“Ondo egin duguna gero eta hobeto egitea dugu helburu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:48

Nora Urbizu Arozena   
EH Bilduko hautagaia Amasa-Villabonan  
32 urte. Billabonatarra. Gorputz eta kirol animazioko goi mailako teknikaria.

Aurreko legealdian zinegotzi izanda, EH Bilduko alkategai gisa aurkeztuko zara oraingoan. Nola aurkitzen zara pauso berri horren aurrean?
Gogotsu, gustora eta oso eskertua, Amasa-Villabonako EH Bilduk konfiantza jarri duelako nigan. Duela lau urte oso egoera berezi eta konplikatuan egokitu zitzaigun erronka bati aurre egitea, politika egitea bera debekatua zegoen testuinguru batean, EH Bildu koalizioa osatzen zuen alderdi baten ilegalizazioa tarteko. Eta ilusioz egin genuen. Une honetan, legealdia amaitzear dagoela, egiteke proiektu asko geratu zaizkidala sentitzen dut. Lanerako gogoz nator, lau urte hauetako esperientzia eta lana oinarri hartuta, lantalde berriaren indarra eta ilusioa baliatuko ditut bide berri honetan.

Amaitzear den legealdiaren zein irakurketa egiten duzu?
Balorazio hori egiteko egokienak herritarrak diren arren, lana txukun egin dugula uste dut. Gauza batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez hainbeste. Politika beste modu batera egiteko aukera erreala mahai gainean jarri dugu, hori ezin da ukatu. Lorpenak asko izan dira, parte hartzearen ordenantza aipatuko nuke lehen-lehenik. Gaur Amasa-Villabonan, edozer gauza galdetu eta erabaki dezakete herritarrek, modu ordenatu batean, hori kudeatuko duen herri batzorde independente baten gainbegiradapean. Herritarrak informatzen eta beraien parte hartzea sustatzen ahalegin berezia egin dugu. Orain horretan sakontzea dagokigu eta hurrengo lau urteetan ere bide beretik jarraituko dugu. Ondo egin duguna gero eta hobeto egitea dugu helburu. Hondakinen alorrean, alderdi batzuen interesak beste batzuk izanik ere, erabaki ausartak hartu ditugu eta gaur da eguna, Amasa-Villabonan %80tik gorako birziklapen tasa duguna. Gu gobernura iritsitakoan, %35 birziklatzen zen eta Zubietako erraustegiaren mamua gainean genuen. Noski, hondakinen kudeaketan oraindik lan asko dago egiteko. Memoria historikoaren alorrean ere Amasa-Villabona erreferente bat da. Elkarbizitza eta historiaren kontakizuna berridatzi dugu. Isilpera kondenatuta zeuden hainbat herritarrei euren hitza eskainiz. Kultur arloan, egitarau oparoa eta zabala eskaini dugu. Askotariko emanaldiak gure herrian ikusteko aukera izan dugu, bai zine programazioari dagokionez, bai gainontzeko arte modalitateetan ere. Santiago Zahar egoitza goitik behera eraldatu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Leku ilun eta zaharkitua zena, gaur argitsu, moderno eta oso bizia da.

Aurrera begira, konpondu beharreko hutsunerik sumatzen al duzu herrian?
Asko dago egiteko Amasa-Villabona gero eta ederragoa eta atseginagoa izan dadin. Guk, dena den, herrikideen errealitateari kasu eginda lan egin nahi dugu, eta zentzu horretan oso kezkatuta gaude kapitalismoak eta egun troikak bideratzen duen eredu agortu honek, gizarteko zenbait sektore ahulenekin daukan begirune faltarekin. Legealdi honetan, arreta berezia jarri nahi dugu horretan, justizia sozialaren printzipioei atxikita, herritar guztien eta bereziki errealitate latzenetan daudenen azterketa egin eta erabakiak hartu nahi ditugu. Inbertsioak pertsonengan egingo ditugu, ongizatean eta ez hainbeste zementuan. Jateko ere arazoak dituen herritarren aurrean aurkitu gara. Onartezina da, baina, Villabonan ere gertatzen ari den ezkutuko egia bat da.
Amasa-Villabona gero eta anitzagoa da eta aniztasun hori faktore positibo eta eraldatzaile gisa ikusten dugu. Gizarte politika inklusiboak egin nahi ditugu.
Kulturaren esparruan ere plan estrategiko baten beharra dago, egiten duguna eta ditugun baliabideak orekatu eta etorkizunerako beharrak modu egokian detektatzeko.
Herrian ditugun etxe hutsen gaiak ere bereziki kezkatzen nau. Aurreko legealdian, herriko gazte asko inguruko herrietara joaten ikusi dugu. Udal gisa gai hau txukun lan dezakegula uste dut. Badugu garatzeko moduko hainbat ideia.

Alkatetzara iritsiz gero, zein neurri hartuko zenuke lehentasunez?
Dudarik gabe, kulturaren plan estrategikoa izango da bat, eta  gizarte politika saila bestea. Parte hartzean egindako ahaleginari, martxa bat gehiago sartuko diogu, herritarrek, gero eta aukera gehiago izango dutelarik Udal gestioan eragiteko. Herritarrek, alkate eta zinegotziekin biltzeko aukera izango dute astean behin, kafe baten bueltan, entzun eta erantzun egingo diegu guzti-guztiei. Gertuko politika da gurea. Herritarrek hala nahi badute, maiatzaren 25etik aurrera gu lanean izango gaituzte.  

Beste mezuren bat?
Komunikabide handiek izugarrizko mamuak sartuko dituzte datozen egunetan, baina bestelako Amasa-Villabona bat eta bestelako Gipuzkoa bat soilik ezkerretik egin daiteke. Lau urte hauetan ondo egiaztatuta geratu da, beraz, maiatzaren 25ean berriz ere, EH Bildurengan konfiantza jartzeko eskatuko nieke herritarrei. Bai Amasa-Villabonan, eta bai Xabier Olanorengan Gipuzkoako Foru Aldundian.

Gertutik
  • Zaletasuna: Antzerkia.
  • Liburua: Joseba Sarrionandiaren Gartzelako poemak.
  • Musika taldea: Bakarlari gisa Petti, taldea Doctor Deseo.
  • Pertsonaia: Pepe Mujika.
  • Herrialdea: Euskal Herria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!