“Udalgintzan abantaila da esperientzia izatea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:42

Maria Anjeles Lazkano Larrañaga    
EAJ-PNV-ko hautagaia Zizurkilen
57 urte. Aian jaioa, Orion bizi da. Ostalaria.

Oposiziotik bizitu duzu amaitzear den legealdia. Zer nolako balorazioa egiten duzu?
Oso legealdi eskasa izan dela iruditzen zaigu, ekimen falta handia izan duena. Hurrengo legealdirako ageri duten proiekturik ezak ere asko kezkatzen nau. Pasus plazako etxebizitzak egitea eta plaza berritzea izan da legealdi honetako proiekturik garrantzitsuena, baina proiektu hori EAJk kudeatu eta landu zuen aurreko legealdian. Lanen adjudikazio deialdia eginda zegoen eta proposamenak mahai gainean zeuden legealdi berria hasi zenean. Ekimen horri esker, etxebizitza berriak eta plaza berritua ditu Zizurkilek, baita Udal lokalak eta gure aiton-amonentzako egoitza berria ere. Horrez gain, gainera, milioi bat euroko diru-sarrera etorri zaio Udalari. Bilduk legealdi osoan zehar esan du Udala zorpean utzi genuela eta haien kudeaketa onari esker lortu dutela zorra murriztea. Guk utzitako milioi horrek ere zerikusirik izango zuen horretan, ordea.
Garbi esan nahi dugu, baita ere, 2003tik 2011ra izan zuela Zizurkilek aldaketarik handiena. Egia da dirua eskatu behar izan genuela; 3’5 milioi euro eskatu genuen urte horietan, baina ez dugu ahaztu behar Ubare berritu zela, Renfeko aparkalekuak egin zirela, Pagamuñoko urbanizazioa egokitu zela, Intxaur pilotalekuaren teilatua egin zela... Diru-laguntzak ere izan genituen lan horiek egiteko, baina inbertsio haiek zizurkildarren bizi kalitatea hobetzeko egin ziren, eta ikusi besterik ez dago herria nola dagoen. Egia da beste garai batzuk ere bazirela.

Hondakinen gaiak indar berezia hartu du legealdi honetan. Zer duzu esateko?
Zizurkildar gehienak ados gaude legealdi honetako proiektu izarra, atez atekoa, inposaketa izan dela esaten dugunean. Arazorik ez zegoen tokian arazoa sortu zuten, eta ez dute kudeatzen jakin. Ikusi besterik ez dago nola dauden Zizurkilgo kaleak, zikin-zikin eginda. Gobernatzeko estilo honekin amaitzeko, herritar eta eragileekin bildu gara; haien kezkak eta beharrak jasoz, etorkizuneko Zizurkili begirako proiektuan txertatu ditugu.

Zerrenda berrituarekin zatoz. Zer moduz moldatu zarete zerrenda osatzeko?
Ez da zaila izan. Emakume asko gaude taldean; herri txikietan, bultzada berezia izaten dugu emakumeok. Udalgintzan ibili gabeko jendea da gehiena eta alde horretatik, niri egokitzen zait esperientzia jartzea. Gai hauetan, abantaila da esperientzia izatea, baina baita indar berriak etortzea ere. Udalgintzan urte asko daramazunean, erraza da inertzian erortzea, eta behar-beharrezkoa da ikuspuntu berriak sartzen joatea. Garrantzitsua da, baita ere, alderdi bakoitzaren lantaldeak elkarlan egokia egin eta lanak ondo banatzea, bestela, erraza da nekea sortzea. Nik, alde horretatik, zorte handia izan dut beti. Hortxe egin behar da lehen ahalegina eta halaxe egin dugu zerrenda berria sortzeko garaian ere.

Zeintzuk dira datorren legealdira begira, zure taldearen egitasmo nagusiak?
Hondakinen bilketa sistema aldatzea izango da gure lehen egitekoa. Birziklatzearen aldeko sentsibilizazioa bultzatuko dugu herritarren artean. Horrez gain, herritarren parte hartzea sustatu nahi genuke. Zizurkilgo merkatariekin batera osatutako batzordea sortu nahi dugu, haien beharrak kontuan hartuz elkarlanean aritzeko. Udal lan-poltsa ere osatuko dugu, herriko langabetuekin osatua, urtean zehar sor daitezkeen lan ezberdinei erantzuteko. Udal zerbitzuak bermatu behar ditugu eta, hobekuntzak egiteko, beharrezkoa da herritarrei entzutea. Duela urte asko landutako irisgarritasun plana berrituko dugu; Atxulondo kultur etxeko igogailua jartzeak izango luke lehetasuna. Badakigu, kudeaketa txarragatik Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen duen diru-laguntza eskuratzeko aukera galdu dela pare bat urtetan.
Euskara eta kultura sustatzeko ahalegina egingo dugu, eta baita teknologia berriak sustatzekoa ere. Gazteen artean ez ezik, helduen artean ere zabaldu nahi genuke ohitura hori. Kirolari dagokionez, herrikoen eta ingurukoen arteko kirol jardunak bultzatu nahi genituzke, gazte zein helduen artean.
Bulandegi bidea hobetzea ere gure asmoen artean dago. Foru Aldundiari dagokio errepide horren kudeaketa, eta puntu horretan arreta berezia jartzea eskatuko diegu, baita Asteasuko saihesbidearen proiektua berreskuratzea ere.
Tolosaldea indartsuaren alde lan egingo dugu, ekimen handiko jendea baitago eskualdean. Eskualde indartsuak langabezia murrizten du eta, herri bakoitzak bere nortasuna mantenduz, Tolosaldearen aldeko apustua egin beharko genukeela uste dut.

Maiatzaren 24aren atarian, zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
Udaletik erraztu egin behar dugu herritarren parte hartzea eta horrek, herritarren erantzuna eta inplikazioa eskatzen du. Horixe eskatu nahi nieke, parte har dezatela.

Gertutik
  • Zaletasuna: Ipuinak idaztea gustatzen zait.
  • Liburua: Buscadores de conchas.
  • Musika taldea: Talde asko gustatzen zaizkit, baina, abesbatzen mundua dut bereziki gustuko.
  • Pertsonaia: Pello Mari Otaño.
  • Herrialdea: Lotura berezia dut Keniarekin.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!