“Inork gehiengorik ez izatea nahi nuke, erabakiak guztion artean hartzeko”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:49

Iban Agirre Saiz  
EAJ-PNV-ko hautagaia Amasa-Villabonan
37 urte. Billabonatarra. Elektrizista.

Alkategai aurkeztuko zara Amasa-Villabonan. Zein asmo eta gogorekin zatoz?
Gogotsu nator. Hasieran, zerrenda-buru izateko proposamenak harritu egin ninduen, etorri egin baitzitzaidan, nik bilatu gabe. Baina denborarekin, gero eta erosoago sentitzen ari naiz. Egunak pasa ahala gusturago. Herri mailan arlo ezberdin ugari ezagutu behar da eta gaietan sakontzen ari naiz, gerora erabaki egokiak hartu ahal izateko. Alkatearen eginbeharrik garrantzitsuena herritarren beharrak entzun eta irtenbide egokiak ematen saiatzea da.

Zein iritzi duzu aurreko legealdiak eginiko kudeaketa lanaren inguruan?
Nahiko ondo ikusten dut herria. Polita eta garbia dago. Hala ere, hasieratik ez gara atez ateko bilketa sistemaren alde egon. Herria txukun badago ere, atez ateko sistemak ez du itxura onik ematen. Herrira sartu eta zabor posteak ikusteak atzera egiten du. Gaiaren inguruan Bilduko kideekin sakonago hitz egin nahi dut, sistema hori jarri nahi izateko hainbesterainoko beharra nondik sortu zaien jakiteko. Izan ere, nik alderditik jaso dudan informazioaren arabera, oso sistema garestia baita eta birziklatze tasak ere ez dira hain altuak. Gu bosgarren edukiontziaren alde gaude, bakoitzak zaborra nahi duenean ateratzeko aukera eskaintzen duelako eta birziklatzeari begira, emaitza onak lortzen dituelako. Gainerakoan herria ondo kudeatu dutela uste dut. Ni berria naiz gai hauetan eta ideia berriak dakartzat. Datorren legealdiari begira, inork gehiengorik ez izatea gustatuko litzaidake, erabakiak guztion artean hartzeko. Izan ere, alderdi guztiok izango dugu herritar talde baten babesa eta denon iritziak entzun eta alderdikerietara ez ixtea nahiko nuke. Udaletxean ezinbestekoa iruditzen zait alderdi guztien arteko komunikazio ona izatea.

Lehentasunez erantzun beharreko zein hutsune sumatzen duzu herrian?
Zaborraren gaia konpontzeaz gain, hezkuntza mailan, batxillergoa Villabonan bertan ikasten jarraitzeko aukera eskaini nahiko genieke gazteei, beste herriren batera joan beharra saihestuz. Poliki-poliki, beharrak aztertu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko neurriak hartu nahi ditugu. Ideia ugari dugu eta gure proiektuak aurkeztu nahiz diru-laguntzak eskatzera joan behar den lekura joateko prest gaude.

Zein neurri hartuko zenukete alor ezberdinetan?
Batetik, espaloietako koska guztiak kendu eta bideak egokitu nahiko genituzke oinezkoei, ezinduei edota ume-kotxeei begira. Bestetik, Oria elkartearen laguntzaz lan polita egiten ari dira merkatariak  Villabonan eta aurrerantzean bidea egiten jarrai dezaten bultzatu nahi dugu. Azken boladan lapurreta ugari izan dela ikusita, herritarren segurtasuna ere indartu nahi dugu udaltzain edo ertzainen bidez. Era berean, etxebizitza hutsen alokairua bultzatu nahi dugu eta baita gardentasuna ere, udaletxeko politikarien soldatak nahiz elkarteei Udaletik ematen zaizkien diru-laguntzak jakinaraziz. Gure asmoen artean legoke jubilatu etxearen egunerokotasuna indartzea ere eta legealdi berrian zehar Amasan etxebizitza berriak egiteko asmoa dagoenez, Villabona eta Amasa arteko errepidea txukundu nahiz zabaltzea. Herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoa dugu, erabakiak haien iritziak kontuan izanik hartzeko. Herritarren eta udaletxearen arteko komunikazioa beharrezkoa dela uste dugu eta azken boladan parke estaliaren gaia landu den bezala, ildo horretan bideratu nahiko genituzke proiektu gehiago.

Herritarrei mezurik?
Hauteskundeak irabaztera baino, herriarentzat lan egitera nator. Oposizioan egonda ere, berdin azalduko ditut nire ideiak, herriak behar dituela iruditzen zaidalako. Proiektu onak badira eta Bilduk egiten baditu, arazorik ez. Onak diren seinale. Herritarrei nahi duten alderdia bozka dezatela esango nieke, mahaiaren gainean daude aukerak.

Gertutik
  • Zaletasuna: Zinema asko. Kirola zertxobait.
  • Liburua: El perfume.
  • Musika taldea: Lain. Oso kantari eta musikari onak iruditzen zaizkit. Oihartzun handiagoa merezi duen taldea dela uste dut.
  • Pertsonaia: Eduardo Laborde. Gertuko alkatea. Itzal handiko pertsona.
  • Herrialdea: Landak, kosta eta kanping giroa gogoko dudanez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!