Kantu sortzaile
Kantari edo talde ezberdinen betsioak jotzearekin batera, kantu berriak konposatu eta idaztea maite du Julenek. Orain artean amodio kantuak osatzen zituen ia beti, baina arlo hori lantzeaz aspertuta, duela urte eta erdi Euskal Herriari buruzkoak eta gizarte gaiekin lotutakoak idazten hasi zen. Gusturago sentitzen da bide horretan. Julenen ustez ezinbestekoa da kantuek bere letretan zer edo zer esatea, “nire kantuek sinpleak dirudite azaletik begiratuta, baina oso sakonak dira eta ondo irakurri behar dira esan nahi dudana ondo ulertzeko. Gertatu zait jendeak nire kanturen bategatik kantu polita dela esatea, baina esanahia ulertu ez dutela ohartzea”, adierazi du. Beste erabaki bat ere hartu du azken aldian: kantuak euskaraz idaztea. “Lehen gaztelaniaz ere egiten nituen kantuak, baina aurrerantzean, ahal dudan guztiak euskaraz idaztea erabaki dut. Hobeto sentitzen naiz horrela, maila handian edo txikian eredua izan behar dela uste dudalako. Gizarteari zerbait eskaintzeko bidea izan daiteke musika eta nire kasuan argi ikusi dut euskaraz izan behar duela”.
Kanturako joera, egunerokoan
Aurrera egiteko ausardia pixka bat falta duela uste du Julenek, baina sortzen diren aukerak aprobetxatzeko gogoz dago, izan diskoak, kontzertuak edo telebista saioak. Ahotsa behintzat goxoa du eta egiten duena gustura egiten duela nabari zaio gitarra eskuan, kantuan ikusi eta entzundakoan. “Oso sentikorra naiz eta izaera horrek kantatzerakoan asko laguntzen didala uste dut. Barrutik sentituta, errazagoa da entzuleari kantua transmititzea”. Nahi gabe ere kanturako joera du billabonatarrak, etxean dagoela nahiz kotxean dijoala. Kantu eskolarik jaso ez badu ere, egunerokotasunean kantatzeko ohitura horrek asko lagundu diola uste du.
Ateak zabalik
Joan zen apirilaren 25ean Gure Esku Dago dinamikak Villabonan antolatu zuen Joste egunean Olaia Toral herritarrarekin batera emanaldia eskaini zuen, “plazer bat izan zen Olaiarekin batera aritzea eta Oinkari dantza taldeko kideek gure doinuekin dantza egitea. Saio berezia izan zen”. Aurrez Tolosako Bonberoenean jo izan du, baita Donostiako Doka antzokiko mikrofono irekian ere eta orduantxe utzi zituen, gainera, jendaurrean aritzeko lotsak alde batera. Epe laburrean, hainbat kontzertu eskaintzeko aukera sortu zaio eta bide hori zabaltzea gustatuko litzaioke, une honetan berak sortutako bederatzi kantu dauzka prestatuta eta zuzeneko emanaldietan ez ezik, diskoren bat grabatzeko aukera sortuko balitzaio, pozarren eutsiko lioke aukera horri. Zabalik dauzka musikarekiko ateak.
Bere hainbat bideo ikusgai: Youtube katean.
Laburrean
- Musika taldea: Andres Suarez kantautorea. Galiziarra izatez, gaztea. Euskal Herrian jende gutxik ezagutzen du oraindik, baina entzuten dutenei gustatu egiten zaie.
- Kantaria: Euskal kantarien artean, Francis, Gorka Urbizu, Alex Sardui edo Eñaut Elorrieta pisu handiko kantariak iruditzen zaizkit.
- Kantua: Aitormena.
- Kontzertua: Villabonako festetan Doctor Deseo taldeak eman zuen kontzertuak markatu egin ninduen. 8 urte nituen. Gurasoekin aurrez maiz entzuten nituen, baina zuzeneko hura berezia izan zen niretzat.