EH Bilduk herri programa banatu du Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 11a, 12:36

EH Bilduk zizurkildarrei banatu die 2015-2019 legealdirako herri programa. Irakurri laburpena, jarraian: 

"Legealdi honetan hasi dugun bidean sakondu behar dugu, zizurkildarren eskutik proiektuak gauzatuz. Batzorde parte-hartzaileak indartuko ditugu, interesa duen herritar oro Udalgintzan aktibo izan dadin" azaltzen du Zizurkilgo EH Bilduk banatutako programaren hasieran.

Izan ere, herritarren parte-hartzea eragitea izan da koalizioaren helburuetako bat legealdi honetan eta hori are gehiago indartzea izango du helburu hurrengoan. Gainera, bestelako elkarlana ere azpimarratzen du: "Zizurkilgo EH Bildun argi dugu ez duela behar soilik herritarrekin, baita inguruko Udalekin ere. Aiztondoko gainerako herriekin batera egitasmoak garatzea defendatzen dugu, Zizurkilen kokatuko den liburutegia da horren adibide".

Liburutegiaz gain, hainbat proiektu eta egitasmo biltzen ditu Zizurkilerako EH Bilduk proposatutako programak. Besteak beste, Pedro Mari Otaño plaza erabat berrituko du herritarrekin osatutako zerrendak eta Joxe Arregi plazan estalpea jarri, inguruan komertzio eta aisialdi guneak sortzea bultzatuz. Hiru ikastetxeen arteko eskolaz kanpoko ekintzak bultzatuko ditu, hala ikastetxeen arteko harremanak sendotuz. Emakumearen Udal batzordea ere sendotuko da, era berean, berdintasuna hainbat arlotan landuz. Eta horrela, beste hainbat egitasmo, arloz arlo bilduta.

Joxe Mari Luengo alkategaiak proposamenen gainean eztabaidatzeko eskatu du. "Guk proposamen zehatzak jarri ditugu mahai gainean hurrengo lau urteetan egiteko, atalez atal jasota daude herri programan herritarrek esandakoa aintzat hartuta". Bide horretan gezurra kanpainatik baztertzeko eskatu dio Marian Lazkano EAJko hautagaiari. "Ez luke gezurrak lekurik behar proposamenak izanez gero. Lazkanok orain adierazi du Atxulondoko igogailua orain arte ez dela egin diru laguntzak galtzen utzi direlako. Lazkanok badaki hori gezurra dela. Atxulondoko igogailua ez da egin berak utzi zuen zorrarekin aurrekontu oso estuak zirelako eta aurten arte oso dirulaguntza txikia ematen zutelako berau egiteko. Aurten irizpideka aldatu du Jaurlaritzak eta diru laguntza handiagoa eman dute. Ondorioz, ekainean hasiko dira obrak. Eta egingo da EH Bilduk aurrekontuetan sartu duelako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!