“Alkate izateko aurkezten naiz ni, ez oposizioan aritzeko”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:46

Maria Luisa Arija Soutullo   
PSE-EE-ko hautagaia Amasa-Villabonan
67 urte. Hondarribian bizi da. Politika ikasketak egin zituen.

Villabonako Udaleko zinegotzi izan zara aurreko legealdian. Lau urte horien zein irakurketa egiten duzu?
Oso irakurketa positiboa. Beti baita ona ikastea eta jende berria ezagutzea. PSE-EEko zinegotzi bakarra izanik ere, mozio ugari atera dut aurrera (Arratzaingo futbol zelaiaren aldekoa, erreforma laboralaren aurkakoa…) eta, nire aldetik, pozik nago zeregin horrekin. Bestalde, legealdia aberasgarria izan da, batzarretan nire iritzia emateko aukera izan dudalako beti, gainerako alderdiek esaten zutenaren aurkakoa pentsatuta ere.
Legealdiko erabakien artean, atez ateko zabor bilketa sistemaren aurka agertu naiz beti, baita zaborra gaizki ateratzeagatik jartzen dituzten isusena ere. Kontzientzia ekologikoa beharrezkoa da eta gehienok badugula uste dut, baina ezin da halako sistema bat dekretu kolpera ezarri; ezta euskara ikasi beharra ere, nahiz eta euskara bultzatzeaz gain, ikastea doakoa beharko lukeela uste dudan.
Bestalde, berriki galdeketa bidez erabaki den parke estalien proiektua oso interesgarri eta beharrezkoa iruditzen zait. Hala ere, elektoralista izan da hauteskundeen aurretik egitea.
Emakume taldearen nahiz Villabonako emakume guztien ondoan egoten ahalegindu naiz bereziki, matxismoak desagertuta egon beharko zukeen garaian, gorakada izan baitu. Zerbait gaizki egin dugu alor horretan, ez dugu transmisioan asmatu. Legealdi honetan emakumeen aurkako tratu txar kasu bat baino gehiago izan da herrian eta kasu guztietan gure ezadostasuna eta babesa erakutsi dugu.

Hutsuneren bat sumatzen al duzu herrian?
Sentsibilitate kultural handia dut eta Villabonak kultur egitasmo ezberdinak bilduko dituen eraikina behar duela uste dut. Ikastaroak eskaintzeaz gain, liburutegia, ludoteka, udaletxeko artxiboa eta emanaldi ezberdinak eskaintzeko gunea izango duena. Jubilatu egoitza zaharra horretarako gune egokia ote den aztertu beharko litzateke lehenik edota eraikin berria behar ote litzatekeen. Era berean, ezberdintasun sozialik ez egoteko pausoak eman behar dira hezkuntzan eta umeengan bereziki. Esaterako, Fleming eskolara igotzeko aldapa handia da eta oso inguru euritsuan bizi garenez, haur eta gaztetxo guztiek autobuses eskolara joateko aukera izan beharko lukete.

Zein helburu nagusi du PSE-EEk Villabonako Udalerako?
Ekologia bultzatzea oso garrantzitsua da gure ustez eta zaborrak nola atera baino, zabor gutxiago sortzen eragin beharko genuke. Energia elektrikoa zaintzea ere gure helburuen artean dago, herriko argiteria LED sistema bidez berritzea beharrezkoa da, ezin baita hainbeste energia alferrik galdu. Emakumeen segurtasunari begira, puntu beltzak bilatzeko mapak egitea garrantzitsua litzateke eta komertzio txikia bultzatzeko saiakera egitea ere bai. Herrian bertan erosita, herria bera indartzen baita eta oso eskaintza zabala eta kalitate onekoa eskaintzen baitu Villabonak.
Bestalde, larrialdi laguntzetarako diru-laguntzarik gabe geratu gara legealdiaren bukaerarako eta laguntza hori beharrezkoa dela uste dut. Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia denez, haiei erreklamatu behar zaie laguntza hori.

Mezuren bat herritarrei?
Alkate izateko aurkezten naiz ni, ez oposizioan aritzeko. Oposizioan aritzea egokitzen bazait ere erantzungo dut, baina alkate izan nahiko nuke. Eskaintzen dugun programa ondo aztertzeko eskatzen diet herritarrei eta jakin dezatela esandakoa bete egingo dugula. Azken lau urteotan astean behin behintzat etorri naiz Villabonara, –asteartetan bulegoa zabalik izaten dut herritarrentzat–, eta aurrerantzean ere etortzen jarraituko dut. Herritarrak entzun eta haiek esandakoak transmititzen saiatuko naiz. Baita ezetz esaten ere, esan behar denean.

Gertutik
  • Zaletasuna: Igerian egitea, puntua egitea, irakurtzea, musika entzutea, marraztea…
  • Liburua: El nombre de la rosa.
  • Musika taldea: Oso musikazalea naiz. Bakailao musika kenduta, gainerako guztia gustatzen zait: Trikitixa, klasikoa, Ana Belén, Extremoduro…
  • Pertsonaia: Pi i Margall. Lehen errepublikako pertsonaiak oso garrantzitsuak izan ziren. Borondate handia zuten.
  • Herrialdea: Jendearekin komunika zaitezkeenean, edozein herrialde da atsegina.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!