Talde jeltzaleak atez atekoa inposatzeko izan duen gehiengoaren etengabeko erabilpena salatu du. “Beraien proiektu nagusia izan da eta ez zaie inporta izan 300.000 €-tik gora xahutzea herriko bazter guztiak txintxilikarioz eta ontziz betearaziz, interesa izan dezaketen beste proiektuetara bideratu ordez”. Eta gehitu dute: “sistema inposatzeak gatazka sortu du herritarren artean eta ez du zaborren gaia konpondu”.
Alde horretatik, zehaztu du, talde jeltzaleak atez atekoaren aurka eta edukiontzien alde jasotako sinadurek adierazten zutela herriaren zatiketaren aurrean eskua luzatu zuela adostasuna lortzeko baina, “Bildukoek bere jarrera alderdikoiarekin jarraitu zuten”, azpimarratu du. “Udalak kasurik egiten ez zuela ikusirik, herrian ikusi den manifestaldirik handiena antolatzen lagundu genuen eta kontsultan ere parte hartu genuen nahiz eta igarotako denboretan bezala, purrustadak eta mehatxuak jaso genituen”. Eta zera gaineratu du: “udaletxetik ahalegin guztia egin zuten herriaren ahotsa isilarazteko eta gaur egun ez dago hilabeterik non bizilagunen aurka hainbat espediente administratibo jartzen diren gauza desberdinengatik zaborrak alkatetzaren gustura biltzen ez dituztelako”.
Jeltzaleek egin duten balantzean, bizilagunek birziklapenaren alde agertu duten gizalegea eta konpromisoa azpimarratu dute “norberaren bizitza pribatuan sartzen diren inposaketarik eta kontrolik gabe. Ez du balio parte hartzearen alde zaudela esan eta gero galdeketa ez onartzeak”.
Amaitzeko, atez atekoa kentzeko eta edukiontziak ezartzeko konpromisoa berretsi dute. “Herritarren parte hartzean sinesten dugu eta galdeketa loteslea egitea bultzatuko dugu, gaiari amaiera emateko asmoz”.