“Taldekideak zizurkildarrak gara, herria bizi dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:41

Joxe Mari Luengo Zapirain    
EH Bilduko hautagaia Zizurkilen  
53 urte. Azpeitiarra, Zizurkilen bizi da. Mantenimenduko mekanikoa lanbidez.

Amaitzear da legealdia. Zein irakurketa egiten duzu?
Lan berriak ziren guretzat, eta urduri ibili ginen hasieran. Pixkanaka, ordea, martxa hartzen joan ginen eta lan ona egin dugula esango nuke. Gure taldeko kide guztiak herritarrak gara; herria ezagutzen dugu eta herria bizi dugu. Oso garrantzitsua da hori. Udalean sartu ginenean zorpetze maila ikaragarria aurkitu genuen. Zor hori erdira jaisteko gaitasuna izan dugu, eta horrez gain, aldaketa politak egin dizkiogu herriari, bai goian eta bai behean ere. Gure kudeaketari dagokionez, azpimarratzekoa da lau urteotan ez dugula mailegurik eskatu.

Zein ekimen nabarmenduko zenuke?
Zizurkil goian, ur zikinak bideratzeko saneamendu planaren azken bi faseak burutu ditugu. Horrez gain, aparkalekua egiteko urtetako eskaerari erantzuna ematea lortu dugu, nahiz eta ez zen batere erraza izan. Eliza atzeko errepidean norabide bikoitza jarrita, jaitsi egin da plazatik pasatzen den ibilgailuen kopurua eta azken asteotan, Pello Mari plazako zati bat oinezkoentzat mugatu dugu. Lorpen handia izan da hori ere.
Elbarrena inguruari dagokionez, berriz, Joxe Arregi plazako etxebizitzak egin dira, trenbide azpiko zubia txukundu, futbol zelaia berritu..., herriak itxura berria hartu du, eta bizitza handiagoa ikusten da plaza inguru horretan.

Alkate lanak berriak ziren zuretzat. Nola bizitu duzu ardura hori?
Asko ikasi dut. Nolanahi ere, ez naiz bakarlanean aritu; taldekide guztiek egin dute lan handia eta ondo moldatu gara.
Gainerantzean, ezinezkoa da herritar guztiekin asmatzea, eta horrek etsipena ekartzen du tarteka. Pozgarria da eskuartean darabilzun ekimenak emaitza onak ematea, baina bestelakoak ere izaten dira, noski. Horrelakoetan ere ikasi egiten da eta aurrera jarraitzeko gogoz naiz.

Atez ateko hondakinen bilketa sistema berriak pisu berezia hartu du agintaldi honetan. Zer esango zenuke gaiaren inguruan?

Ez dago zalantzarik birziklatzea denon mesederako dela. Aurrez ez zen birziklatzearen aldeko kontzientziazio lanketarik egin eta beharrezkoa zen pausoak ematea. Bosgarren edukiontziak ez ditu birziklatze emaitza egokiak eskaintzen, eta atez ateko sistemaren aldeko apustua egin genuen. Oraindik ere kontzientziazio lan handia dago egiteko.
Bestalde, EAJ-PNV alderdiak hondakinen bilketa sistemaren inguruko kontsultarik egin ez izana leporatzen digu. Beraiek, ordea, ez dira eredugarri horretan. Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dutela ere esaten dute, baina haien benetako helburua erraustegia egitea zen, eta horrekin garbi geratzen da birziklatzea ez zela haien lehentasunetan sartzen.

Aurpegi berriak ageri dira datozen hauteskundeetarako zerrendan. Nola osatu duzue zerrenda hori?
Puntu egokia bilatu dugula uste dut; aurrez Udalean gabiltzanak gara erdiak, berriak beste erdiak. Garrantzitsua da indar berriarekin datorren jendea sartzen joatea.
Nik neronek erraz hartu dut berriz ere aurkezteko erabakia. Ia lau urteko bidea eginda, Udaleko lanen martxan hartua dut, eta bidezkoa iruditzen zait jarraipena ematea. Indar berriak sartzea ona den bezala, erreferentzia bat izatea ere beharrezkoa da.

Alkate gisa errepikatuko bazenu, zeintzuk izango lirateke egitasmo nagusiak?
Aiztondo mailako liburutegia izango da egitasmorik nagusiena. Joxe Arregi plazan, 600 m2ko egoitza izango da eta Tolosaldeko liburutegirik onenetakoa izango dela uste dut.
Horrez gain, plazako estalpea egin nahi genuke, festen aurretik eta Atxulondo kultur etxeko igogailua ere aurten jarriko da. Danena futbol zelairako aldagela berriak egiteko egitasmoa ere aurrera doa eta futbol zelaiaren atzealdean, aisialdirako berdegunea sortuko dugu.
Zizurkil goian, ekimen pribatuko etxebizitzak egingo dituzte. Udalak bere laguntza eskaini du proiektu hori aurrera ateratzeko, urte asko baitzen goian etxebizitzarik egiten ez zela. Lan horiei lotuta, plazaren berritze lanak egingo dira. Oso plaza txukuna geratuko dela uste dut, oinezkoentzako gune zabalarekin. Abeletxeko errepidea konpontzeko lanak egiteko asmoa ere badugu eta Eizmendiko errepidean martxan dira dagoeneko betelanak egiteko obrak.

Zer esango zenieke zizurkildarrei?
Herriarentzako lanean ari garela. Zizurkilen bertan bizi gara eta aurrerantzean ere, herritarren alde jardungo gara lanean. Herria ezagutzen dugu, eta baita jendea ere; haiei entzuteko gaude.

Gertutik
  • Zaletasuna: Mendia eta musika.
  • Liburua: Noah Gordon-en El Médico.
  • Musika taldea: Ken-7.
  • Pertsonaia: Paco Etxeberria forensea. Memoria historikoaren alde egiten ari den lana azpimarratuko nuke bereziki. Gaztetan, tratu zuzena izan nuen berarekin eta oso pertsona interesgarria da. 
  • Herrialdea: Suitzako Alpeak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!