortzen ari dira. Horregatik, gure erronka behar horiei erantzuna ematea izango da.

Udaleko zein beste alor edo atalak kezkatzen zaitu gehien?
M.J.I.: Enpleguak. Jende asko dago hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituena eta horregatik, enplegua sortuko dugu. Hainbat neurri hartuko ditugu: zenbait baldintza jarriko ditugu andoaindarrek lehentasuna izan dezaten, gazteek lehen lanerako aukera izateko beka sistema bat ezarriko dugu, langabezian luzaroan egon direnentzat lanera bueltatzea landuko dugu, emakumeak lanera sartzeko ahaleginak egin eta lagunduko diegu...

Zergatik ez da egon, zure ikuspegitik, azken lau urteetan akordioak lortzeko adostasun politiko handiagorik?
M.J.I.: EH Bilduk ez du herritarrentzat lan egin, beraien jendearentzat baizik. Erabaki bat hartu behar izan denean, ekarpenak ez zituzten onartzen beraien iritzia lortzen ez bazen. Horrela lan egitea oso zaila da. Beraien ideiak aurrera eraman dituzte, baina hortik aurrera, ez dute gehiago egin. Horren adibide dira 2012ko aurrekontuak. Aurrekontu horietan, zenbait ekarpen egin genuen, abstenitu egin ginen. Aurrekontua aurrera atera zen, baina ekarpenetatik bat bera ere ez zuten bete. Negoziaketan sartu garenetan, talka egin eta beraiek nahi dutena egin izan dute; inposaketara joz.

Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
M.J.I.: Badakit gaur egun politikarekiko mesfidantza asko dagoela eta jendeak ez duela politikoengan sinesten. Konfiantza falta horri buelta eman behar zaio; lana eginez, herritarrak errespetatuz, eta azkenik, entzunez eta erantzunez.

Nor zara? Nola definitiko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Ahuldaderik baduzu?
M.J.I.: 45 urteko andoaindarra naiz, ezkondua eta 19 eta 15 urteko bi semeren ama. Jendearekin egotea oso gogoko dut; entzutea, egotea, kalean ibiltzea… Familia giroa zaintzea eta lantzea ere oso gustuko dut. Ahultasunei dagokienez, zerbaitetan jartzen naizenean oso tematia izan naiteke. Sinesten dudanean, aurrera jotzen dut etengabe eta hori agian nire aurka etor daiteke.

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
M.J.I.: Agintaldi honetan oposizioan egon gara eta lan hori ez da ikusten; oso zaila da jendeari erakustea. Gure lana oposizio eraginkor eta konstruktiboa egitea izan da, kalean topatu ditugun edota jendeak esan dizkigun arazoei irtenbidea emanez. Batzuetan lortu dugu aurrera eramatea, eta beste batzuetan ez.

Gipuzkoan bi alderdi abertzaleen artean iraganean EAJren kudeaketaren inguruko ika-mika sortu da. Albiste horiek zuengan eragina izango al dute?
M.J.I.: Ez. EAJk urteen poderioz herrigintzan lan asko egin duela erakutsi baitu. Hartutako erabaki estrategikoetan asmatu egin duela argi utzi du. Orain ezker abertzaleak EAJ kakaztu nahi du, baina nik konfiantza osoa daukat nire kideengan. Denborak erakutsiko die gezurretan ari direla eta ez dabiltzala ondo.

Zergatik eman behar zaizu botoa zuri, eta ez besteei?
M.J.I.: Andoain geldirik dago eta eboluzionatu egin behar dugu. Gure egitasmoak hiru lerro estrategiko biltzen ditu eta horiek osatzeko ate joka ibili gara, eragileekin eta herritarrekin elkartuz. Partekatutako proiektua da, atzean lan asko duena. Honela, beste Andoain bat eraikiko dugu; herritarren partaidetza sustatuko dugu, iritzia entzunez eta aurrera eramanez. Gure erreferenteak pertsonak dira, andoaindarrak. Horregatik, gu bozkatu behar gaituzte.

 

Andoaingo pertsonaia historikoa:
Aita Larramendi
Euskararen aldeko lan zorrotza egin zuen. Politikan eta kulturgintzan ere ekarpen baliogarriak egin zituen.

Andoaingo txoko bat:
OTIETA ETA ESPIGOIA
Bata naturan murgilduta dago, eta ni oso zalea naiz. Bestea, Oria eta Leitzaran ibaiek bat egiten duten tokia. Iluntzean hor argi berezi bat sortzen da, herriak beste ikuspegi bat hartzen du.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
Denak dira garrantzitsuak.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
CARITAS
Gizarte indibidualistago batean Caritasek elkartasun, kooperazioa eta elkarlana lantzen ditu.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
Erreferenteak alderdi barruan ditut. Udaletxean guztiekin harreman ona dut. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!