Mikel Peruarena idazleak 111 Akademiaren Saria jaso zuen atzo iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 8a, 15:18

Atzo iluntzean jaso zuen Mikel Peruarena Ansa idazleak 111 Akademiako kideek eskainitako 111 Akademiaren Saria Su zelaiak eleberriagatik. Bastero kulturgunean izan zen sari-emate ekitaldia eta Pello Ramirezen biolontxelo eta akordeoi doinuek gidatutako ekitaldian, irakurleen ahotsa eta idazle sarituarena izan ziren nagusi.

Argazkiak

Ekitaldiaren kronika:

Atzo iluntzean jaso zuen Mikel Peruarena Ansa idazleak 111 akademiakideek eskainitako 111 Akademiaren Saria Su zelaiak eleberriagatik. Bastero kulturgunean izan zen sari-emate ekitaldia eta Pello Ramirezen biolontxelo eta akordeoi doinuek gidatutako ekitaldian, irakurleen ahotsa eta idazle sarituarena izan ziren nagusi:

Gerrek eta botere jokoek guregan duten eraginaz gogoeta egiteko beharra azpimarratu zuen Mikel Peruarenak Su zelaiak eleberriagatik 2014ko 111 Akademiaren Saria jaso ostean.

Pello Ramirezen biolontxelo eta akordeoi doinuek ondo baino hobeto girotu zuten Su zelaiak liburuko pasarteen irakurketa. Idazle sarituaren baimenarekin, irakurleak izan ziren protagonista 2014ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko maiatzaren 7an Andoaingo Bastero kulturgunean ospatutako ekitaldian eta irakurraldi musikatu horiek, sari-ematearen hari gidari.

Esker onez jaso zuen 2014ko 111 Akademiaren Saria Mikel Peruarenak. "Benetan sari polita da hau idazle batentzat. Akademiakideen saria da, irakurleen saria. Jende askok parte hartzen du honen aukeraketan, eta horrek plus bat ematen dio". Horrekin batera, Aitor Renteria 'Txato' izan zuen gogoan Peruarenak saria jaso ostean. “Liburua idazten ari nintzen bitartean buruan neukan lankide bati utzi behar niola irakurtzeko eta, zoritxarrez, liburua bukatu baino lehenago hil zen eta ezin izan nion liburua eman. Pena horrekin gelditu naiz. Gogoan izan nahi nuen, beraz, une honetan".

111 Akademiako irakurleek 2014ko liburu saridun izendatu duten Su zelaiak eleberria 1914ko gerrari buruzko kontakizuna da. 1914ko udan hasten da eta 1918ko udazkenean bukatzen, ia-ia gerraren bukaerarekin, pixka bat lehentxeago, eta, nolabait ere, Iparraldeko belaunaldi oso bat nola markatu zuen eta gure gaur egungo historia ere nola markatu duen ekarri nahi du gogora. "Nik banuen gogoeta bat honen guztiaren atzean, gerrek zer eragin daukaten gugan, nahiz eta gaur egun demokrazia batean, teorian, bakean eta gerretatik urrun bizi garen, Ukraina hortxe daukagun arren... Aldiz, beharbada ez geografikoki baina denboran oso gertu dauzkagu gerra asko, eta askotan ez gara konturatzen gerra horiek nola konfiguratu edo nola osatu duten gure mundua. Nik uste hor badagoela gogoeta interesgarri bat egiteko daukaguna, ez bakarrik 36ko gerraren edo XX. mendean bizi izan dugunaren inguruan, baizik eta aurretik ere gerrek eta botere joko horiek nola eragiten duten gugan eta nola osatzen duten gure mundua, bizi garena, eta gutako bakoitza".

Gogoeta horrekin lotuta, orain aste batzuk Berria egunkarian Simon Norfolk gerra argazkilariak eginikoa aipatu zuen Mikel Peruarenak. "Esaten zuen bera bizi izan zela Londresen, bera bizi zen kalearen azpian erromatarren garaiko gotorleku bat zegoela, eta nola gotorleku horren arabera egituratzen ziren gero Londresko gaur egungo hainbat kale… Eta bere gogoeta ere horixe zen, alegia, gure gizartean, gaur egun gure egituretan pixka bat harraskatzen hasiz gero, nola aurkitzen dugun beti azpian gerra eta botere joko hori. Berak esana zen, 'militarrek idazten dute eta azpi-idazten dute gure mundua'. Militarrek bakarrik ez, noski, militarrek ere norbaitentzat egiten baitute gerra. Orduan, nik uste pixka bat botere joko horri buruz gogoeta bat egin beharko genukeela". 

Amaitzeko,  iraganaren eta memoria historikoaren gaineko gogoeta batekin lotu nahi izan zuen aurrekoa, "iraganak zenbateraino baldintzatzen gaituen gaur egun ere oraindik. Uste dut Ipar Euskal Herrian oraindik egin gabe daukagula gogoeta hori, 14ko gerrak zer eragin izan zuen gaur egungo gizarte osaketan. Nolabait, gogoeta horietatik abiatuta sortu zen liburu hau".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!