“Asteasuar guztiei bizitza atseginagoa egin nahi diegu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko mai. 7a, 10:23

Luke Uribe-Etxebarria Apalategi   
EAJ-PNVko hautagaia Asteasun
49 urte. Beasaindarra, Asteasun bizi da. Informazio zientzietan, Europar zuzenbidean diplomatua eta enpresen kudeaketan masterdura. Informazio zientzietan, zuzenbidean eta enpresen kudeaketan aditua.

Asteasuko Udaleko zinegotzi gisa, azken legealdiaren zein irakurketa egiten duzu?
Lehendabiziko hausnarketa geure buruari begira egiten dugu. Zentzu horretan, eraikitzaileak izan garela esango nuke eta horrela jarraitzeko asmoa dugu, gauzak aurrera eramateko modu eraginkorrena eta positiboena baita. Eraikitzaileak izan garela diot, oposizio zentzuduna egin dugulako: ondo ikusi ditugun gauzak babestu egin ditugu eta gaizki ikusi ditugunak ez.
Azken lau urte hauetan zehar, ekarpenak egiteaz gain, hainbat proiektu babestu ditugu. Esate baterako, Udalaren egonkortasun finantzarioa, etxebizitza berrien proiektua, larrialdiko laguntzak mantendu ditugu, herriko bizitza soziokulturala osatzen duten eragileei babesa eman diegu edota plaza inguruko errepidea konpondu dugu gure emendakin eta proposamenei esker…
Hala eta guztiz ere, aurrera atera ez diren hainbat proiektu babestu ditugu. Horietan aipagarriena zuntz optikoarena da; gure ustez, herri txiki batean bizitzeak ez baitu esan nahi baliabide digitalen arloan kaltetuak izan behar dugunik. Horrez gain, plaza oinezkoentzat jartzea ere aldarrikatu izan dugu,  baina ez da aurrera atera.
Dena den, legealdi honek alde txarrak ere eduki ditu. Ez da gardentasunez jokatu; ez gaituztelako benetako zinegotzi bezala tratatu eta informazio asko buzoitik jaso dugulako. Ez zaigu jarrera zuzena denik iruditzen. Gainera, herriak antolatzen dituen hainbat ekimenetan ez digute jaramonik egin. Hala, herriaren bizitza monopolizatu dutela uste dugu. Faboritismoa ere egon da, izan ere, alkatea lanaldi osoz egoteaz gain, zinegotzi bat lanaldi erdiz aritu da; horrelako herri txiki batean ezinezkoa. Jarrera hau ez da inondik inora justifikatzen eta legealdian zehar salatu izan dugu, boterearen neurrigabekeria dela argudiatuz.

Herrira begiratuta, zein hutsune ditu eta zein neurri hartuko zenuke?
Gure konpromiso garbia azaltzen dugu gardentasunaren alde, zin egiten dugu diruaren eta aurrekontuaren kudeaketa arduratsua egingo dugula, parte hartzearen araua sortuko dugu, etikan oinarritutako politika gardena eginez.  
Alde batetik, zuntz optikoa jarri nahiko genuke. Nahiz eta Asteasu herri txikia izan, herritarrok eskubidea eta beharra dugu teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideak erabiltzeko. Bestetik, plaza partzialki oinezkoentzat egin nahi dugu. Badakigu plaza ondoko errepideari irtenbide bat eman behar zaiola, baina hori ere egingo dugu. Horrez gain, oso kezkatuta gaude gazteen etorkizunarekin. Horregatik, etorkizuneko enplegurako orientazioaren inguruko hitzaldiak proposatuko ditugu. Oso garrantzitsua da Lanbide Heziketara edo unibertsitatera doazen gazteek aukerak aztertu eta erabakiak ondo hartzea. Ez dagokigu gurasoen edo hezkuntza sistemaren paperak hartzea eta ordezkatzea, gehigarri izatea baizik.  
Bestalde, dudarik gabe, Asteasuk hutsune eta ahulezia handia du zaborren alorrean. Orain arte asko inprobisatu da, erabakiak ondorioak aztertu gabe hartu baitira. Guk, ordea, jendearentzat sistema eroso, garbi eta sostengarria proposatu nahi dugu: auzo konpostajearekin bateragarria ikusten dugu bosgarren edukiontzia jartzea. Eredu bezala Tolosa edota Elgeta ditugu: auzo konpostajea bai, bosgarren edukiontzia ere bai.
Azkenik, eragile soziokultural eta kiroleko talde guztiei babesa eskainiko diegu. Horrela, genero berdintasunaren alde ere elkarlanean jarraituko dugu.

Herritarrei mezurik?
Gure hautagaitza taldea zabala eta anitza da. Asteasuar guztiei bizitza atseginagoa egiteko konpromisoa hartzen dugu. Gainera, herritarrei gure proiektua oso zabala dela eta denen zerbitzurako egongo garela esango nieke.

Gertutik

  • Zaletasuna: Kirola, gastronomia eta musika.
  • Liburua: Horrenbeste irakurtzen dut egunean zehar… Dena den, nobelei dagokienez, thrillerrak gustatzen zaizkit. Esate baterako, 2009an sortu zen “La décima sinfonía”. Oso polita da, izan ere, istorioan zehar, Beethovenek bere 10. sinfonia konposatu zuen ala ez aurkitu behar da.
  • Musika taldea: Asko daude, baina hemengo bat esatekotan Ken Zazpi.
  • Pertsonaia: Aita Larramendi.
  • Herrialdea: Euskal Herria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!