Ekonomikoki urte gogorrak izan badira ere, lan txukuna egin dugula esango nuke. Orokorrean gobernu estilo aldaketa nabarmenduko nuke. Herritarrentzat gertu eta irekita egoteaz gain, pertsonen bizi-kalitatean pentsatu duen Udala izan da gurea. Parte hartzea bultzatzen saiatu gara eta bilera ireki asko egin dugu. Udalaren ekonomia ere asko saneatu dela esan behar dut; hor daude datuak eta legealdirako agindutako eginbeharrak ia %80an bete ditugu. Dena ezin izan dugu osatu, ordea; baina ez utzikeriagatik, bideratu arren, amaitzeko denborarik eman ez digulako baizik.
Talde lana egin dugu eta eskerrak eman nahi dizkiet ondoan izan ditudan guztiei.
Alkate izaten jarraituko bazenu, zein da lehentasunez erantzungo zenukeen beharra? Zein alor indartu beharko litzateke Asteasun?
Lanean jarraitu behar dugu eta oraindik ere herritarren parte hartzea gehiago bultzatzen saiatu behar dugu. Atal hori ez da urtetan jorratu Asteasun eta jendeak ohitura falta handia dauka. Oso garrantzitsua da bakoitzak, irekitzen diren foroetan bere iritzia eman eta proposamenak egitea… Komunikazio arloa asko bultzatu dugu eta horretan jarraitu behar dugu.
Bestalde, aurreko legealdian aipatu genuen herriko plazaren peatonalizazioari aurre egin behar diogu. Urte hauetan plaza oinezkoentzat egokitzeko lehen urratsak eman ditugu eta hori burutu behar da oraingoan. Dena dela, orain artean bezala, pertsonen ongizatean oinarrituko gara eta ez hainbeste obra handietan. Garaia hori pasa zen. Gizarte zerbitzuak indartu behar dira. Egin diren diagnosi eta azterketei esker, orain identifikatuta ditugu ekintzarako lerro nagusiak.
Lizardi etxearen etorkizuneko erabileraren parte hartze prozesua bultzatu duzue. Zer nolako erantzun izan du ekimenak? Jakina al da dagoeneko zein funtzio beteko duen eraikinak?
Udaletxean sartu ginenetik parte hartzea sustatzea izan da gure helburu nagusietako bat. Lan handia egin dugu eta aurrerapausoak eman ditugula esan genezake arlo horretan.
Argi daukagu parte hartzearen bidez antolatu nahi ditugula herritarrentzako espazio guztiak eta zentzu horretan garatzen ari gara Lizardi etxeak aurrerantzean izango duen erabilera. Parte hartzearen ikuspegitik, eraginkorrak eta adostuak diren erabakiak hartzeko bidean, herritarrentzat benetan garrantzitsuak diren gaiak lantzeko aukera paregabea daukagu prozesu honekin.
Ekimenak erantzun ona izan du. Metodologia eta tresna ezberdinak martxan jarri ditugu herritarrengana heltzeko. Hiru tailer irekitan beharren azterketa (Lizardi etxearen erabileraren inguruko eztabaidak herritarren beharretan izan behar duela abiapuntu uste dugulako) eta Lizardi etxerako proposamenak jasotzeaz gain, herritarren topagune naturaletara jo dugu (emakume taldea, jubilatuen taldea, eskola…) bi gairen inguruan galdezka: 1.- Zeintzuk dira Asteasuarren beharrak? 2.- Nola imajinatzen duzu Lizardi etxea etorkizunean?
Parte hartzaileen profila anitza izan da. Parte hartu duten 70 lagunen artean, adin eta jatorri ezberdineko herritarrak daude, ikuspegi zabaleko prozesua bermatuz.
Bide erdian gaudela esan genezake. Proposamenak lehenesteko eta kudeaketa ereduaren inguruan erabakitzeko faseari ekingo diogu uda aurretik.
Hirugarren adineko herritarren beharrak aztertu eta erantzuten saiakera berezia egin duzue. Zein behar sumatu zenuten haiengan?
Arlo garrantzitsua izan da legealdi honetan talde horren sorrera; orain artean hainbat eta hainbat ekintza landu da haur eta gazteentzat, baina adinduentzat gauza gutxi zegoen. Beraiek ere bere tokia eta hitza behar zuten eta orain hilero biltzen gara haiekin. Lan hau burutzeko oso garrantzitsua izan da boluntarioen esku hartzea eta lerro hauen bidez eskerrak luzatu nahi dizkiet. Orain gure herriko adinduek badute elkartzeko toki bat, beraien gustukoak diren ekimenak antolatzeko.
Talde honen inguruan eta emakume taldearen inguruan sortu da adibidez Bide Osasungarriaren ekimena; Osasun sailarekin batera, parte hartzaileen ekarpenak hartu dira kontuan proiektua abian jartzeko. Ekimen polita da eta gustura hartu dute herritarrek. Urtean zehar egin nahi dituzten irteerak ere beraiekin batera antolatzen dira.
Horrez gain, etxeetan dituzten beharren ikerketa burutu berri dugu eta jasotako emaitzei erantzuten saiatuko gara datorren legealdian.
Nola deskribatuko zenuke zuen plataforma?
Plataforma irekia da gurea; anitza eta ezkertiarra, jende prestatuz osatua.
Herritarrei beste mezuren bat luzatu nahi?
Bai, eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan izan duten jarrera ulerkorragatik; ez dira urte errazak izan, baina jendearen erantzuna oso heldua izan da. Nirekiko ere, orokorrean errespetuzko jarrera izan dute eta alde horretatik oso ondo sentitu naizela esan behar dut.
Gertutik
- Zaletasuna: Irakurketa.
- Liburua: Asko: Obabakoak, Tiempos Líquidos (Zygmunt Bauman)…
- Musika taldea: Beatles.
- Pertsonaia: Pepe Mujika
- Herrialdea: Gipuzkoa.