“Udal gobernurako benetako alternatiba proposatzera nator”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:37

Jose Antonio Sanchez Almaraz   
PSE-EE-ko hautagaia Zizurkilen
43 urte. Errenteriarra, Zizurkilen bizi da. Ekonomia eta enpresa ikasketatan lizentziatua,  administraria.

2011an hasitako legealdia amaitzear da. Zein irakurketa egiten duzu?
Nire iritziz garrantzia handiko lau urte galdu dira, herriaren benetako interesen aurkako erabakiak hartuz. Ez da gure herriaren normalizazio soziopolitikoaren inguruko lan sakonik egin; sentsibilizazio ezberdinak kontuan hartu gabe aritu dira, gure historia berriaren interpretazioa modu partidarioan eginez.
Ekonomiari dagokionez, nahiz eta aurrekontuen egonkortasunerako arauak agintzen duen gisan Udal defizita murriztu den, gure herrikideen bizi-kalitatea hobetzeko edota herriaren beharrak asetzeko garrantzitsuak ziren hainbat inbertsio egiteke geratu da.
Maila pertsonalari dagokionez, berriz, oso aberasgarriak izan dira azken lau urte hauek; Hernaniko herrian egindako zinegotzi lanek udalgintzan hazten eta ikasten lagundu didate.

Aipatu duzun gisan, Hernaniko zinegotzi izan zara orain arte, Zizurkilgo alkatetzarako hautagai izateko erabakia hartu duzu orain. Nolakoa izan da erabaki hori hartzeko prozesua?
Nire herriko alkategai izateko erabakia hartzeko bidea eman dit legealdi honek, ziur bainago bertako herritarren alde lan egiteko modurik onena dela horixe; gertutasunetik, betidanik nire herria izan den honetatik egin nahi dut lan. Kezka politiko berberak dituzten zizurkildarrek, herrian bertan bizi diren pertsonek ordezkatzen dituztela senti dezatela nahi nuke. Politikan behin betiko normaltasuna lor dadin da nire helburua, inor ez dadila baztertua sentitu egun Udal gobernuan daudenekin alderatuta, beste modu batera pentsatzen dutelako. Zizurkilgo Udal gobernurako benetako alternatiba proposatzera etorri naiz.  

Datozen lau urteei dagokienez, zein izango da zure egitasmo nagusia herriari begira?
Beharrezkoa da gure herriko merkataritza jarduna biziberritzea. Horrez gain, gure herrikideen beharrak asetuko dituzten ekintzak ere sortu behar dira; herriari bizia eman. Beharrezkoa izango da, bestalde, Zizurkil zeharkatzen duen errepide sarea hobetzea eta saihesbiderako loturak erraztea, horretarako, dagokien erakundeen aurrean behar diren pausoak emanaz. Era berean, herriko kultur eta kirol azpiegiturak hobetzeko pausoak ere eman behar dira.
Lan munduari dagokionez, egoera ekonomiko larrian dauden herritarrei zuzendutako lanpostuak sortzen lagunduko duten inbertsioak egin behar dira, dagoeneko horretarako abian diren eta etorkizunean administrazio ezberdinetatik sor daitezkeen diru-laguntzak baliatuz.
   
Zein aurreikuspen egiten duzue maiatzaren 24rako?
Orain arte Udalean ezagutu dugun politika egiteko modua aldatuko duen alternatiba iristea nahi nuke, eta herrirako garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko garaian, iritzi ezberdinak har daitezela kontuan, gure herriaren onurarako izango baita hori, zalantzarik gabe.
    
Datozen hauteskudeen atarian, zer esango zenieke herritarrei?
Maiatzaren 24ko hauteskudeetan modu aktiboan parte har dezatela, gaur egungo Udal politika aldatzeko modua ekarriko baitu horrek. Parte hartze hori beharrezkoa izango da guztien iritziak kontuan hartuak izan daitezen eta gure herriaren onuraren aurka hartutako erabakien bidez galdutako denbora berreskuratzeko aukera izan dezagun. Gure nahi eta kezka guztiak islatu behar ditugu zizurkildar guztiak ordezkatuko dituen Udal gobernu ezberdina osatuz.

Gertutik
  • Zaletasuna: Jendeari entzutea atsegin dut.
  • Liburua: Ildefonso Falcones-en La catedral del mar.
  • Musika taldea: AC/DC.
  • Pertsonaia: Jesukristo.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!