“Ardura handia da, baina gogotsu egingo dut aurrera”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:32

Aneli Urbieta Etxeberria  
larraulgo herritarrak taldeko hautagaia
22 urte. Larrauldarra. Ile-apaintzaile lanetan aritzen da egun.

Nolakoa izan da zerrenda osatzeko prozesua?
Agintaldi honetan Udalean egon direnek ez zuten ardura horrekin jarraitu nahi. Egoera zein zen ikusita, zerrendak osatzeko sistema adosteko herri bilera deitu zuten. Modu honetan egiteko erabakia hartu zuten bilera hartan: astebeteko epea zabaldu zuten udalgintzan aritzeko prest zeudenak izena eman zezaten. Pertsona bakarrak eman zuen izena eta, horrenbestez, herritarrei eman zitzaien zerrenda osatzeko aukera. Igande batez udaletxea ireki, eta bozketa egin genuen. Larrauldar bakoitzak zazpi izen eman zitzakeen. Bozka gehien jaso genituen hamabost pertsonekin zerrenda osatu, eta bozka kopuruaren araberako ordenari jarraituz, alkatetzarako prest zegoen norbaiten bila hasi ginen. Cristian Pizarrok zituen bozka gehien, baina ez zuen bere burua alkatetzarako prest ikusten. Horixe gertatu zen zerrendako beste askorekin ere. Ni nintzen bigarren bozkatuena eta, azkenean, neronek eman nuen baiezkoa. Maiatzaren 24ko hauteskudeetan, ni izango naiz Larraulgo herritarrak taldeko alkategaia.

Zaila izan al da alkatetzarako hautagai izateko erabakia hartzea?
Buelta batzuk eman behar izan dizkiot, erabaki potoloa delako. Garbi genuen herritarren artean sortutako zerrenda osatu behar genuela, izan ere, bagenekien PSE-EE alderdiak hautagaitza aurkeztekoa zuela, eta oso arriskutsua zen beste zerrendarik ez osatzea. Hamabost pertsonekin osatutako zerrendan, bi bakarrik ginen jatorriz larrauldarrak: Gotzon Jauregi eta neroni. Egokia iruditu zitzaigun biak zerrenda-buru izatea. Ardura handia izango da niretzat, baina erabakia hartuta dago, eta gogotsu egingo dut aurrera.

Lan berria izango da zuretzat udalgintzakoa. Zein izango da erronkarik nagusiena?
Udaleko lanetan sekula aritu gabea naiz, eta ikastea izango da nire lehen helburu nagusia. Egun alkate den Xabier Mujikak bere laguntza eskaintzeko prestutasuna erakutsi du, eta behar-beharrezkoa izango dugu lehendabiziko hilabeteetan. Izan ere, taldea osatzen dugunon artean, Gotzon Jauregi da esperientzia duen bakarra, gainerakoak berriak izango gara Udaleko lanetan.
Gainerantzean, Plan Orokorra amaitzea izango da lanik potoloena. Amaitzear dagoen legealdian lantzen aritu dira Plan Orokor hori, eta guri amaiera ematea egokituko zaigu. Hortik aurrera, aldian aldiko premia ezberdinei erantzuna emanez joan beharko dugu.

Aurpegi berriak eta gazteak ageri zarete zerrendan...
Bai, nik hogeita bi urte ditut eta Cristian gazteagoa da. Asko izango dugu ikasteko, baina ilusioz gaude. Ni ileapaindegi batean ari naiz lanean eta oraindik ez dakit oso ondo nola moldatuko naizen Udaleko lanekin bateratzeko. Egunerokotasunak erakutsiko dit nola moldatu.

Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?
Herriko ekintzetan parte hartzeko deia zabaldu nahi nuke. Zerrendak prestatzeko bozketan, esaterako, oso jende gutxi etorri zen eta horrek tristura puntua ematen dit. Maiatzaren 24ari begira, bozka ematera animatu nahi nituzke herritarrak.
Herrigintzaren aldeko lana egin nahi genuke. Herritar guztiak batzen hasteko lana egin behar da Larraulen, eta saiakera egiteko prest gaude. Badakigu horretarako borondatea duen jendea badagoela, eta orain, pausoak ematen hasteko garaia da.

Gertutik
  • Herriko txoko kuttuna: Larraulgo parke zaharra.
  • Musika taldea: Esne beltza.
  • Kantua: Sortzen (Esne Beltza).
  • Irakurtzeko: Aiurri eta Ataria jasotzen ditugu etxean eta gustura irakurtzen ditut.
  • Irratian: Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea entzuten ditut, kotxean gehienbat.
  • Telebistan: Oso telebista gutxi ikusten dut, baina azkenaldi honetan, jarraipena egiten diet sukaldaritza saioei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!