Udal hauteskundeak: Asun Guerra, PPko hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 14a, 13:35

Kanpainan gaude, zein da gehien errepikatzeko asmoa duzun esaldi, eslogan edo mezua?
Asun Guerra. Bestelako Andoain posible da. Lehentasuna pertsonak dira.

 

Udal hautagaiari elkarrizketa:

Alkatea izango bazina buruan dituzun ideia zehatzetatik martxan jarriko zenukeen bat aukeratu.
A.G. Lehenik eta behin, diru kontuen ikuskapena egitea. Eta hortik aurrera lehentasunak ezarri eta inbertsioak egiteari ekin.

Udalaren egoera ekonomiko zailak baldintzatu du agintaldi osoa. Bideratzen doala dirudi. Zein da zuen analisia? Zure alderdiak nola hobetuko luke hori?
A.G. Udal gobernu taldeak krisi garaian ez du kudeaketan asmatu, horixe da nire analisia. Irtenbidea diru inbertsioan dago, lehentasunezko diren horietan. Alegia, herritarrengan. Utz ditzagun gainditutako ideologietan oinarrituriko alferrikako gastuak alde batera.

Enplegua, industria, zerbitzuak... Hain beharrezkoa den eskualdeko garapen agentziak abiadura eta indarra hartuko al ditu agintaldi berrian?
A.G. Esan ohi den bezala, eskualde mailako garapen agentzia atzorako zen. Baina gobernu taldeak ez du garapenean sinesten eta azken orduan korrika eta presaka egin duena aurreikuspen faltsuak sortzea da.
Kea saltzen ari zaizkie andoaindarrei, euren lagunentzat txiringito berria sortuz.

Gizarte Zerbitzuak alderdi politiko ezberdinek kudeatu dituzte azken hamarkadan. Adostasun maila handiena duen alorra al da?
A.G. Sentsibilitate handien sortzen duen atala da, logikoa dena bestalde. Bertatik arrisku egoeratik gertuen daudenei laguntza ematen zaie. Bereziki garai hauetan, beharrak hain handiak izanik alferrik direla alderdien arteko eztabaida antzuak. Egoera, hala ere, nabarmen hobetu daiteke.

Udaleko zein beste alor edo atalak kezkatzen zaitu gehien?
A.G. Denek dute garrantzia, modu batera edo bestera denak elkar lotuta daudelako. Enpleguak aberastasuna sortzen du eta kontsumoa handitu, eta baliabide horiek ezinbestekoak dira udalerriarentzat. Horri esker gazteei bizi egitasmoa eskaintzen zaie, aisialdia sustatzen da, kultura, eta era berean kalitate hobeko enplegua izatea ahalbidetzen da.

Zergatik ez da egon, zure ikuspegitik, azken lau urteetan akordioak lortzeko adostasun politiko handiagorik?
A.G. Agintaldi honetan etengabe errepikatu dut hori. Gobernu taldeak ez du oposizioko alderdiekin akordiorik lortu nahi izan, ez dutelako akordioa bilatzen jakin edota negoziatu nahi izan ez dutelako. Azkenean errazagoa zaie oposizioari errua botatzea, euren gaitasun falta aitortzea baino.
 
Demagun kaletik zoazela eta “denak igualak zarete!” aurpegiratzen dizutela. Zer erantzungo zenuke?
A.G. Aldagai askoren arabera erantzun bat edo bestea emango nioke. Ikusi behar da nork esaten duen hori, nola, zenbaterainoko oldarkortasunarekin, elkarrizketa bati hasiera emateko gogoa baduen edo ez...
Saiatuko nintzateke eurei esaten oker daudela, eta politikari askok politikan urte asko daramagula herritarrekin eta herritarrentzat lan eginez –neure bizitza jokatuz, gainera–.

Nor zara? Nola definituko zenuke zure burua? Zertaz zaude bereziki harro? Eta ahuldaderik ba al duzu?
A.G. Medikua naiz ogibidez, eta denbora asko eskaintzen diot politikari eta herritarrari. Nire lanbideaz harro nago, jendearekin enpatizatzeko dudan gaitasunarekin ere bai. Berdin dio zein ideia dituen. Pertsonari entzun egin behar zaio nahiz eta bere ideiekin bat etorri ez. Entzuteak norbera aberasten duelako.
Nire ahultasuna: oldarkortasuna beharbada, eta pazientzia falta.

Zein izan da zure lana agintaldi honetan?
A.G. Oposizioan gobernu taldeari kontrol lana egin diot. Nire lana behar bezala egiteko oztopo asko jarri didate, hori esan beharra dago. Herria hobetzeko ekimen ezberdinak bideratu ditugu, baina Bilduren gobernuak ez die jaramonik egin nahi izan.

PP alderdiaren ospea inoiz baino txarragoa izanik, zertan eragin diezazuke?
A.G. Argi dago ustelkeria kasuak eztabaidaren erdigunean daudela une hauetan, baina alderdi guztiei eragiten die. Baita EAJ-PNVri eta Bilduri ere, nahiz eta hedabideek ez duten horri buruz hitz egiten.
Udal hauteskundeetan pertsonarengan erreparatu behar da gehiago, eta ez nahastu pertsona zehatz batzuk izan ditzaketen jokabide nazkagarriekin.

Zergatik eman behar zaizu zuri botoa, eta ez besteei?
A.G. Udalerri honi alternatiba sinesgarria eskaintzen dion alderdi bakarra nik ordezkatzen dudana da. Benetako aldaketa eskaintzen du, eta alderdien siglen gainetik udalerri honetan sinesten du.

 

Andoaingo pertsonaia historikoa:
Modesto Huizi.
“Neu bezala medikua zen eta bere ibilbidea oso interesgarria da”.

Andoaingo txoko bat:
Leitzaran harana.
Lasaitasun handia eragiten dit. Gainera, intriga eta misteriorako giroa nabaritzen diot.

Auzoetako festen artean bat aukeratu:
Santakrutzak.
Udal korporazioko kide naizenez, gehien murgiltzen garen jaiak direlako.

Herriko gizarte, kultur, kirol mugimendu bat:
Ez nuke bat bera ere nabarmenduko, ez litzateke bidezkoa. Bakoitzak bere eremua eta bere merituak egin ditu.

Nabarmenduko zenukeen gainerako alderdietako kide bat:
AnDoni Baltasar, Maider Lainez.
Harreman ona eduki dut EAJko eta PSEko bozeramaileekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!